Ibai ondoan bizi dira Ainhoa Gutiérrez del Pozo eta Eli Pagola Apezetxea. Zentral hidroelektrikoekiko jakinminari tiraka hasita ikerketa eta zinema uztartzen dituen arte esperientzia prestatzen ari dira, Hernaniko Sormen Bekari esker: arte ikerketa honetan, harremanetan jarri nahi dituzte Urumea ibaiko zentral hidroelektrikoen potentzialari buruzko datuak, eta energia berriztagarri honek ibaiko bioaniztasunean dituen inpaktuenak. Filmaketa batzuetatik abiatuta, pieza desberdinak sortzen ari dira gogoeta proposatzeko.
Urumea ibaian sartu dira Ereñotzun bizi diren Eli Pagola Apezetxea eta Ainhoa Gutiérrez del Pozo. Energia berriztagarriei eta bailarari buruzko jakintza zeraman lehenak; artistaren begirada eta 16 mm-an filmatzen duen kamera bat bigarrenak. Bien artean ikerketa hibridoa osatu dute. Zentral hidroelektrikoak bisitatu dituzte, Hernaniko paper-fabrikakotik hasi eta Leitzako lurretan direnetaraino: zein dauden martxan eta zein dauden utzita ikusi dute eta denen artean zenbat argindar sortzeko gaitasuna luketen kalkuluak atera dituzte. Eta galdetu dute: zein eragin dute ibaian hidroelektriken presek? Arrainek noraino dute murriztua ibaian ibiltzeko askatasuna? Horrek guztiak zer kalte sortzen dizkio bioaniztasunari?... Aldi berean, egitura hauetan eman diren aldaketak filmatu dituzte: udan bainurako leku dira presak, turbinen birarazle indartsuak dira neguan, zentral hidroelektriko batzuetan jendea bizi da edo beste hainbat erabilera ematen zaie...
Orain arteko ikerketa oinarri hartuta, arte esperientzia prestatzen ari dira: zentral hidroelektriko batera sartzeko aukera eskaini nahi lukete. Orain, egindako filmaketak eta analisiak, bildutako artxiboa eta aurkitutako piezak harremanean jartzen dituen instalazioa prestatzeko lanean ari dira. Bestalde, erakusketa apirilaren 17tik 24ra Hernaniko Kultur Etxean egongo da ikusgai. Aste horretan, egileek proiekzio berezi bat egingo dute, prozesua azalduz. Handik aurrera herriz herriko aurkezpenei zabaldu nahi diete atea.
Ikerketa eta zinema uztartzen dituen lan honekin herritarren artean partekatu nahi dituzte energia sortzeko aukerak eta honek dakartzan inpaktuei buruzko gogoetak. Hausnarketarako osagaiak mahai gainean jarri nahi dituzte, egun pil-pilean dagoen energia berriztagarrien gaiaren inguruan. Gutiérrezek honela biribildu du lan hau egin ahala bi sortzaileek garatu duten ikuspegia: “Gizakiak ustiatzeko baliabide bat balitz bezala ikusten du ingurunea, eta hortik dator guztia. Ingurua gure onurarako gauzak ateratzeko modu gisa ikusten jarraitzen badugu, inpaktua sortzen jarraituko dugu. Inpaktu horretan zer ardura hartzea tokatzen zaigun pentsatzea da gakoa”. Energia berriztagarri guztientzat balio duen galdera aireratu du: “Ez da inpakturik eza existitzen. Beraz, zenbateraino dugu zilegitasuna inpaktu bat sortzeko?”.
Ainhoa Gutiérrezek azaldu duenez, “16 mm-tan filmatzea pentsatu genuen, argiaren inguruko lan bat delako eta kamera analogikoan argia zuzenean inprimatzen delako pelikularen gainean. Beraz, lotura ikusten genuen gaiaren eta horrela filmatzearen artean. Bestalde, kamerak ez du argindarrik behar grabatzeko momentuan, soka emanda dabil”. Egungo kamera digitalekin ohikoa da grabazio orduak metatzea eta momentuan ikustea zer den grabatzen dena. Aldiz, kamera analogiko honek bere baldintzak ezartzen dituela azaldu du Gutiérrezek: “Ezin dugu nahi adina grabatu, beraz, aurrez ikertu eta erabaki behar genuen, genituen pelikulak nora zuzendu. Gauzak ezagutzera behartzen gaitu”. Kamera horrekin dokumentatu dituzte Urumea ibaiaren erabilera anitzak iruditan, ahotsik gabe, eta pieza labur hori da emanaldian proiektatuko dutena.
