argia.eus
INPRIMATU
Zilarrezkoak omen
Irati Labaien Egiguren @iratilabaien 2023ko martxoaren 07a

Boomer belaunaldi deritzonak populazioaren piramidea buruz behera jarriko duela diote aurreikuspenek. Bizi-itxaropenaren luzapena dela eta, 1949-1968 urteen artean izandako jaiotza-tasa altuek piramidearen goialdea borobilduko omen dute datozen urteotan. Duela hilabete inguru argitaratu zuen Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Munduko Txosten Soziala. Dokumentu horrek islatzen ditu inguruan ikusten dugun populazio-dinamiken errealitatea mundura estrapolatzen dituzten datuak. Ezer berririk ez. Datozen hiru hamarkadetan, besteak beste, pertsona nagusien (hots, 65 urtetik gorako lagunen) kopurua bikoiztu egingo dela dio, 2021ean 761 milioi izatetik 2050ean 1.600 milioi izateraino. Esperotako gisan, prozesu horretan lehenak izango diren eskualdeak Australia eta Zeelanda Berria, Europa eta Ipar Amerika, eta Asia ekialdea eta hego-ekialdea izango omen dira. Afrika eta Asia mendebaldean gazteen proportzioa oraindik ere handiagoa izango omen da mende honen amaieran.

Gure testuinguru hurbilean arreta jarriz gero, jakina da, aurreikuspen honek osasun edota zaintzarekin loturiko erronkak handituko dituela, besteak beste. Nolabait, espero da adineko pertsonen behar eta motibazioei eta horien familia eta zaintzaileen beharrizanei erantzuna ematera bideratutako jarduera ekonomikoen gorakada, hots, silver economy edo zilarrezko ekonomia delakoa. Hainbatek etorkizuneko eredu berri horietara egokitzeko ekintzailetzaren beharraz hitz egin ohi du. Bezero berri horien inguruko merkatu-ikerketa egokiak lortu, eta ondoren, negozio eredu berriak definitu eta martxan jartzeko. Testuinguru demografiko berriak, gizalegez, ekonomiaren eraldaketa eskatzen du, zalantzarik gabe, gure etxea eta etxekoen kudeaketaren aldaketa, alegia. Bai sektore pribatutik, bai publikotik.

Zalantza dut banketxe pribatuen lehentasunen artean ote dagoen adineko pertsonen oinarrizko eskubideen babesa

Hainbatetan, ordea, gizalegeak eta kapitalaren legeak ez dute bat egiten. Aurrez aipaturiko NBEren txostenaren arabera, populazioaren nagusitze prozesua aurreratua dagoen lurraldeetan gastu publikoaren jasangarritasunaren inguruan kezka dago, bereziki, osasunarekin eta pentsioekin erlazionaturikoen inguruan. Kurioski, pentsioekin erlazionatutako hamaika proposamenen artean, zergen bidez finantzatutako pentsio-planak sendotzearekin batera, aurrezki pribatua sustatzearen beharra ere azpimarratzen du.

Txostenetik azpimarratu nahi izan ditudan ondorioetatik bi hausnarketa datozkit burura. Lehena, gastu publikoak suposatzen duen guztitik, kezkaren fokua non dagoen ikustea, beste behin ere. Pentsioen afera, ez da inoiz gainerako gastuen gisan jorratzen, eta bere jasangarritasunaren inguruko zalantza erabat normalizatua dugu. Are gehiago, onartu egiten dugu. Eta bigarrena, gai zehatz honekiko erantzun gisa publikotik zein pribatutik etor daitezkeen alternatibak parekatzea da. Zalantza dut banketxe pribatuen lehentasunen artean ote dagoen adineko pertsonen oinarrizko eskubideen babesa. Babes hori merkatu finantzarioaren menpe uztea arriskutsua izan daiteke.

Juan Torres ekonomialariak dioen moduan, merkatua bera da gehienetan aberatsen eta txiroen arteko desparekotasunak handitzearen arduradun. Miren Etxezarreta ekonomialariak ere argi azaltzen duen moduan, pentsioek gainerako eskubide sozialen parekoak izan beharko lukete, eta herrialdeko aurrekontuek bere egin. Nik ez dut zalantzarik: hainbatetan gizarte honek bezero, gastu, oztopo edota ezindu moduan tratatu izan duen boomer belaunaldia, zaintzaile, finantza sostengu, isileko langile eta egun ditugun eskubideen lorpenen garaile da. Ez darama zilarrezko domina zintzilik, urrezkoa baizik.