argia.eus
INPRIMATU
FIAT Mussoliniren aurka
  • Turin, 1943ko martxoaren 5a. FIAT automobilgintza etxeko Mirafiori fabrikako langileek grebari ekin zioten, “ogia, bakea eta askatasuna” eskatuz.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2023ko otsailaren 27a
Benito Mussolini 1932an FIAT-en hitzaldia ematen, Giovanni Agnelli aldamenean duela.

Handik bi astera, Milango Caproni eta Pirelli enpresetako langileek bat egin zuten haiekin, eta, berehala Italiako iparralde industrializatuan 100.000tik gora ziren lan egiteari utzi ziotenak. Apirilean, Mussolini eta Bastianini Alemaniako kanpo ministro Ribbentropekin bildu ziren Salzburgon, eta esan zioten Italiak ezin izango zuela gerran jarraitu, grebak zirela eta. Arnold J. Toynbee historialariaren hitzetan, “Europa faxistan agintarien aurka langileek egindako lehen erakustaldi handia izan zen”.

Eta eragina izan zuen, gainera. Urte bereko uztailean, burgesia italiarrak Mussoliniren ordez agintean Badoglio jartzea erabaki zuen, Mussolini gabe ere faxismoari eusteko ahaleginean. Hainbat historialariren arabera, FIATeko greba Mussoliniren amaieraren hasiera izan zen. Eta ez zen kasualitatea izan mobilizazioak Mirafiorin piztea. Toynbeek berak zioenez, faxismoak boterea lortu zuenean ere “erresistentzia komunistaren gune nagusia FIATen Turingo fabrika izan zen". Fabrikako langileez ari zen, jakina, enpresaburuak beste muturrean baitzeuden: artikulu hau laguntzen duen 1932ko argazkian Mussoliniren alboan ageri dena Giovanni Agnelli da, FIATeko sortzaileetako bat, lehen presidentea eta alderdi faxistako kidea.

Duela 80 urtekoa ez zen FIATen lehen greba izan; esaterako, 1920an Piemonte osora zabalduko zen greba Turingo fabrikan abiatu zen. Eta ez zen azkena izango

Duela 80 urtekoa ez zen FIATen lehen greba izan; esaterako, 1920an Piemonte osora zabalduko zen greba Turingo fabrikan abiatu zen. Eta ez zen azkena izango; 1940ko hamarkada osoan mobilizazioen abiapuntua izan zen, 1962an langile baten kaleratzeak lanuztea eragingo zuen berriro… Eta 1980an inflexio puntua iritsi zen: 35 eguneko grebaren ondoren, FIATeko buruzagiek 40.000 langilek haiekin bat egitea lortu zuten eta, martxa antisindikal baten bidez, desafioa irabazi zuten.

FIATeko azken greba ezaguna 2018an izan zen, Turingo Juventus futbol taldeak Cristiano Ronaldo fitxatzea erabaki zuenean (Agnelli familia, FIATi eta faxismoari estuki lotuta egoteaz gain, Juventusen jabe baita 1923tik). FIATen murrizketak eta kaleratzeak egiten zituzten bitartean, futbolariaren fitxaketan eta soldatan 300 milioi euro xahutzea salatu zuten. Greba uztailaren 15ean hasi zen Melfiko plantan, baina handik bi egunera bertan behera utzi zuten, jarraipen eskasa zela eta. 75 urte lehenago Mussolini gogor kolpatzea lortu zutenen oinordekoak ez ziren futbolaren diktaduraren aurka egiteko gai izan.