Egoera ekonomiko hobeagoa lortzeko esperantzan bizitokia atzean utzi eta Gipuzkoako herri industrial batean finkatu berri diren familietako seme-alabak dira Rakel, Ana eta Miguel. Baserriko bizitza tabernakoarengatik ordezkatu du Rakel eta Anaren familiak, eta beren negozioan laguntzeko hartu dute Miguel, diru-sarrera beharrean den Soriatik etorritako familiako semea. Denboraren gehiengoa barra atzean eta sukaldean ematen duten hiru gazteen begietatik kontakizuna ehundu du Nerea Ibarzabalek bere lehen eleberrian: Bar Gloria (Susa, 2022). Bertsolaritzan bakarrik ez, literaturan ere maisuki aritzeko gai dela erakutsi du markina-xemeindarrak. Urtarrileko arrats goibel batean bildu bagara ere, hotzak eta euriak ez dizkigute uxatu liburuaz hitz egiteko gogoak.
Liburua argitaratzekoa zinela jakin orduko jo nuen zuregana, baina itxaron behar izan du hitzorduak, izan duzulako besterik esku artean. Bertsolari Txapelketa Nagusia, ez gehiago ez gutxiago. Finaleraino iritsi zara. Nola zaude?
Luze joan da Txapelketa. Eskerrak liburuaren argitalpena eta osteko fasea, txapelketarena, bereizi nituen. Txapelketan nahi nuen zentratu erabat, eta zorionez finaleraino heldu naiz. Udazkena emozio zurrunbilo baten baitan pasa ostean, ari naiz pixkana lur hartzen eta udan albo batera utzitako liburura gerturatzen. Liburuari buruz berbetan ikasten nabil orain.
Nolakoa izan da distantzia hartu ostean Bar Gloriarekin berriz elkartzea?
Uste dut ez naizela oso abila amaituta dauden sorkuntzei buruz berbetan. Ez dut jakiten oso ondo zer esan, zeren dagoeneko pila bat gauza esaten ahalegindu naiz liburuan bertan. Gogoa daukat irakurle taldeetan parte hartzeko, literaturari buruz berbetan ikasteko eta liburuaren gaineko jendearen iritziak jasotzeko. Zeren zuk istorioarekin badituzu asmo batzuk, eta halako espazioetan frogatu dezakezu intentzio batzuk funtzionatu dutela, beste batzuk ez, eta ikusi irakurleak beste modu baten irakurri dituela zenbait gauza.
Pentsatzen dut bertsotan gabiltzanean eta oholtzara igotzen garenean dena dugula egiteke; arratsalde bakarrean konbentzitu behar duzu jendea. Baina literaturan ezberdina da: zuk idatzi duzu idatzi beharrekoa, eta gero horrekin zoaz irakurle taldeetara-eta. Dena dago salduta. Beraz, zentzu horretan gehiago nago iritziak jasotzera.
Feedbackaren zain zaude?
Bai. Udazkenean zehar gertuko jendeak bidali dizkit mezuak eta e-mailak, badakit zeinek irakurri duen eta zeini gustatu zaion liburua. Nahiz eta halakoetan gertatzen den gustatu ez zaionak ez dizula ezer esaten… baina beno, ez da helburu bat denen gustukoa izatea. Irakurleak, dagoeneko, konbentzitu dira konbentzitu beharrekoaz, edo kontrakoa.
