argia.eus
INPRIMATU
Izualdia
Katixa Dolhare-Zaldunbide 2023ko martxoaren 07a

Joan den astean, berri izugarria hedatu da hedabide guzietan: Donibane Lohizuneko Tomas Akinokoa lizeo ospetsuko ikasle batek bere gaztelerako irakaslea hil du ganibeta kolpe batez, arrazoirik gabe. Ikasle hori, dakigunez, hezkuntzaz axola duen familiatik dator, beharretan ez den jendartetik, eskola-emaitza onak ditu, eta ez omen zuen sekula hitzik izan irakasle horrekin; nehoiz ez zuen arrangura berezirik sortu bere inguruan, ordu arte. Jakin denaren arabera, bozak entzun dituzke bere baitan, eta haiei gaina ezin harturik, klasean zelarik, bat-batean zutitu eta deus ez erran gabe, irakaslearengana hurbildu da eta labana toraxean sartu dio.

Gertakari ikaragarri hori denetan zabaldu dute tokiko eta Frantziako berriketariek, eta azkarki jo ditu Iparraldeko irakasle-ikasleak; nola ez? Ezerk ez zukeen pentsaraziko horrelakorik gerta zitekeenik, ez ikaslearen profil sozialak, ez ikastetxearen giro lasaiak. Biharamunean, beraz, erailketa basa hori baizik ez zen aipagai irakasle geletan eta klaseetan, aspalditik hor dagoen gaizki izatea areagotuz. Alabaina, jestu hark, eta ondotik irakasle eta ikasle arteko solasek, argiki erakutsi dute gazteria psikologikoki gaizki dela, eta sistema eskolarrean ez dezakeela laguntzarik atzeman, baliabide eskasengatik.

Egunero, hedabideek katastrofe etsigarriak burrustan isurtzen dizkigute burutik beheiti, etengabe errepikatuz: geldiezineko aldaketa klimatikoa, miseria eta barbaria erakarriko dituena; gerla; jende xehearen pobretzea... Horrez gain, etxeko kezkak eta burasoen estresa jasaten dute, eta eskolan, etengabe presiopean dabiltza. Aipatu gabe COVID-19 eta etxe-zokoratze garai latzaren ondorio moral eta afektiboak, orain agertzen ari direnak, bereziki nerabeengan. Ez da harritzekoa gazte anitzek ez badu bere burua etorkizun hurbilean ere proiektatzen ahal, ez badio lanari eta elkar bizitzari zentzurik ematen, ez bada manera orekatuan zohitzen, gogotik zozotzen bada kontsumerismoan eta hutsalkerietan, pozoi erreal zein birtualen hautua egiten badu, eta gehiegikerietara lerratzen bada.

Ez da harritzekoa gazte anitzek ez badu bere burua etorkizun hurbilean ere proiektatzen ahal, eta gehiegikerietara lerratzen bada

Irakasleek ahal dutena egiten dute gazteen hezteko, entzuteko, laguntzeko. Baina ahalbiderik ez dute, eta izu orokorrak irensten ditu beren ekintza entseguak.

Berriki segitu dut formakuntza akademiko bat, irakasle gisa. Edukia interesgarria zen, baina ikastaldiaren abiapuntua desesperagarria iruditu zait: zailtasunetan diren ikasleak gero eta gehiago ditugu; zailtasun horiek gero eta handiagoak dira; gobernuak prestatzen digun erreforma berriaren ondorioz, ahalmen urriko ikasleak besteekin nahasiak izanen ditugu klasean, irakasleok formakuntza berezirik erdietsi gabe, eta laguntzailerik gabe; buraso frankok mespretxatzen du gure lana; ikasleek ez dute gehiago indarrik egiteko gogorik; ondorioz, nola transmititu jakitate apur bat, nola hezi gazteria eta zer irakatsi?

Irakasle zoriontsu batek mundua alda lezake, dio liburu baten izenburuak (Thich Nhat Hanh, Katherine Weare, Belfond, 2018). Bizkitartean, badirudi mundua okertzen ari dela. Pentsatzekoa da ez dela irakasle uros anitzik, edo erranaldia gezurrezkoa dela.

Bizkitartean, munduan ez bada, bere klaseko gazteriarengan eragin dezake irakasleak; baina irakasleak ez ezik, aitak eta amak ere bai; eta inguruko profesionalek; eta herrikideek. Elkarren arteko sostenguan aurki dezakegu aterabidea, menturaz, eta ez bakarka; elkarri konfiantza eginez eta izua gure bihotza bihurdikatzera utzi gabe.