“Margotzen dudanak animaliak jateko dugun pribilegioari egiten dio eraso”

  • Komunikatzeko eta abstraitzeko erabili ohi ditu akuarelak Beatriz González margolariak eta militante antiespezistak (Galdakao, 1996). Hasieran ez zekien ongi zer margotu nahi zuen, ikusten zuena kopiatzen zuelako, baina azken urteetan animalien kontrako zapalkuntza salatzeko erabiltzen du artea: “Animalia existentziaren miseria ikustean animalien askapenaren alde margotu nahi nuela sentitu nuen”.

“Ez ditut txerritxoak alai margotzen, oihu egiten eta begirada konkretu batekin margotzen ditut”. (Argazkia: Hodei Torres)
“Ez ditut txerritxoak alai margotzen, oihu egiten eta begirada konkretu batekin margotzen ditut”. (Argazkia: Hodei Torres)

Nolatan hasi zinen margotzen?
Ez dakit oso ongi noiz hasi nintzen, baina txikitatik gustuko izan dut margotzea. Oso barnerakoia eta lotsatia nintzen lehen: margolaritza ihesbide bat izateaz gain, nahi nuena egiteko espazio seguru bat zen niretzat. Margotzen aske sentitzen nintzenez nahiago nuen gutxi sozializatu eta etxean margotzen geratu.

Zer margotzen zenuen?
Gehienetan, gustuko nituen gauzak. Baina duela sei edo zazpi urte modu akademikoan ikasten hasi nintzen, eta gehiago zentratu nintzen teknikan, koloreen kalitatean… Egiten nuena zen ikusten nituen gauzen kopia hutsak. Helburua zen nire obra sortzeko tresnak garatzea. 

Zerk eraman zintuen animalien askapena aldarrikatzeko margolanak egitera?
Kopiatzen nituen gauzek ez nindutenez asetzen, beste erabilera bat bilatzen hasi nintzen. Niretzat onuragarria izateaz gain, besteentzat ere onuragarria den artea sortu nahi nuen. Itxialdian asko hausnartu nuen horren inguruan, erreskatatutako animalia askorekin bizi nintzelako Arabako mendi batean. Animalia horien existentziaren miseria ikustean animalien askapenaren alde margotu nahi nuela sentitu nuen. Aktibista izan eta militantzia egiteko modu asko daude, eta erabaki nuen artearen bidez oihu egitea eta nire borroka antiespezismoan oinarritzea.

"Ikusi dut jendearekin hitz egiteak nazkatu egiten nauela, eta nahiago dut zerbait margotu eta koadroei hitz eginarazi"

Uste duzu militante antiespezista izateak eragina duela zure margolanetan?
Noski. Duela sei urte utzi nion animaliak kontsumitzeari, eta oso bakarrik sentitzen nintzenez talde antiespezistetan sartzen hasi nintzen. Hasieran Piztiak taldean egon nintzen, eta aktibismo mota asko egin nituen: mahai informatiboak, performanceak plazetan eta ekintza zuzenak, besteak beste. Gasteizko Oihu taldean nengoenean artearekin lotura zuzena zeukaten ekintzak gertuagotik ezagutu nituen. Gainera, nolabait ere ikusi dut jendearekin hitz egiteak nazkatu egiten nauela, eta nahiago dudala zerbait margotu eta koadroei hitz eginarazi.

Horregatik esaten duzu artea erabiltzen duzula oihu egiteko tresna gisa?
Nire koadroen mezua ez da bereziki lasaia; gogorra eta asaldatzailea da. Koadro askok hitz egin dezakete, baina zenbatek egiten dute oihu? Koadro batek oihu egiten duenean igartzen da; kaletik zoazenean espero ez duzun oihu bat entzuten duzunean bezala da. Ez ditut txerritxoak alai margotzen, baizik eta oihu egiten eta begirada konkretu batekin margotzen ditut.

