argia.eus
INPRIMATU
Euskaraz ikasten jarraitu?
Iker Iraola Arretxe @iraola_ 2023ko otsailaren 14a

Unibertsitate mailako ikasketetan, geroz eta garrantzi handiagoa eskuratu dute masterrek. Bolonia prozesua deitutakoaren ondotik, 2000ko hamarkadan, Europa mailako unibertsitate titulazioak elkarren artean parekatzeko asmoz, aldaketa handiei ekin zitzaien. Eztabaida eta borroka garrantzitsuak piztu ziren, eta oso gai desberdinak jarri ziren mahaiaren gainean: unibertsitatearen merkantilizazioa, graduko ikasketen debaluazioa, metodologia berrikuntzarako aukerak, ikasketen nazioartekotzea, eta abar. Kritika gogorrak, alde batetik, eta unibertsitateak ezinbesteko zuen eraldaketarako zirrikitua ikusten zutenak, bestetik. Prozesu haren ostean urte dezente igarota, esango nuke ikuspegi kritikoa errealistagoa izan zela. Hau da, irakurketa kritikoak lotura handiagoa izan du azkenean gertatu denarekin. Adibide bat: metodologia berritzeko oinarria omen zen ikasleen taldeak txikiagoak izatea, gutxitan gertatu da.

Aldaketa prozesu horren baitan ditugu masterren agerpena eta horiek gero eta garrantzitsuagoak izatea. Gaur egun, kasu askotan unibertsitateko graduen ia ezinbesteko osagarri bilakatu dira masterrak. Unibertsitateko titulazio berezituagoak dira, eta graduko ikasketak baino garestiagoak, bereziki unibertsitate pribatuen kasuan. Horietako askotan ikasketak online egiten direnez, unibertsitate mota horien eragina oso handia da Hego Euskal Herrian. Zentzu horretan, Hezkuntzaren Soziologiatik aspaldi azpimarratu bezala, ez da ahaztu behar hezkuntza sistemak desberdintasunak ere birsortzen dituela. Modu anbibalentean egiten du hori, izan ere, hezkuntzak aurkakoa ere lor dezake aldi berean; adibidez, ikasle askorentzat eskola da maila sozialaz igotzeko aukera bakarrenetakoa.

Euskaraz ikasten eta ikertzen segitzeak unibertsitatea are eta gehiago merkantilizatzeko joeren aurkako ekintza izaten jarraitzen du

Egoera horretan, maiz aipatu gabe geratzen da masterrak zein hizkuntzatan ikas daitezkeen. Unibertsitateko euskarazko irakaskuntzan azken hamarkadetan aurrerapenak eman badira ere (Euskal Herriko lurralde batzuetan besteetan baino gehiago), oraindik egoera ez dago normalizatuta, inondik inora. Masterren kasuan, ordea, egoera askoz okerragoa da, eta oharkabean pasatzen dela iruditzen zait. Oso master gutxi ditugu Euskal Herrian euskaraz egin daitezkeenak, eta gainera, zaila da, merkatuaren logikari soilik jarraituz gero, master horiek aurrera egin dezaten lortzea.

Egoera bitxi baten aurrean gaude, beraz. Alde batetik, ikasleek geroz eta gehiagotan graduko ikasketak egiteko euskal adarra aukeratzen dute, baina, bestetik, bide hori ia guztiz mozten da graduondoko ikasketetara iristen direnean. Ikasketok, lan munduarekin lotura zuzena izateaz gain, ezinbesteko bidea dira doktoregorako, hau da, ikerketarako. Hortaz, euskaraz garatzen den ikerketa garrantzitsua dela uste badugu, ikasleek graduondoko ikasketak euskaraz egiteko aukera izatea lehentasunezko gaia izan beharko litzatekeela uste dut.

Hasierako auzira itzuliz, masterren eskaintzak merkatuaren logika hutsaren pean uzten badira, ikasle ugarik haietatik kanporatuak izaten jarraituko dute, batetik, eta euskarazko masterrek bizirauteko zailtasun erraldoiak izango dituzte, bestetik. Beste logika bat kontuan hartzea ezinbestekoa da gradu osteko ikasketei buruz pentsatzeko ere; eta ikasketen hizkuntzaz aritzerakoan, ikasketa hauek ere kontuan hartzea. Bitartean, euskaraz ikasten eta ikertzen segitzeak unibertsitatea are eta gehiago merkantilizatzeko joeren aurkako ekintza izaten jarraitzen duela gogoratzea ez zaigu gaizki etorriko.