argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen energia planak ez dio errealitateari aurre egiten
  • Duela gutxi ezagutu dugu Ortzimuga 2030, Nafarroako Energia Planaren zirriborroa. Plana baieztapen batekin hasten da: azken urteetan, negutegi efektuko gas isuriak murrizteko egin diren politiken porrota. Eta datua hori izanik ere, zirriborroak hildo berari jarraitzen dio, aztertu gabe zergatik eusten zaien emisio hauei, zein sektore eta jardueretan, eta zein neurri erradikal hartu beharko liratekeen murrizteko. Aldi berean, Plan honek ez du planifikatzen. Oligopolio eta energia enpresa handiekin barkabera da, nahiz eta hauek jarraitzen duten irabazi handiak pilatzen, pobrezia energetikoa zabaltzen doan bitartean.

Sustrai Erakuntza Fundazioa 2023ko otsailaren 24a

Zirriborroa xehe irakurrita, ikusten da Plan honen ardatza dela era guztietako energia sorkuntzarako azpiegiturak sustatzea, hauek sortzen dituzten inpaktuei begiratu gabe. Planak planteatzen du indarrean den epealdiaren bukaerarako (2030) Nafarroak berriztagarrietan 2.700 MW ekoizteko gaitasuna izatea. Baina Nafarroako Gobernuak berriki jakitera eman duenez, Ingurumen sailak berriztagarrien proiektu berriei emandako baimenetan 1.400 MW baino gehiago badira. Eta gure lurraldean dagoeneko ezarrita daudenak antzerako neurria dutenez, esan daiteke 2030erako ezarritako helburua dagoeneko beteta egongo dela, gaur egun baimenduta dauden proiektuekin! Eta hori guztia, kontuan hartu gabe Espainiako Gobernuak Nafarroarako pentsatuak dituen proiektuak.

Bestalde, ikus daiteke nola Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen zirriborroak ez duen ezer planifikatzen. Dokumentu honek onespena ematen die enpresek beraiek egin duten "planifikazioari", eta ikusten dugun moduan, dagoeneko gainditu dutenari. Nafarroako Gobernuak utzi egiten die enpresei nahi dutena egiten eta berak ofizial bihurtzen du paperetan. Baimena ematen die gure mendiak eta lurrak xehetzeko haien energia azpiegiturekin, nahiz eta eragin larriak dituzten biodibertsitatean (adibidez, parke eolikoetan etengabe hegaztiak hiltzea) eta elikadura burujabetzan (labore lurretan parke fotovoltaiko handiak zabalduz).

Beraz, Nafarroako Energia Planaren zirriborroak energia ekoizpena sustatzen duten neurriak eta proposamenak soilik ditu. Badira helburu batzuk, paperaren gainean, energiaren kontsumoa gutxitzen ahaleginduko liratekeenak. Baina helburu hauek ez daude hauek lortzea ahalbidetuko luketen neurri eta ekintzez babestuta, eta beraz, paper bustia dira. Adibide bat jartzearren, Planak helburutzat dauka negutegi efektuko gasen emisioa %55 murriztea. Ordea, frogatuta geratu da hau lortu dela jarduera ekonomikoa gutxitzeko esku hartu denean, hau da, 2020an konfinamendua dekretatu zenean. Geroztik gas emisioak eta energia kontsumoa berriz ere igo egin dira. Eta zirriborro honek ez dituenez kontsumo energia murrizteko beharrezkoak diren erabakiak ezartzen, uste dugu helburu hau ez dela beteko.

Gure gizarteak dituen energia beharrei buruzko benetako planifikazio demokratiko bat egitea beharrezkoa da, eta bertan larritasunez erantzuna ematea energia eta bestelako lehengaietan beharrezkoa den murrizketari. Neurriak onartu behar dira energiaren ekoizpena, garraioa eta banaketa esku publikoetan ezar daitezen. Uste dugu debate horretan kontuan hartu behar direla txosten honetan egin genituen proposamenak: Energia berriztagarrien boom berria Nafarroan. Proposamen hauek lotuta daude energiaren eredu demokratiko, publiko, unibertsal, deszentralizatu eta deskonzentratu batekin.