Jendeak denetik esan dit. Galdetu didate zergatik girotu dudan 80ko hamarkadan, nirea ez den garai batean. Horrez gain, askok ez ninduen kokatzen liburuan jasotzen den mundu horretan, paisaia konkretu horretan, tabernetan, idi-probetan eta abar. Batzuek jakin-mina dute jakiteko nondik heldu naizen istorio horretara, eta denei erantzuten diet oso gertu gelditzen zaidan mundu bat dela, oso gertu gelditzen zaizkidan pertsonaia motak direla, eta nahi nuela horretaz guztiaz idatzi. Sentitzen nuen beraien zauriak neureak ere badirela zentzu askotan, eta horri buruz idatzi behar nuela. Eta nahiz eta ez naizen hamarkada konkretu hori bizitakoa, uste dut hein batean hamarkada edo girotze tenporala ez dela guztiz-guztiz esanguratsua ere, edo niretzat behintzat ez da izan idazterako orduan. Liburuan jasotzen diren minak eta pozak sentitzen nituen beste edozein hamarkadatako minak eta pozak bezala, eta horietan nahi nuen zentratu, ez hainbeste garaian. Nire nahia ez zen nobela historiko bat egitea.
Nire partetik, iruditzen zait euskal literaturaren mundura ate handitik sartu zarela. Oso ona iruditu zait eleberria. Zu nola sentitzen zara?
Gustura geratu naiz. Uste dut eduki dudan denboran egin nezakeena zela eta azkenean buruan neukan istoriora gerturatu dela. Beldur handiarekin ere aritu naiz, ez nekielako oso ondo non nenbilen sartzen, eta zentzu horretan babes eta irakaspen itzela izan da Susako Leire Lopez editorea hor egotea. Azken orduan, dena prest daukazunean eta zalantzak sartzen zaizkizunean, asko eskertzen da Lopez bezalako norbait ondoan izatea. Esaten dizunean "badoa inprentara" eta norbera hasten denean "itxoin, agian dena nahi dut aldatu" pentsatzen, ederra da ondoan norbait izatea esaten dizuna: "Konfiantza daukat honetan".
Eta sortze prozesua, nolakoa izan da?
Jaurlaritzaren beka bat lortu nuen, eta urtebeteko epea neukan eleberriaren lagin bat aurkezteko. Kontua da bekak ez ninduela konprometitzen ezer argitaratzera, eta urtebetez idazten aritu nintzen, pentsatuz inoiz ez nuela argitaratuko idazten ari nintzena. Horrek sekulako lasaitasuna eman dit, uste dut sortze prozesuan eragin handia izan duen aspektua dela. Esango nuke horren eragina nabaritu daitekeela liburuan, badaudela arrastoak obserbazioari eta informazioa batzeari eskainitako urte horrenak. Perfume baten osagaiak galkatzen aritu izan banintz bezala da. Bapatean ohartu nintzen banuela lurrina, eta orduan galdetu nion neure buruari: “Eta orain zer?”. Momentu horretan liburua argitaratzeko konbentzitu nindutenei aipamena egin nahi nieke, Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta inguruko beste hainbat sortzailek liburuan sinestarazi nezan lortu baitzuten. Halakoetan tartean egoten baita norbere segurtasun falta.
Izenburutik hasiko gara. Istorioko pertsonaien harat-honatak eta nondik-norakoak ez dira, hain justu, loriatsuak. Pentsatzen dut ironia nahita bilatua dela.
Argi neukan tabernak emakume izena izango zuela. Gainera, “Bar” eta atzetik izen bat datorrenean, “Bar Gloria” kasu honetan, uste dut taberna eredu zehatz bat datorkigula denoi burura. Eramaten gaitu leku batera. Eta zergatik Gloria? Ba esan duzun bezala, paradoxari lekua egiteko. Zeren pertsonaiek, argi eta garbi, badaukate borroka bat loria eskuraezin horretara gerturatzeko. Purpurina eta euforia eta desfasea nahi dituzte, baina ezinbestean zerrautsez nahasten zaizkie [tabernako lurra garbitzeko erabiltzen dutena].
"Uste dut galdera bat izan zela guztiaren abiapuntu: nola da posible bizi osoa lanean pasa duen jendeak pobre izaten amaitzea? Jubilaziora heldu eta ezer ez edukitzea?"
Aipatu duzu istorioa 80ko hamarkadan kokatzen dela, baina liburuan ez da inongo momentutan esplizitatzen zein garaitan gauden. Irakurlea deskribapenen bidez kokatzen duzu garai horretan. Nabari da atzean dagoen dokumentazio lana.