Argazkia: Hodei Torres

Unidades lanean animalien gorputz zatiak margotzen zenituen hilik; orain sortzen ari zaren margolanetan estiloa aldatu duzu. Zergatik?
Agian gehiegi oihukatzen ari nintzen. Jendeari ezinegon handia eragiten zienez beste teknika batzuk probatu nahi nituen. Orain plateretan eta katiluetan marrazten ditut animaliak, eta zerbait poetikoagoa bilatzen dut. Adibidez, txerri baten oina eta lore bat ondoan. Mezua zeharka bidaltzeko teknika da. Nire helburua da jendea hurbildu, eta gutxika mezua deszifratzea. Lehen zuzenean animalia bat hilik margotzen nuen.

Zein mezu bidali nahi duzu?
Mezu enpatiko bat. Gizakiz besteko animaliek sentitzen duten sufrimenduarekin identifikatuta sentitu eta praktikara eramatea nahi dut. Jendeari zera hori eragin; izorratu. Goazen birpentsatzera nola ikusten ditugun animaliak, zein harreman sortzen ditugun, eta horiek plater apurtu batean ikusten ditugunean zer sentitzen dugun. Interpelatzeko modu bat da. Zer dago nire platerean? Zer ari naiz jaten?

"Gizakiz besteko animaliek sentitzen duten sufrimenduarekin identifikatuta sentitu eta praktikara eraman nahi dut"

Zer lortzen duzu mezua zeharka bidalita?
Adibidez, oso gordina den Toreroen bazkaria margolanean, bi belarri, zakil bat moztuta eta ereinotza pixka bat ageri dira oso argi azalduta. Horrekin konposizio bat egin dut, eta jendearentzat buruhauste galanta da. Oso sotila denez ez dut jendea seinalatzen. Uste dut askotan seinalatzera jotzen dugula, eta hor kale egiten dugula. Errazagoa da artearen bidez mezu hori helaraztea koadro baten aurrean jendeak bestelako jarrera bat daukalako, eta entzuteko prest dagoelako.

Margotzeko euskarriak ere aldatu dituzu. Zer gehitzen dio?
Margotze ariketa horretatik distantzia hartu eta objektuei esanahia emateko modu bat da. Obra plater batean ikusten duzunean guztiz aldatzen da begirada, eta are gehiago plater hori mahai baten gainean dagoenean. Otordu bat irudikatzen da.

Zer-nolako harrera dute koadroek?
Nire obrak animaliak jateko dugun pribilegioari eraso egiten dionez, jakitun naiz toki batzuetan ez daukadala lekurik. Erakusketak egiteko leku alternatiboak bilatzen ditut; ohiko lekuetan animali eta antiespezismoaren gaia interesgarria izan arren, nirea odoltsuegia dela esaten dute. Zaila da bidea egitea, eta arteaz eta marrazteaz bizi nahi dudanez, aktibismorako sortzen ditudan margolanez gain, erretratuak, ipuinetarako ilustrazioak eta pertsianak ere margotzen ditut ditut.

Animalien askapenaren alde

Txikitatik komunikatzeko eta mundua eraldatzeko tresna gisa erabili du artea Gonzálezek; azken urteetan animalien askapenerako aldarrian jarri du arreta: “Misio bat bete behar duen beso bat naiz, eta xedea da gustuko ez ditudan errealitateak eraldatzea”. Furgonetan margotzen du, eta  horri esker toki batetik bestera eramaten ditu margolanak: “Artaxoan [Nafarroa] bizi nintzenean txerriak esplotatzen zituzten zentro mordoa zegoenez txerriek espazio handia okupatzen zuten nire buruan”. Gaur egun, Bilbo inguruan dauka aparkatuta furgoneta.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antiespezismoa
Zezenketen kontrako estrategiak Sanferminetan

Zezenketarik gabeko besten inguruan mintzatu dira zenbait eragile, Zaunk! Iruñerria antiespezista eragileak Iruñeko Laban antolaturiko 'Zezenketen bidegurutzeak' solasaldian. Alternatibak indartzearen garrantziaz, peñen erantzukizunaz eta legeak... [+]


Animalien askapena akademiatik aztertzen

Ertz askotatik landu dute antiespezismoa Animalia Ikasketa Kritikoen EHUko I. kongresuan; hala nola literatura, intersekzionalitatea, komunikabideak, zinema eta historia ikertu dituzte. Estibaliz Ania Valle Ruiz de Garibay eta Surama Lázaro Terol ikerlariek literaturari... [+]


Zein bizitza erdigunean?

