Prezioak igo direlako, “dena igo da”, horregatik gogoratzen gara gerraz. Ez du ematen, beraz, gu gerran gaudenik. Baina denok sentitzen dugu gero eta gertuago, hori pentsatzeko hitzak ematen baitzaizkigu: “Mundu Gerra”, “arma nuklearrak”… eta agintari ero bat. Gerraren mehatxua han exotiko hotz batean kokatu dugu, handik iritsiko zaigu, beraz, gizon bakar baten delirioen erruz. Konponbideak erraza dirudi, gizon hori gelditu behar dugu; baina, lasai, gure partez egingo baitute gerra, sos batzuen truke, armagintzak behar dituenak. Nor ez dago prest sos horiek emateko?
“Zer dio Errusiako propagandak Ukrainako gerrari buruz?”, “Putin, bere propagandaren biktima”, “Europar Batasunak Errusiako propaganda kolpatu nahi du, lau telebista kate kenduta”… Zertarako balio dit niri Errusiak propaganda erabiltzen duela jakiteak? Propaganda hori ez zait iristen, ez dago ni irensteko arriskurik. Ni hemengoen propagandak irentsiko nau. Erraza daukate, gehienetan, iruditeria eta manerak konpartitzen ditugu, Mendebaldekoak. Non daude herritarrei propaganda deszifratzen lagunduko dieten historialariak? Bagenekien historia ikasteak honetarako balio duela? Bagenekien zerbaitegatik desagertzen ari direla jakintza batzuk? Institutuetan ez dute Bigarren Mundu Gerrako adibiderik behar propagandaren gaia lantzeko; nola lortu dute Estatu Batuen erabaki eta interesei aurpegi errusiarra jar diezaiegun, adibidez? Propaganda deszifratzen jakingo bagenu, agian, kalean geundeke zentimo bakar bat ere, tiratxinas bakar bat ere bidal ez dadin gure moduko herritarrak hiltzeko. Manerak manera, ezin du hain zaila izan ikustea Biden eta Zelenskyren interesa ez dela ez bakea, ez demokrazia, ez justizia, ez herritar arrunten bizitza. Etsai boteretsuak ditugu, fanatiko arriskutsuak dira, baina ez daude Errusian.