Argazkiak, pelikulak, liburuak... horietara jo dut. Baina batez ere tabernariak izan diren inguruko pertsona askori egindako elkarrizketetan oinarritu naiz. Eta dudak nituenean galdetu egiten nuen. Zentzu horretan, liburua osatu bitarteko denbora guztian egon da feedback bat, hein batean nahi nuelako ahalik eta sinesgarriena izan zedin kontakizuna, eta hori ez lortzeak beldurra sortzen zidalako. Sinesgarritasuna lortu nahi nuen, baina ez nostalgiagatik, garaia bizi ez duenak ez baitauka halakorik. Gehiago zen nire buruari ezarritako erronka –“ea kapaza naizen eszena hori harrapatzeko”– eta jakin-mina. Adibidez, nik ez dakit nolakoa den Vaca Verde edaria, ez dut inoiz probatu, baina liburuan aipatzen da, eta nahi nuenez sinesgarri gera zedin, deskribatu egiten dut. Are, beharbada larregi deskribatu ditut ezagutzen ez ditudan kontu batzuk. Zeren 2010eko edariei buruz idatziko banu, pentsatzen dut ez nintzatekeela deskribapenetan horrenbeste zentratuko.
Oso eskertuta nago beren bizipenak kontatzeko prest egon direnekin, behin galdetzen hasita konturatu bainaiz gauza asko kontatu gabe eduki dituela jendeak. Batez ere bortxa egoerak eta tabernetan gertatutakoak. Eta bizitzarekin aurrera segitu dute, inork galdetu arte argi esan gabe zer gauza gerta dakizukeen taberna batean, zer esanik ez bizi osoa bertan pasa baduzu. Zentzu horretan bortitza izan da.
Aipatu duzu liburuan kontatzen dituzun kontuek, pertsonek, oso gertutik ukitzen zaituztela. Nondik jaiotzen da Bar Gloria? Zein izan zen eleberria idaztera eraman zintuen txinparta?
Uste dut galdera bat izan zela guztiaren abiapuntu: nola da posible bizi osoa lanean pasa duen jendeak pobre izaten amaitzea? Jubilaziora heldu eta ezer ez edukitzea? Errealitate hori ikusten nuen nire inguruan, errepikatzen zen patroi bat balitz bezala, eta asko tabernatik pasatako pertsonak ziren, emakumeak batez ere. Ulertzen dut zergatik gertatzen den hori, ulertzen dut sistema honen egitura, baina fokua nahi nuen jarri taberna bat daraman familia batengan. Nahi nuen bizipenen bidez jaso nola kudeatzen duen horrelako familia batek egoera konkretu bat –izan gaizki edo ondo–, nolakoak izan daitezkeen kudeaketak alor ekonomikoan, baina baita ere pertsonalean… Eta nola hori guztia eginda ere, ezerk ez dizun ziurtatzen biharko egunean loriarik. Nahi nuena gehiago zen min hori, min emozional hori, jasotzea. Behin idazten hasita ez duzu erantzunik topatzen; are, galderak ugaritzen zaizkizu.
Bestalde, inguruko hainbat pertsona beren gaztaroko testuinguruan jarri nahi nituen arren, ez nituen soilik tabernako eremuan kokatu nahi. Ez nuen nahi mugatu tabernak irauten duen denbora-espaziora, eta horregatik egin dut tarteka zoom apur bat, dela helduarora, dela haurtzarora. Tabernarik gabeko helduaro eta haurtzaro batera. Horrela geruzak gehitu ahal izan dizkiet pertsonaiei.
Istorioa nondik kontatzen den, horrek ere baldintzatzen du kontakizuna, eta erabat lotua dago liburuaren abiapuntu izandako galderarekin. Tabernatik kontatuak dira gertakizun gehienak, hil bukaerara iritsi beharrak hortxe mantentzen ditu denboraren gehiena protagonistak. Iruditu zait lan egin beharrak eragiten digun baldintzapenari buruzko kontakizuna dela, klase kondizio bati buruzkoa, alegia.
