argia.eus
INPRIMATU
Ameskeria edo ispilu-bolaren distira
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2023ko otsailaren 21a
'Oasia' | Assata | Autoekoizpena, 2022
'Oasia' | Assata | Autoekoizpena, 2022

Oso dotorea eta nabarmentzekoa da diskoetan jasotako kontakizuna testuinguruan jarri eta aberasten duen bibliografia bertan gehitzea. Hala egiten dute sortzaile gutxi batzuek, batez ere kontatzeko zerbait interesgarria dutenek, edota kantu bilduma entzuleek hausnarketa egiteko baliatu nahi dutenek. Zer esanik ez taldearen izenean bertan AEBetako pantera beltzen aktibista eta pentsalari ezkertiar esanguratsu Assata Shakur inspirazio dutenean; eta, are gehiago, ikusten dugunean taldekideen artean daudela musikari adina garrantzia hitzei eta ekintzei eman zieten Anger bandako hainbat kide.

Dantza egiten duen herria inoiz ez dela hilko dioenik bada, eta dantzarik gabe ez dagoela iraultzarik. Bada, edozer aldatzeko ezinbestekoa da gizartea mugitzea, eta horretan dabiltza arrasatearrak: dantzaren bidez kontzientziak iratzarri, neuronak dantzan jarri eta komunitatea indartu nahian.

Bigarren disko luzea dugu hau, taldea 2019an sortu eta pandemia aurretik kaleratutako Dantzatu madarikatuok lanari segida eman eta jauzia egiten duena. Proiektua eta estreinako lana aurkezterakoan 'Zuriak Beltzez' esamoldea erabili eta asmatu zutela uste dut iraganeko Bap! handiei keinua egin eta egindako jauzia bi hitzetan laburbilduta; hala nola, rocka ezkonduta funka eta soularekin.  

Pluralean dantzatu-k zabaltzen du diskoa bi ahotsetara abestutako funk eta rockaren ezkontza itsaskorrarekin. Kontuz, banpiroak! souleragoa eta elektronikoagoa da aldi berean. Lehia-k ematen dio hasiera hit!-en jarraibideari; berau da New Zigarroleans-eko sasikumea, haize instrumentu eta teklatu dotoreekin tentagarria; eta jarraian datorren Jackie Shane pieza ederra, sorgindu gaituzten funky erritmoekin, hazi egiten den kanta. Gentleman-ek kadentzia berezia dauka, erlaxatutako Glaukoma distantzian, drum&bass geldoa, rap eta soula. Norbait izan nahian-ek ez du gehiago behar: funkya, rocka, 80ko hamarkadako giroa eta ukitu latinoa. Munstroa da paradoxikoki poperoena eta parrandarako xuxurlatzea. Eta, azkenik, Opio berriak zainetan edo burmuinean sartzen den agur ederra.