argia.eus
INPRIMATU
Haginka, zureak egin arte
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2023ko martxoaren 15
'Basoaren ilunean dantza' | Bazka | Filferro - Stop Control, 2022
'Basoaren ilunean dantza' | Bazka | Filferro - Stop Control, 2022

Bizi ditugun garaiok gero eta gehiago daukate muturrekotik, basakeriatik eta gupidagabetik. Mad Max-en kontatzen zituztenak gero eta hurbilago ikusten ditugu. Boteretsuak, gutxi batzuk, irla fortifikatuetan, aberastasun guztiak ari dira pilatzen. Klase ertaina desagertzen ari da. Eta gehiengo gero eta handiagoa osatzen duen periferia erraldoia boteretsuen kontra altxatu beharrean elkarri mokoka –engainatuta- bizirauteko ahaleginean. Eta hau guztia gutxiengo boteretsu horren bozgorailuek kontatuta –eta sinetsita–.
Bada ordua historia idazteko gupidagabe horien bazka garenok, eta ez dezaten haiek guri buru idatzi. Estricalla taldeko lau kidek (Hodei, Txomin, Erik eta Fer Apoa), kasu honetan Noise Hole, Dut, Kuraia eta Berri Txarrak taldeetan aritutako Galder Izagirre bateria jotzaileak lagunduta sortu eta gorpuztu dute ehizatuak direnen ahotik kontakizun gordin hau.

Galder eta Fer talde berean batuta irudikatzeak sortu zuen zenbaiten artean nolabaiteko Kuraiaren oroitzapena eta nostalgia. Baina lan luze honetan aurki dezakegunak ez du zerikusirik Kuraiaren urgentziazko rockarekin, eta ez, ez dago Joseba Ponce. Giro apokaliptiko eta sonoritate pisutsuetan murgildu dira Bazkan. Hardcore (nola ez!), post-hardcore eta metalaren arteko mugatan daude kantu gehienak, Relapse eta AmRep diskoetxeetako taldeen sintonian, nahiz eta amildegi horretan Fer Apoak ahalegin sutsua egiten duen berezkoak diren melodiek bere lekua hartzeko.

Kantu askoren sonorizazioa pisutsu eta grabea da erabat, bestelako afinazioekin jolastuz; eta haien zuzenekoa ,energia eta irmotasun ikuskizuna. Basati-ya-k hardcore azkar eta metal ilunenarekin egiten du dantza. Bhiena da hardcore-punk garratza. Arima bako erritmo ia tribalak dituen hardcore-rock kiribildua. Zau-biak espiralera amiltzen den hardcore-metal pisutsua. Idi bihotz eta Balea eta izotza hit-ak dira, beteak, eta itsatsita gelditzen zaizkizu orbainean. Oreinak burrundara gabeko pisua da. Xaguxar hardcore-punkari buelta eta erdi. Eta Beletxuria post-hardcore-noise ariketa obsesiboa.