argia.eus
INPRIMATU
Mugarriak ipini; mugatu
Zigor Etxeburua Urbizu @ZEtxeburua 2023ko otsailaren 22a

Harluxet hiztegi entziklopedikoak izenburuko hitzekin azaltzen du zedarritu aditzaren esanahia. Izen horren pean biltzen diren sona handiko kapitalista lukurreroek aldarrikapen bat ezagutarazi dute: Autonomia Erkidegoaren premiazko erronka da hezkuntza sistema malgua diseinatzea, hainbat lurraldetatik datozen edo mugitu beharra duten familiek irtenbide errazak izan ditzaten beren seme-alaben hezkuntza ibilbideetarako. Zehaztasun gehiago gabe, galdera ugari sortu dira: zein lurraldetatik datoz? Zer esan nahi du mugitu beharrak, aldi batean besterik ez direla egongo? Irtenbideak erraza behar badu, badaude zailagoak direnak? Eta zein da, bada irtenbide “erraz” hori? Baina, zein da, bada, arazoa?

Urkulluri deserosoegia egingo zitzaiolakoan, pentsatu bai, baina esaten ez duen ideia hori argiegi adieraztea, nahita utzi dute aldarri mugatua, motza, airean. Beste bat arduratu da hori zehazteaz, euskaraz zer edo zer argitaratzeagatik dirulaguntza handia (handiena) jasotzen duen egunkari bateko maiseatzaile bat, eta euskarazko hezkuntza seinalatu du arazo iturri gisa; baina ez gaitzala piano jotzailearen lainezak itsutu: doinua neoliberalen suite bat da, euskaldunoi datorkigunaren preludioa eta guzti.

Argitu eta lau haizetara ezagutaraz ditzagun zein mugarri igaro behar dituen euskarak garapen hazkor esanguratsua izateko

Euskaldunak enbarazu gara kapitalarentzat, mozkinik gabeko kostua baitira gure eskubideak bermatzea eta gure kultura duintzen laguntzea. Merkatuak kulturaren uniformizazioa bultzatzen du, errazago saltzeko, gainbalioa eta aberastasunak biderkatzeko. Horrela, bizpahiru hizkuntza nagusirekin aski eta sobera dute; beraiena tartean sartuta, jakina. Bestalde, liberalismoak berez merkatuen desarautzea bultzatzen badu ere, jakina da mesedegarri zaizkion arauak ezartzen dituela. Horregatik, euskarazko hezkuntza oinarritik pitzatzera joko dute, eta bultzatuko dute hezkuntza eredu uniformizatzaileren bat; ez dute alferrik atera gaia Hezkuntza Legearen eztabaidarekin batera. Eta bide batez, hizkuntza nagusien nagusikeria naturalizatzen jarraitu dute.

Horiek ari dira; eta gu, euskaldunok? Lagako al diegu eraisten eraikitzeko hain ahalegin handia behar izan duena? Argitu eta lau haizetara ezagutaraz ditzagun zein mugarri igaro behar dituen euskarak garapen hazkor esanguratsua izateko. Zedarritu dezagun euskararen aurrerabidean jarraitzen lagunduko digun bidea, atzera urratsik onartu gabe, ustez, abaila hartzeko balira ere.