Ekofeminismoak ekologismoa eta feminismoa artikulatzen dituen begirada eta borroka proposatzen ditu. Horrek irekiera interesgarria dakar, ekofeminismoaren garapenaren zati handi bat ardatz izan duena. Hala ere, irekitasun horrek erronkak eta konplexutasunak ere zabaltzen ditu,... [+]


Manifestazio antiespezista egin dute Donostian

Animalien ongizaterako lehen premisa “askatasuna” dela azpimarratu du Nor kolektibo antiespezistak.


2023-06-19 | Ilargi Manzanares
Zezenketen aurka manifestatu dira ehunka lagun Bilbon

Joan den larunbatean, ekainaren 17an, Bilbon, Animalistak kolektibo antiespezistak Azken erasoaldia lelopean antolatu zuen manifestazioa.


“Gizakiz besteko animaliak borrokatzen duten subjektu politikoak dira”

Sistema binarista zalantzan jarri, eta feminismoaren eta animalien askapenaren aldeko mugimenduaren arteko zubiez mintzo da Laura Fernández antropologo soziala: “Feminismoen barruan ditugun joera batzuk aztertzeko aukera ematen digu antiespezismoak”.


2022-11-02 | Axier Lopez
“Euskal Herriko lekurik bisitatuenetakoa kaiola bat da”

Bost urtez jarraian azaroaren 1ean kalera irten da mugimendu antiespezista. Aurten Donostiako Aquariumaren parean elkartu dira, "kaiola bat delako Euskal Herriko lekurik bisitatuenetakoa".


2022-09-07 | ARGIA
Lehen aldiz, animalien erabilerarik gabe ospatu dute Antzar Eguna Lekeition

Iaz erabaki zuen Lekeitioko Udalak Antzar Egunean antzara bizidunik ez erabiltzea, eta 300 urte baino gehiagoko ibilbidean lehen aldiz, irailaren 5 honetan erabilitako antzara guztiak plastikozkoak izan dira.


2022-02-02 | Axier Lopez
Ostiraletik aurrera ARGIAn ikusgai mugimendu antiespezistari buruzko ‘Lorratzean’ dokumentala

Animalien askapenaren aldeko mugimendu antolatuaren historiaz eta garapenaz mintzo dira hamabi ekintzaile antiespezista dokumentalean. Nor taldeak sortu du lana eta ostiralean ARGIAn izango da osorik ikusgai.


“Euskal Herriko baserrietan ere espezismoa dago”

Maialen Sagues Nor talde antiespezistako kidea da. Euskal Herriko hiltegien inguruko ikerketa abiatu zuten, eta tartean, Laudioko hiltegia ere bisitatu zuten. Ikerketan aurkitutakoaz mintzatu da.


Txerri-industriako presidentea zelakoan, ekintzaile antiespezista bat elkarrizketatu dute AEBetako Fox katean

Fox Business telebista saioko ikus-entzuleengana bestelako ahots bat heldu da abenduaren 23an. Maria Bartiromo aurkezleak uste zuen Smithfield Foods konpainia erraldoiko presidente Dennis Organ elkarrizketatzen ari zela, baina errealitatean, animalien eskubideen aldeko... [+]


2020-10-21 | Uriola.eus
‘Askapenerako bidean animaliak entzun’ lelopean manifestazioa deitu dute azaroaren 1ean Bilbon

Euskal Herriko kolektibo antiespezista ezberdinek deituta, Moyua plazatik abiatuko den mobilizazioa deitu dute datorren azaroaren 1ean 12:00etan.


Eguneraketa berriak daude