Bai, hori da, nahi nuen klase hori irudikatu. Lana kartzela bilakatzen da ezin duzunean utzi, dirua behar duzunean. Azken finean, leku batetik ihes egiteko, askatasunerako, dirua behar duzu. Eta liburuak egoera horretan dauden bi familia aurkezten dizkigu: biak langile klasekoak, bata bestea baino pribilegiatuagoa zenbait aspektutan, eta lanaren bitartez eraikitzen da euren arteko harremana. Jaso nahi nuen lanak elkartu dituen pertsonak eta lanaren bidez eraikitako harremanak zein bereziak eta biziak diren, baina era berean zein hauskorrak izan daitezkeen. Askotan ikusi dudan zerbait delako ondokoa: zurekin lan egiten duen pertsona pasa daiteke zure bizitzaren parte garrantzitsua izatetik zure bizitzatik desagertzen den norbait izatera, handik ez dakit zenbat urtera berari buruz ezer ez jakiteraino. Badauka lanak halako osagarri berezi bat harremanak deskribatzerako orduan.
Isiluneek, aditzera emandakoek eta esan gabekoek toki handia hartzen dute eleberrian. "Saiatu naiz garbi hitz egiten ez duen jendearen hizkera hori aletzen", irakurri dizut elkarrizketa batean. Kuriosoa da: zu bezalako bertsolari eta kazetari bat, zeinak hitza duen indargune, (argi) esan gabekoei erreparatzen. Zer dela eta fokua hor jartzeko gogoa?
Hitzarekin harreman handia duen pertsona naizen arren, esaten duena baino gehiago isiltzen duen pertsona ere banaizela uste dut. Nire inguruarengatik ikasi dut egoera asko kudeatzen berba egin gabe, aurrera egiten korapiloak konpondu gabe. Ezagutzen ditudan pertsona askoren kasuan, pentsamenduek oso fuerte hitz egiten dute, baina ahoak ez. Uste dut familia askotan nagusitzen den hizkuntza mota dela. Eta horrek zeini egiten dio mesede? Ba normalean, amaitzen duzu gatazkak isilarazten, eta hori izaten da betikoen kaltetan.
Eta familia-instituzioan gertatzen den hori tabernara estrapolatuz gero, berdin: tabernako lau pareten artean jazotako bortxa egoera baten aurrean ere, isiltasunak betikoak babesten ditu. Espazio publikoaren eta pribatuaren arteko nahasketa ematen da gainera, eta tarteko egoten dira “bezeroak beti du arrazoia” eta halakoak. Testuinguru horretan jendeak begien bidez hitz egiteko duen moduan ere nahi izan dut jarri arreta, gorputz-hizkuntzan, beste modu bateko narrazio horretan.
"Zurekin lan egiten duen pertsona pasa daiteke zure bizitzaren parte garrantzitsua izatetik zure bizitzatik desagertzen den norbait izatera. Badauka lanak halako osagarri berezi bat harremanak deskribatzerako orduan"
Orokorrean oso zaila egiten zait elkarrizketa sinesgarriak eraikitzea. Idazten dudana kutrea iruditzen zait, Goenkaleko elkarrizketa itxura hartzen diot [barrez]. Idatzitakoa irakurri eta pentsatzen nuen: “Hau zer da LHko antzerki bat edo...liburu bat? Ez dut sinesten hau!". Beharbada ez dakit elkarrizketak ondo idazten eta horregatik amaitu dut isiltasunei buruzko liburu bat idazten [barre].
Isiltzen diren pertsonaiak eraikitzerakoan –adibidez Patxi [Ana eta Rakelen aita], gizon-gizon eredu hori–, ahalegindu naiz akordatzen nire inguruko horrelako pertsonek zein euskarazko berba zerabiltzaten errieta egiteko, edo mehatxatzeko, edo funtsean, isilarazteko.