Eli Pagolak adierazi duenez, denborarekin ere badu zerikusia hautuak: irudiaren estetikak garai batera hurbiltzen gaitu. Argi dute Hernaniko sorkuntza beka irabazi ez balute, ezingo luketela grabazio sistema garesti hau erabili.
Pagolak deskribatu du lanaren bigarren hanka, ingeniaritzakoa: “Oro har, energia berriztagarri gehienek izaera ‘berde’ horretan ñabardura batzuk dituzte: kasu honetan, ibaitik energia erauzteko eraikuntza batzuk behar dira eta horrek inpaktua dauka ingurunean. Badago talka bat. Lan honetan aztertu dugu, batetik, bailaran zenbat energia sortzen den, martxan ez dauden instalazioak kontuan hartuta zenbat sortu litekeen, bailaran (Hernani, Ereñotzu, Arano, Goizueta) kontsumitzen den argindar kopuruaren zer proportzio hornitu ahalko litzatekeen argindar kopuru horrekin... eta bestalde, hori elkarrizketan jarri dugu eraikuntza horiek egoteak dakarren eraginarekin. Horretarako, arrain eskalak landu ditugu”.
Zer da arrain eskala? Pagolak azaldu duenez, “zentral bat dagoen lekuan ia beti presa bat dago eta presa horrek arrainen migrazioa oztopatzen du. Hori pixka bat orekatzeko arrain eskalak eraikitzen dira, arrainak pasatzeko egitura batzuk, baina noski, arrainentzat ez da berdin ibai osoa libre edukitzea edo eskala edo bidetxo bat edukitzea. Presa beti izango da hesi bat arrainentzat. Eskala horiek ezaugarri zehatz batzuk izan behar dituzte eraginkorrago izateko. Baina beti ez daude eginda inguruak eskatzen duen moduan, aldagai asko ez dira kontuan hartzen eta ondorioz, askotan ez dute bere funtzioa ongi betetzen. Kalkulu bat egin dugu: egun dagoen eskala kopurua eta zer egoeretan dauden aztertuta, zenbakitara ekarri dugu arrainen fluxua zenbateraino baimentzen duten”.
Gutiérrezek aitortu duenez, “lan honekin hasi ginenean bagenekien zentralek elektrizitatea eman dezaketela, baina ez genekien horrek zer kalte sortzen duen”. Lana egiteko elkarrizketatu dituzte Eguzki talde ekologistako militanteak, arrain eskaletan aditua den Pao Fernández Garrido baso-ingeniaria, zentraletako langileak, basozainak, Hernaniko artxiboa, bailaran gaiaren ezagutza duten herritarrak... Landa lana norbera bizi den eremuan egiteak dakarren gertutasuna aipatu dute: “Jendeak erraz kokatzen zaitu, eta horrek hartu-emanari konfiantza gehitzen dio. Gainera, gu ere esperientziaren parte gara, eta hori bilatzen genuen”. Gertutasun horrek eraman ditu proiektuan gako izan diren pertsonak ezagutzera, horien artean Xabier Etxegia. Bailarako lehen zentralean hasi zen lanean eta Urumea ibaiko zentral asko ezagutu ditu. Egun, Goizuetako Rezola zentraleko langilea da.
