argia.eus
INPRIMATU
Linterna piztu ta barrura
Xabier Etxaniz Erle 2023ko otsailaren 14a
'Liburuzainak zaldi gainean' | Concha Pasamar | Itzulpena: Uxoa IƱurrieta | A fin de cuentos, 2022
'Liburuzainak zaldi gainean' | Concha Pasamar | Itzulpena: Uxoa IƱurrieta | A fin de cuentos, 2022

Bizitza, batzuetan, ohitura txikien segida monotonoa da. Basoak, batzuetan, kaiolak dira, etsaientzako mugak, mehatxu egiten duen eta fruiturik ematen ez duen itsaso berde bat”. Horrela hasten da Concha Pasamar iruindarrak idatzitako liburu berezi eta hunkigarri hau.

Zaldi gainean alde batetik bestera ibili ziren emakumezko liburuzain berezi eta aparta batzuei buruzko liburu honek gehiago du dibulgaziotik literaturatik baino. Hala ere, idazketa landuak, mezuak, testuak eta ilustrazioek irakurketa atsegina sortarazten dutela ezin uka.

1929ko urrian hasten da kontakizuna, Ameriketako Estatu Batuetan ekonomiak eztanda egin zuen garaian. Krak ekonomiko hark herrialde osoari eragin zion: langabezia, gosea, malnutrizioa eta haurren heriotza tasa ikaragarria.

Ateraldi hartatik irteteko gobernuak hainbat neurri jarri zituen indarrean, New Deal edo Itun berria delakoaren bidez. Eta horren ondorioz gizonek herriak utzi eta obra publikoan aritzeari ekin zioten. Herrietan, baina, emakumeak geratu ziren eta beraiek bakarrik aurrera egin behar izan zuten.

Apalacheetan liburuak banatzen zituzten emakumeen historia kontatzen zaigu; “Landa-giroko mundu isolatu hartan, liburu-amazona berriak mesfidantzaz hartu beharrean, jendea laster hasi zen haiek noiz etorriko irrikaz egoten, zeruertzetan zaldun-silueta noiz ikusiko”.

Pasamarren liburu hau irakurketaren aldeko obra dugu, liburuzainen apologia egiten duen lana, baina, batez ere, emakumeek eginiko lanari errekonozimendu moduan ikusten dut nik. Zailtasun guztiei aurre egiten nola betetzen zuten beren lana; nola laguntzen zion batak besteari sare bat sortaraziz; nola, itxuraz xumea zen lan hark lortzen zuen bizipoza zabaltzea herrialde isolatu haietan.

Liburuaren amaieran emakume liburuzain haiek eginiko lanaren hainbat datu ageri dira. Mila emakume baino gehiago izan ziren, egunero 30 bat ordu zaldi gainean ibiltzen zirenak, milioi bat erabiltzailerengana iristeko. Milioi erdi liburu mugitu zituzten mendi artean, piztia artean, eguzkitan nahiz negu gorrian...

Eta hori guztia, garai zaharreko itxura duen liburu batean, artisauen estiloko obra guztiz gomendagarrian.