argia.eus
INPRIMATU
Francisco Carmona. Hileko mingarriak tabu.
“Endometriosia normalizatzeak emakume askori eragiten dien sufrimendua bukatzeko, ezagutzera eman beharra dago”
  • Bartzelonako Clínic ospitaleko Ginekologia eta Obstetrizia saileko arduraduna eta Society of Endometriosis and Uterine Disorders elkarteko presidentea da Francisco Carmona (Jaen, Espainia, 1959). 2021ean Endometriosis. La guía para entender qué es y cómo cuidarte (Endometriosia. Ezagutzarako eta zaintzarako gida bat, Grijalbo argitaletxea) liburua argitaratu zuen.

Saioa Baleztena @Saioabaleztena 2023ko martxoaren 15a
"Emakumeak ohituta daude aditzera sintomak imajinatu egiten dituztela edo ez direla hainbesterako". (Argazkia: Dani Codina)

Martxoaren 15a Endometriosiaren Nazioarteko Eguna da. Zer da zehazki gaixotasun hau?
Jatorri ezezaguna duen gaixotasun kronikoa da. Funtsean, nolabait ulertzeko, endometriosia duten gaixoei endometrioa bere tokitik kanpo hazten zaie. Umetokia estaltzen duen mukosa bat da endometrioa, eta hori umetokitik kanpo dagoenean inflamazioa eta itsaspenak eragiten ditu. Mingarria da.

Hilekoan zehar min izatea barneratuta dugu, baina endometriosia zenbateraino da ohikoa eta kezkagarria?
Hilekoak ez luke ondoez arina baino eragozpen gehiagorik eragin behar, eta medikuren batek kontrakoa erraten badu profesionalez aldatu beharra dago, ahalik eta agudoen. Adibide bat jarriko dut: 0tik 10erako eskala batean, 0 min guttiena eta 10 gehiena izanik, 3tik goiti dagoen guztia aztertu eta esploratu beharko litzateke, zergatia jakin eta tratamendua bilatzeko.

Espainiako Estatuan ugaltzeko adinean dauden hamar emakumetik batek pairatzen du. Datuen arabera, endometriosa duten emakumeak gehiago dira diabetesa edo asma dutenak baino. Ezezaguna izaten jarraitzen du, ordea. Zergatik?
Hilekoaz solastatzea tabua bada, hileko mingarriaz solastatzea are gehiago. Baina endometriosiaren tabua haustea funtsezkoa da, modu bakarra delako hainbertze emakumeren bizitzan eragiten duen talka murrizteko.

Zeintzuk dira endometriosiaren sintomak?
Bi azpimarratuko nituzke. Batetik, mina. Gaixotasuna duten ia pertsona denek pairatzen dute: hasieran, hilekoaren gisakoa izan ohi da; baina, gerora, bortitzagoa bilakatzen da eta denboran ere luzatzen da hilekoaz haratago, hala nola, obulazioan eta harreman sexualak izatean kroniko bilakatu arte. Bertze sintoma ohikoa da gaixotasuna duten hamarretik ia lauk haurdun gelditzeko zailtasunak dituela.

(Argazkia: Dani Codina)

Osasun mentalean eraginik izaten du?
Noski. Kontua da, denbora luzez gaixotasuna duten emakume anitzen sintomak normalizatu eta ezeztatu egiten direla. Ohituta daude aditzera sintomak imajinatu egiten dituztela edo ez direla hainbertzerako. Ezin dugu ahantzi sintomak agertzen direnetik diagnostikoa egiten den arte batez bertze hamar urte pasatzen direla. Larria da, eta, noski, horrek guztiak antsietatea, depresioa eta bertzelako hainbat kalte eragiten ditu osasun mentalean.

Zergatik da garrantzitsua gaixotasuna goiz atzematea?
Modu bakarra delako emakumeak behar duen tratamendua garaiz abiatu eta gaixotasunaren bidea aldatzeko. Detekzio goiztiarrari esker, itsaspenak, bertze organoetan kalteak sortzea edo ugalkortasun arazoak eta minaren kronifikazioa ekidin daitezke. Funtsean, emakumeen bizimodua hobetzea lortuko genuke.

Zentzu horretan, endometriosia duen emakume askok salatzen dute emakume izateagatik ahantzita daudela osasun sisteman.
Osasun sisteman nagusi den genero joeraren adibide argia da endometriosia. Gaixotasunaren zergatiak, seguruenik, sozialak ere badira. Eta, noski, gizartean nagusi den begirada androzentristak eragin zuzena du: medikuok gizartearen parte garen heinean, gabezia berdinak ditugu.

Osasun mentala tabua bada, emakumeena are gehiago. Osasun sistema publikoak endometriosia duten emakume horien beharrak ongi zaintzen ditu?
Inola ere ez. Emakumeen osasun mentalaren arreta eskasa eta guttiegia da. Ez daude behar bezala prestatuko profesional asko, eta ez dago babesik.

Eta zein izaten da endometrioa pairatzen duten gaixoentzako tratamendua?
Ez dago tratamendu sendagarririk, hori hala da, baina tratamendu hormonal eta kirurgikoen erabilera egokiak laguntzen du, esaterako ugalketa laguntzarako teknikak praktikatuz eta bizitza estiloan hainbat aldaketa eginez. Horrela lortu daiteke gaixotasuna duten emakumeek bizitza normala eta zorionekoa izatea. Baina horretarako funtsezkoa da emakume bakoitzaren beharretara egokitutako bide-orri bat egitea. 

"Funtsezkoa da emakume bakoitzaren beharretara egokitutako bide-orri bat egitea"

Abortuaren Lege berriarekin, hileko mingarriak dituzten langileek hiru eguneko gaixoaldirako baimen eskubidea izango dute aurrerantzean. Zer deritzozu?
Neurri aproposa iruditzen zait, zalantzarik gabe, baina guttiegi da. Endometriosiari dagokionez ez dira lan bajak bakarrik behar: gaixotasunaren zergatiak ezagutzeko ahalegina egitea ezinbertzekoa da, baita konponbide egokia aurkitzea ere. Ikerkuntza ezinbertzekoa da tratamendu sendagarriak aurkitu ahal izateko.

Zein da premiaz ekiteko endometriosiak duen erronkarik garrantzitsuena?
Medikuntzaren begiradatik detekzio goiztiarra, batetik; eta gaixotasuna nondik datorren ezagutu ahal izatea tratamendu sendagarriak aurkitzeko, bestetik. Baina gizartean ere erronka garrantzitsuak daude: endometriosia ezagutzera eman beharra dago, normalizazioak emakume anitzei eragiten dien sufrimendua bukatzeko.

Endometriosian aditua

"Ezinhobeki gogoratzen dut endometriosiarekin artatu nuen lehendabiziko emakumea, 1996. urtea zela uste dut: endometriosi sakona zuen eta nire zerbitzuko medikuek ebakuntza egin zioten. Bi urte geroago Ginekologia Orokorreko anbulatorioan nintzela, berriz egin nion kontrol bisita. Ebakuntza egin zioten arren, berdin zegoen. Bere kasuak gaixotasunarekiko interesa piztu zidan. Orduz geroztik saiatu naiz ahalik eta emakume gehienengana iristen, gaixotasunari buruzko informazioa eta behar dituzten erantzunak emateko. Horregatik erabaki nuen 2021ean liburua idaztea: modu errazean azaldu nahi nuen gaixotasunaren inguruan jasota neukan informazio guztia".