Nire inguruan lodiak daude. Ni ez naiz bat. Lagun lodiak ditut (barre algarak). Eta ziur nago nire inguruko lodietako batzuen arazo nagusia horixe bera dela. Ez, ez, ez lodiak izatea. Ni beren laguna izatea baizik. Ni eta ez-lodi gehiago. Isilik egoten ez dakigunak. Eta HORRI buruz hitz egin egiten diegu, eta esaten diegunak ia beti eskatzen du zerbait beren partetik. Dieta bat ez bada, ezdakitzeri aurre egiteko indarra, edo guk ere eduki ditugun konplejoen zerrenda entzutea. Denok gara lodiak (berriro barreren bat). Gure intentzioa ona da, ona da estuasunak azkar pasatzea beti delako ona, alegia, horretara jarrita egoten dela gure asmoa.
“Loditasuna politizatzeko premia” azpimarratu zuten Lodifobiaren aurkako egunean. Eta sorpresaz harrapatu nau loditasun-tasek klasearekin duten loturari buruz irakurtzen. Arbuiatzen dugun edozerk dauka zerikusia klasearekin, dirudienez. Nahiko frogatuta dago, komeni da gogoan izatea, baina, eta, nahiko eroso ere uzten gaitu, ez? Eta kasu honetan ere, nahiko garbi dago, klasearenak ez duela arbuio guztia azaltzen. Goya sarietako glamourrera ere irristatu zen gordofobia, emakume baten gainera: etxetik eder atera zena, alfonbran biluztu zuten, erridikulu egin zuten. Kamera ofizialen planoan sartzea zer amildegi izan daitekeen.
Emakumeak ziren lodifobiaren aurkako martxaren argazkietan ikusten zirenak. Martxoaren 8a badator, badoa… iraultza txikiz kargatuta. Eta horietako batzuek, ez-lodioi, entzutea eskatzen digute. Lagun hobeak izateko besterik ez bada. Eta entzun nahi ez bazenu, isildu behintzat.