Bortxa egoerak eta horien aurreko isiltasuna aipatu dituzu. Irakurleak barkatuko dit espoilerra, baina: bortxaketa batek irekitzen du liburua. Hamabosgarren orrialderako irakurleak kokatu du bere burua segundo erdian etsaitasunezkoa bilakatu daitekeen testuinguru batean. Eta etsaitasun hori, oro har, gizonek egikaritzen duten boterearen ondorio izan ohi da.
Gizon heteroek masiboki dominatutako espazioetan bestelako identitateen biziraupenak eta aliantzak jasotzea interesatzen zitzaidan. Adibidez, bortxaketa jasaten duen pertsonaia, Miguel, argi nuen marika izango zela. Aipatutakoaz gain, nahi nuelako, baita ere, garai horretako LGTB mugimenduaren espazio batzuk islatu.
Gizonen dominazioa islatzeko espazio publikoan jarri duzu arreta, gizonen monopolio den eremuan.
Bai, batez ere tabernetan, nekazal inguruan, eta herri kiroletan, idi-probetan zehazki. Idi-probak txertatu ditut oso gertutik bizi izan dudan mundua delako, baina horretaz gain, iruditzen zaidalako berezitasun bat daukala: animalien faktorea sartzen da tartean, eta horrek aukera ematen du animaliak ere pertsonaia bilakatzeko, eta beraien begietatik hitz egiteko gizakiei buruz. Asko sufritu izan dut herri kiroletan egiten den animalien erabilerarekin, eta liburua idazterakoan interesatzen zitzaidan mundu hori jasotzea animaliak eurak ere pertsonaia bilakatuta.
"Gizon heteroek masiboki dominatutako espazioetan bestelako identitateen biziraupenak eta aliantzak jasotzea interesatzen zitzaidan"
Hori egiteak, gainera, ahalbidetzen du ikustea nola dauden ohituta gizon batzuk animaliak bezatzera eta instrumentalizatzera. “Nik zuregatik dirua ordaindu dut, beraz, nik diodana egingo duzu, nik diodan tokitik joango zara”. Eta hortik abiatuta, horien logika da inguruko pertsona guztiekin jokatu ahal dutela horrela. “Emaztea, alabak… pasako dira nik diodan tokitik”. Eta hori zerbitzuzko edo esklabutzazko harremanen oinarri da.
Idi-probei lotuta, idien txabola plaza baino gehiago interesatzen zitzaidan. Iruditzen baitzait hor naturarekin beste harreman bat eratzen dela, eta ondorioz, plazan ikusten ez diren gauzak antzeman daitezkeela: bestelako gizonak, beren buruari samurtasuna erakustea baimentzen diotenak, animaliei maite-maite egiten dietenak… beti ere helburu konkretu batekin.
Bar Gloria daraman familiak, baserria atzean utzi eta hiri industrialera jo behar izan du. Tabernan lan egiten duen Miguelen familiak, aldiz, Soria atzean utzi du han faltan duten lana Euskal Herrian bilatzeko. Deserrotzeari buruzko istorioa ere bada.
Ez da nire narruan bizi izan dudan zerbait, baina uste dut inpaktu oso gogorra uzten duen zerbait dela, batez ere egokitzeko presaren eskutik doanean. Eta ia beti egoten da presa hori, normalean deserrotzearen arrazoia izaten delako baldintza ekonomiko hobeetan bizitzeko nahia, bizimodu hobe baten nahia. Eta prozesu horretan, zenbat kontu eta emozio gordetzen dituen jendeak bere baitan… Liburuan egiten den herri/hiri dikotomiaren ondorioz, beharbada oso bukoliko geratu da haurtzaroko baserri giro hori, baina egiatan elkarrizketatu ditudan pertsonek hala kontatu didate. Eta horrek agerian uzten du paisaia aldaketak zer nolako inpaktua eragin dezakeen norbanakoengan, zeinen gogorra izan daitekeen hirira egokitu beharra inoiz fabrikarik ikusi ez duen umearentzat. Uste dut naturarekiko harremanaren galera oso gogorra dela, edo nik behintzat hala bizi dut.
