argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Bitartekoan dauden arazoak
Diana Franco Eguren 2023ko martxoaren 01a

Beharbada noizbait irakurri duzu Marshal McLuhan-en “bitartekoa mezua da” esaldia. Honekin McLuhan jaunak esaten zuen mezua txertatzen den bitartekoa mezuaren parte bilakatzen dela. Bitartekoarekin jada mezua ulertzen dela. Teknologiarekin antzeko fenomenoa dugu, dugun teknologia dugun gizartearen isla baita.

Gizakion arteko interakzioak modu ezberdinetan ematen dira, pertsonek duten izaera eta izan dituzten aukeren eta bizipenen araberakoak. Pertsonen arteko interakzioak onuragarriak dira gehienetan, eta sorkuntzarako, elkarlanerako eta elkartasunerako iturri amaigabea. Baina zenbaitetan, bortizkeria, bazterkeria eta mendekotasuna dakartzate. Teknologiekin interakzio hauek bitartekatzen joan gara azken hamarkadetan, eta pertsonen arteko interakzioek dakartzaten onurak eta arazoak teknologiekin modu berrietan eman daitezkeela ikasi dugu. Horrela, harremanen digitalizazioak bortizkeriaren digitalizazioa ekarri du, kontsumoaren digitalizazioak mendekotasunen digitalizazioa, eta prozesuen digitalizazioak bazterkeria areagotu du. Arazo zaharrak bitarteko berrietan.

McLuhanen esaldia berreskuratuz, “bitartekoa mezua da” hitzek adierazten digute bitartekoan eragin dezakegula, hau da, bitartekoak baduela sortzen diren arazoetan zer esana, eta bitartekoan eragiteak zenbait arazo zuzentzea ekar dezakeela. Adibidez, sare sozialen diseinuak eta algoritmia zuzendu daitezke mendekotasuna eta bortizkeria euren baitan gutxitzeko. Bitartekoak sortzen dituen arazoak zuzentzen ikas dezakegu. Ikasiko al dugu, ordea, hasieratik arazoak erreproduzituko ez dituzten teknologiak sortzen?