argia.eus
INPRIMATU
Ez aitua egin!
IƱaki Murua 2023ko martxoaren 07a

Makina bat bileratan izan dut eta, seguru asko, zuek ere bai, egun zelebrea dugulako irudipena. Guk esandakoa inork ez du aintzat hartzen, eta esan dugun hori bera beste batek –guk baino pisu handiagoko arrazoiak bota ohi dituenak– gure hitz berberak erabiliz esan, eta nola arrainak amuari halaxe heltzen dio mundu guztiak. Autoestimua hankapera doakigu eta gehienok, tristeziaren menpe, burumakur amaitzen dugu eguna edo jarduna edo dena delakoa. Zergatik du hark halako itzala eta nik hain eskasa? Komunikazio gaitasun dohatsuagoa daukalako ala, liderra izanik, berak dioenari aurka egitea ez delako ongi ikusten?

Gazteago ginenean, etxean honela esaten zitzaigun: “Besteen moduan ibili zu ere edo ez ibili besterik ez bezala!”. Desberdinari beldur diogu, baina denok amen-amen egiteari izua izan behar genioke. Arrazoiak bota eta behin eta berriz berriak sortzen ari den hari, gaztetatik ekin eta entrenatzen, egurrean dabilenari, ez aitua egitea ez zaio komeni gure gizarteari. Bai, badakigu ez dela batere erosoa taldean, koadrilan, gelan… baina zentzuz ari dena bada, aitu soilik ez, entzun ere egitea komeni zaigu.

Arrazoiak bota eta behin eta berriz berriak sortzen ari den hari ez aitua egitea ez zaio komeni gure gizarteari

Uste dut, ordea, gizarteak ez daramala bide egokia aitu eta entzun kontuetan. Interesak ditu gure bizitzen hariak mugitzen ari denak eta teknologia eskura merke edo doan jarri digunak. Oporretan ere gurasoak segapotoari beha, eta seme-alabarik badute inguruan, baita haiek ere. Gero zentzuzkoak izatea nahi dugu, arrazoia lantzen dutenak, baina ontzi hutsak izateko entrenatzen ditugu, zenbat eta hutsago ontzia, orduan eta ozenago adierazten du ezereza. Ontzi hutsa maldan behera bueltaka botatzen dugunean bezala, zarata galanta, besterik ezer ez!

Nire ustez, ondorio latzak ekarriko dizkigu honek, luze gabe, gainera. Maiatzean hauteskundeak eta udalak zain baina zerrendan zein? Auzolana nork egingo du, Eusko Jaurlaritzak, "Euskadi auzolana" medioetan errepikatuz? Zenbat lanpostu sortuko dira pertsonentzat eta zenbat robotentzat? Zenbat pertsona robotizatuko ditugu? Makinak eta robotak lanean jartzea ondo iruditzen zait, baina zertan eta nork erabiliko ditu etekinak? Gazteak izango al du bizipozik, tratu duinik, nork entzunik, ala ez aitua egiten segi behar dugu? Eta indarra duenean boterea eskuratzen badu deskuiduan, Turkiako lurrikararen antzekoa mundu osoak jasango al du? Zenbat Kroazia eta Errusia izango dira etorkizunean...