Energia sorkuntzaren eta inpaktuaren datuak aurkeztuko dituzte erakusketan. Pagola: “Horretarako, Haritik Hirira-ko geografoek hainbat mapa sortu dituzte. Hor ikus daitezke zentralak non dauden, zein dauden martxan eta zein ez, horietako bakoitza zenbat energia sortzeko diseinatua izan den, beraien kanalak nondik nora doazen...”. “Datu hauek elkarrizketa eta eztabaidarako jarriko ditugu mahai gainean” jarraitu du Pagolak: “Ez da nahikoa esatea ‘hor energia sortzen da’, bai, baina zenbat sortzen da eta zer esan nahi du hainbat GW-k, hori zenbat da?”. Gutiérrezek hartu du hitza: “Gure energia kontsumoa ez da argindarra soilik, beraz, ez da erraz esatea hidroelektrikoak kontsumoa ase dezakeen. Eta ez dakit bilatzen duguna ote den egun dagoen energia kontsumoa asetzea, edo legokeenarekin nola bizi pentsatzea. Egia da uste genuena baino dezente gehiago atera daitekeela”. Pagola: “Guk datuak eta irakurketa batzuk plazaratuko ditugu, baina ez gara gai esateko sortuko litzatekeen energia aski den edo ez. Bada beste tranpa bat: hemengo zentral asko Accionarenak dira, Iberdrolarenak... Energia hemen sortzen da, seguraski hemen kontsumituko da, baina jabetza eta irabaziak beste nonbait daude”.
Proiektua idatzi zutenetik zuten gogoa emanaldia zentral hidroelektriko baten barruan egiteko. Gutiérrezek azaldu duenez, “normalean arte lekuak hiriak eta herriguneak izaten dira eta beste toki batera ekarri nahi genuen. Gainera, hemen bizi den jende asko seguraski inoiz ez da zentral baten barrura sartu eta esperientzia hori ere bilatzen genuen. Horrek hainbat gogoeta ekarri dizkigu: pieza bat sortzen dugunean noraino den toki guztietan kokatzekoa, edo zer lotura dagoen espazioaren eta piezaren artean... Orain horretan ari gara, gure piezak lurreratzen”. Pagolak gehitu du: “Erakusketa hau esperientzia bat izango da batez ere. Hartu-emanean dauden elementu asko egongo dira, batzuk guk ezarriak eta beste batzuk bertan zeudenak. Uda osoa grabatzen egon garen zine pieza jarriko dugu, baina norbaiti begia ondoan duen turbinara joango bazaio, berdin digu. Hori ere bada gure proiektua ikusteko modu bat”.
Nolakoak ote dira zentralak barrutik? Pagolaren hitzetan, “zaharrak dira (gehienak 1920 ingurukoak), baldosa vintage bat izaten dute, kristalera handiak... Hala ere, oso zentral ezberdinak daude, asko eragiten du nolako ur saltoa daukaten, turbina zer motakoa den eta zein urtean eraiki zuten”. Gutiérrezek gehitu duenez, “harrizko paretak dituzte eta bitxia da, gehienek elizako rosetoiak izaten dituzte. Lilura sortzen dute, ez gaude ohituta hain makinaria handia ikustera. Asko utzita daude eta beste bizitza baten arrastoa ematen dute...”.
Zentraletan aurkikuntza bitxiak egin dituzte, Gutiérrezek azaldu duenez: “Goizuetako Rezola zentralaren barruan mural bat dago margotuta, bere kanalen mapak eta ura nondik datorren erakusten dituena. Funtzionala da lanerako baina aldi berean, mural bat da, eta arte ikuspegitik erakargarria”. Pagolak jarraitu du kontakizuna: “Etxegiak kontatu zigunez, mural hori garbitu eta pareta txuriz margotzea zen enpresaren asmoa. Berak eskatu zuen mesedez gero berriz gainetik margotzeko irudi hori, beretzako hori zentralaren parte zelako. Onartu zioten, eta garbitzen hasi zirenean ikusi zuten azpian irudi hori bera margotuta zegoela. Hau da, behin eta berriz margotutako pareta da eta hiru bider garaian garaiko zaindariek eskatu dute marrazki hori mantentzeko”.
Beste aurkikuntza Pikoagako zentralean egin zuten, Gutiérrezek azaldu duenez: “80ko hamarkadako diapositiba batzuk aurkitu genituen bertan, energiaren inguruko azalpenekin. Beste garai bateko ulerkerak dira, esaterako petrolioaren gailurra 2000. urtean aurreikusten dute... diapositiba horiek egun proiektatuta beste esanahi bat sortzen da”.
Bi egileen aurkikuntzak eta ondorioak aurrez aurre jaso nahi dituenak eta artearen bidez burua argitu nahi duenak Urumean du aukera, “Ta argiya iñ zan” emanaldian.