Bizenta, familiako ama, bigarren mailako pertsonaia gisa pasa daiteke. Alabaina, iruditu zait Bar Gloriako ardatza bakarrik ez, istorioarena ere badela.
Bizenta zein Patxi dira aita-aita eta ama-ama, rol horiek bete-betean betetzen dituzte. Eta argi eta garbi, Bizenta falta den unean taberna desagertzen da. Bizentak gorpuzten du Euskal Herrian pila bat landu den “ama erabateko” eredua, eta nahi nuen bistaratu zenbait unetan zenbat kalte eragin dezakeen eredu horrek. Izan ere, gatazkari ihes egiten dion ama bat da, saiatzen da guztiari beste leku batetik sostengatzen, atzetik eta isilean. Eta horrela ezin zaie eutsi hainbat konturi, eta azkenean gaixotu eta hil egiten da bat, izan sinbolikoki edo literalki.
Ama eredu hori erabili nahi nuen abisu gisa. Behin hilda, Bizenta ez da usteltzen kontakizunean, eta hor dago abisua: “Hemen nago”. Eta ohartaraztera datorrena ez da, hain justu, “santu bat naiz eta ni naiz jarraitu behar duzuen emakume eredua”. Gehiago da ondokoa: “Bizi, eta ihes egin ihes egin behar duzun tokietatik. Ni bezala hamabost urte hilkutxan egon ostean ez usteltzea ere ez baita egokia”. Batez ere alaba zaharrenari, Anari, zuzendua da abisua, etxetik joan ostean tabernara itzultzen den emakumea den heinetik. Idolatratu baino gehiago zalantzan jarri nahi nuen papera da Bizentak gorpuzten duena.
Aipatu didazu liburuan jasotzen direnek gertutik ukitzen zaituztela. Liburuak, beraz, ukitzen zaituen horretan arakatzera ere behartu zaitu. Nola atera zara hortik?
Hobeto sentitzen naiz. Sentitzen dut galdetu behar nuen zerbait galdetu eta erantzuna jaso dudala, eta nabaritzen nuen min batetik zerbait sortu dudala. Sentitzen dut zeozer zarratu dudala, eta geratu dela aitortza bat bizi osoa lanean pasa duen jende pila bati.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]
Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]
Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.
"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]
Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]
Urriaren 9an Bilbon egindako prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri ditu aurtengo Euskadi Literatura sarien irabazleetako batzuk.
Saran egingo da urriaren 11 eta 12an, eta aurtengoa laugarren edizioa izango da.
Irailaren 28 eta urriaren 5ean eta 19an izango dira saioak. 16 urtetik gorako euskaldunei zuzenduta dago eta dagoeneko izena eman daiteke Iruñeko Udalera deituta.
Zuk, nik eta inguratzen gaituzten pertsona guztiek partekatzen dugun oinarrira jo du Rakel Pardo Perezek (Urdazubi, 1995) bere lehenengo poesia-liburua ardazteko: gizatasunera. Zer esan nahi du gizaki izateak? Zerk ematen digu existentzia, eta zer egin dezakegu emana datorkigun... [+]
Xabier Zabaltza Perez-Nievas historialaria, idazlea eta EHUko irakasleak 'Euskal Herria heterodoxiatik' izeneko liburua plazaratu berri du. Bertan dio Euskal Herria ezinbestean euskara eta euskal kulturaren bidez eraiki behar dela eta horretarako funtsezkoa dela euskara... [+]
Beti daramat kamera bat gainean, zorrorik gabe poltsan galduta edozein aitzakiapean ateratzeko. Dena argazkitzen pasa dut azkenengo urtea, nire leitmotiv akademiko-politikoa denbora librerik ez den heinean, frenesi basatian zerbait hilezkortu edo. Pilatze ariketa bat izan da,... [+]