argia.eus
INPRIMATU
Beti baitago norbait euskaraz ez dakiena
Malores Etxeberria 2023ko otsailaren 14a
PAULA ESTÉVEZ

Bi esperientzia linguistiko oso desberdin bizi izan ditut azken asteotan Hegoaldeko bi herritan. Bata, herri euskaldun bateko erakunde publiko batek antolatutako hitzaldi batean, eta, bestea, eskola bateko batzar batean. Hitzaldian baginen 80 lagunetik gora, nik esango nuke %90 euskalduna edo euskaraz ulertzen duena zela; bazen aurkezle bat, euskalduna hori ere, eta hizlariak katalan hiztunak ziren. Jakina zen hitzaldia ez zela euskaraz izango, baina espero ez nuena zen aurkezpena ele bietan izatea, gaztelaniaz askoz gehiago euskaraz baino.

Aipatu dudan batzarrean, berriz, 40 bat lagun inguru ginen, horietako mordoxka bat euskaraz ulertzen ez zutenak, eta batzarra oso-osorik euskaraz egin zen, aldi bereko itzulpena, gaztelaniara, eskainiz. Mugikor bidezko aplikazio bat erabiliz egin zuen batzarkide batek itzulpena.

Badira hamabost bat urte aldi bereko itzulpena egiteko tresna oso sinplea, eramangarria, erabiltzen ikusi nuela Itsasuko hitzaldi batean. Harrituta geratu nintzen haren sinpletasunaz. Ezagunak nituen aldi bereko itzulpenak, aspalditik erabiltzen ziren hainbat udaletako bilkuretan edota jardunaldi ospetsuetan, baina beti ziren tresneria konplexuak, eta, noski, garestiak.

Lapurdiko tresna, hitzaldia antolatzen zuen baserritar talde euskaltzaleak prestatua, maleta txiki bat zen, erabilterraza. Aukera ezin hobea iruditu zitzaidan gurera ekartzeko ere.

Nahikoa da udalak edo baliabide ekonomikoak dituen komunitate batek horrelako tramankulu bat erostea (ez dira garestiak) eta herritarrei doan eskaintzea ekimenak euskaraz bideratzeko. Eta, maletarik ezean, telefono mugikorrak erabiliz ere posible da.

Nolatan kostatzen ari zaigu hainbeste bilera, batzar, ekitaldi eta gainerakoak euskaraz antolatzea? Zergatik diogu euskara hutsezkoari halako erreparoa?

Ikusgarria da zenbateko abantailak dituen. Hasteko, komunitate edo herri horrek euskara lehentasunezko hizkuntzatzat duela adierazten dio euskaraz ulertzen ez duenari, eta, ondorioz, garrantzitsua dela ikastea; ikasteko eta ikasitakoa praktikatzeko eremu natural bat ere eskaintzen dio, ulermen maila hobetzeko; denbora aurreztea da beste abantaila praktikoetako bat, ele bietako bilerak nola luzatzen diren eta zein aspergarriak eta absurdoak bihurtzen diren jakinda; askoz ere erosoagoa da denentzat, nahiz eta tokatu zaidan ikustea zenbait pertsona deseroso sentitzen dela denen aurrean entzungailua jarri beharragatik (ez zaigu gustatzen bestea baino gutxiago garela adieraztea). Baina, behingoagatik ez dago gaizki deserosotasuna hizkuntza hegemonikoan aise dabilenak sentitzea, ezta? Eta txundigarriena da ikustea ulermen mailan, gutxienez, aurrera egin den eremuetan (eta asko dira Euskal Herrian zehar), zein jende gutxik behar izaten duen entzungailua, eta, beraz, zenbat aukera galtzen ditugun ekimen horiek guztiak gaztelaniaz edo, onenean, ele bietan edo sasi-ele bietan eginda.

Norbaitek esan dezake traba batzuk ere badituela, esaterako, itzultzaile bat jarri behar izatea. Ba bai, oraindik ez dut uste asmatu denik aldi bereko itzulpena itzultzailerik gabe egiteko teknologiarik (agian ez dabil urruti), baina jende asko dago gurean, profesionalez gain, bilera edo batzar bat euskaratik gaztelaniara itzultzeko gai dena. Garestia ere badela aipatuko du norbaitek. Bai, izan daiteke, baina oraingoan ez da euskaldun pelma horiei itzulpena jarri behar zaielako, baizik eta euskaraz bizi nahi duen komunitate batean batzuek euskaraz ez ulertzea delako desabantailak eragiten dituena. Izan ere, nork sortzen du gastua, bi hizkuntza dakizkienak ala bietako bat ulertzen ez duenak?

Eta hala eta guztiz ere, nolatan kostatzen ari zaigu hainbeste bilera, batzar, ekitaldi eta gainerakoak euskaraz antolatzea? Zergatik diogu euskara hutsezkoari halako erreparoa? Zerk beldurtzen gaitu?