argia.eus
INPRIMATU
TOC lako ez dauz bi
Xalba Ramirez @xalbaram 2023ko otsailaren 14a
'Bat barik ez dauz bi' | TOC | Autoekoizpena, 2022
'Bat barik ez dauz bi' | TOC | Autoekoizpena, 2022

Ekialdea aipatzen da, baina 2020. hamarkadako belaunaldi berria –deitu dezagun horrela– badator Mendebaldetik ere. Bilboko giro modernoaz gain, badira beste iturburu batzuk, akaso sukurtsal jitez, baina ahots propioz. Mungiak jada sortu du bere marka, eta horren erakusle da, besteak beste, TOC taldea.

Rock progresibo oldie-an –baina hamabi minutuko kantak egin beharrik gabe–, soinu propioa ari dira garatzen mungiarrak. Zikinkeria da euren grabaketen bereizgarrietako bat, etxean beren-beregi bilatua. Eskertzen da, inperfekzioak arnasa ematen diolako taldeari.

Bat barik ez dauz bi EP-a kaleratu zuten Durangoko Azokaren bezperetan, eta lau kanta jasotzen ditu, mungiarren estiloa are gehiago finduz. Rockaren eta postpunkaren bueltan, Xabier Bilbaoren ahots urratu-xuxurlatu-oihukatu bereizgarriak eta Aitor Etxebarriaren gitarra konponketa jostariek –hemen minor harmonikoa, hor disonantziak, inoiz ez bi bider gauza bera– ematen diote taldeari labeldun zigilua. TOC lako ez dauz bi.

Tira, Nire Loa kantak gogoratu dezake Gatiburen Lorak eskaintzen –Youtubeko komentarioetan haien ekoizleak esaten duen moduan–, baina harmoniarekin zer edo zer lotu badaiteke ere, ez da inolaz ere erreferentzia estetikoa. Gehiago dute Lil Mutikoren antza jarreran: “Subo al escenario y me la saco, Alex Sardui, Alex Sardui”.

Gogorrak eta eleganteak dira-eta TOCekoak, eta EP honetan are gehiago erakutsi dute. Iaz atera zen euskal kanta onenen artean jartzen dut nik Gau eternal bat (M.S.) amaierako arrangura indartsu horrekin: “Ilun egon arren / Euki eizu argi / Hor nauela beti”. Gezurrak esan behar dizkiogulako noizean behin gure buruari, aurre egiteko.

Mina dute letrek, eta batez ere, mina melodiek. Gaztea sarietan eta zerrendetan zoriontasunari abesten zaizkien kantek babes handiagoa duten arren –edo mezenasgoa?–, une ilunak argitzeko bestelako doinuak behar ditugulako. Pikutara doan gizartean, behetik gora eta minetik abesteak askoz gehiago indartzen gaitu.

Aurreko lanetan letrak ulertzen ez zirela eta, meme mordoa ikusi dut han hemenka –bide batez, ba al da gairik meme mordoa eman ez duenik?–. Baina batzuetan ez duzu ulertu behar sentitzeko. Zeren TOC iman bat da. Eta ez dute managerrik zure jaietan eta ez dakit non inbutuaz sartzeko. Baina imanak harrapatzen bazaitu zureak egin du. Ezingo duzu askatu.

Erdi moderneo, erdi makarreo, TOC izan dadila eredu bat, aldatzen ari den hamarkada honen helduleku bat: “Haien estrukturan kanta bat / Daukadana da baina ez da asko / Ta zilarrezko bala bat daukat/ Inkisidore puta horiendako”.