Lekeitio eta Ondarroa, 1623ko martxoaren 11. Bi herrietako arrantzale kofradiek hitzarmena sinatu zuten biek batera harrapatutako balea elkarren artean banatzeko.
Euskal kostaldeko herrien arteko tirabirak oso ohikoak ziren, baina tarteka, geroz eta maizago, herriek bat egiten zuten, baleak errazago harrapatzeko eta etekinak, zatituta bazen ere, lortzeko. Izan ere, duela 400 urte gauzak aldatzen ari ziren: euskal arrantzaleak, mendetan balea-arrantzan nagusi eta aitzindari izan ondoren, nagusitasun hura galtzen ari ziren, ingeles eta herbeheretar arrantzaleen mesedetan bereziki. Arerioa ez zegoen aldameneko herrian, atzerrian baizik.
Hurrengo mendearen hasieran, 1713ko Utretcheko Itunean, Ternuan aritzeko eskubide guztiak galdu zituzten euskaldunek. Artean, ehizatutako balea kopuruak etengabe gora egin arren, balea populazioak eta zehazki eubalaena glacialis edo euskal balearena, ez zeuden arriskuan. XIX. mendean industrializazioak bultzatuko zituen galbidera. Batetik, bapore ontziak eta, bereziki, harpoi mekanikoak asko erraztu zuten baleak ehizatzea. Baina, nagusiki, industria jaioberrien eskaerak eragin zuen triskantzarik handiena, makina askok balea-olioa behar baitzuten funtzionatzeko. Industrializazioaren motore nagusietakoa izan zen trenak hil zituen balea gehien; balea-olioari tren-olioa ere esaten zion zenbaitek.
Arrantzaren eraginez, geroz eta balea gutxiago hurbiltzen zen Bizkaiko golkora ala euskal baleazaleek geroz eta gehiago harrapatu nahi zituzten?
Ordurako euskal arrantzaleak jardueratik kanpo zeudenez, baleen suntsipenean erantzukizun zuzenik ez zutela izan pentsa daiteke.
Antzinaroan hasi ziren gizakiak baleak ustiatzen, hondartutako baleak aprobetxatzen eta kostaldera hurbiltzen zirenak ehizatzen. Euskaldunak ere hala hasi ziren, baina XIV. eta XV. mendeetan geroz eta urrutiago joan behar izan zuten haien bila. Zaila da garai hartako balea populazioak eta harrapatutako balea kopurua kalkulatzen. Arrantzaren eraginez, geroz eta balea gutxiago hurbiltzen zen Bizkaiko golkora ala euskal baleazaleek geroz eta gehiago harrapatu nahi zituzten? Ordura arte baleak barne kontsumorako harrapatu ohi zituzten, baina euskaldunak balea-produktuen merkataritza haratago eraman zuten. Etekin handiak lortuz, balea-industria jarri zuten abian.
Hortaz, hildako balea kopuruagatik baino ezarri zuten negozio kulturagatik dira erantzule euskal baleazaleak. Beste batzuek jarriko zituzten baleak desagertzeko arrisku larrian, baina euskaldunek eman zizkieten horretarako tresnak.