argia.eus
INPRIMATU
Ares Romans. Tatuatzailea. Oroitzapenak betikotuz.
“Oroitzapenak ilustrazio bihurtu eta betirako irudikatzen ditut jendearen azaletan”
  • Ama eta tatuatzailea da Ares Romans (Cerdanyola, 1991). Bere bigarren alaba, Gea, 2020ko martxoan jaio eta minutu gutxi batzuk geroago hil zen. Esperientzia mingarri hartatik sortu zuen Gea proiektua, dolu perinatalaren babesera zuzendutako zerbitzua.

Saioa Baleztena @Saioabaleztena 2023ko otsailaren 06a
"Inork ez gaitu haur bat betirako agurtzeko prestatzen; naturalena delako gure seme-alabak baino lehenago hiltzea. Baina lau haurdunalditik bat heriotza perinatala da. Beraz, ez da hain arraroa". (Argazkia: Amarte Fotografía)

Noiz eta nola erabaki zenuen tatuatzaile izatea?
Hego Amerikan bizi nintzen eta marketing-aren alorrean egiten nuen lan. Txilen ezagutu nuen Jorge, eta maitemindu egin nintzen. Tatuatzeari ekin genion hilabete batzuk geroago, estudio bat zabalduta. Esperientzia oso txarra izan zen; inork ez zuen ulertzen une hura garrantzitsua zela guretzat. Estudio hartatik irten eta atean bertan Jorgeri esan nion:"Jorge, tatuatzaile egingo naiz maitasun istorioak tatuatzeko". Txileko hiriburuan, Santiagon, ikastaro interesgarri bat egitekoak zirela ikusi nuen; han hasi nintzen eta gaur arte.

Zure bigarren alaba, Gea, 2020ko martxoan jaio eta minutu gutxira hil zen. Pandemiak eztanda egin zuen handik hamar egunetara. Une gogorrak, ezta?
Gea hil zenean nire bizitza paralizatu zen, erabat. Hamar egun geroago konfinamendua iritsi zen eta ezin hobe oroitzen dut, telebistaren aurrean, albisteak ikusi genituen unea. Egia esan, niretzat oparia izan zen pandemia: seme zaharrenarekin eta bikotekidearekin, hirurok elkarrekin egon ahal izateko aukera eman zigun. Jorgek aitatasun baimena izan zuen, patioan hamaka bat jarri genuen eta lasai bizi ginen. Mundua gelditu zen aste horietan geure zauria ondo miazkatu ahal izan genuen, inor etxera etorri eta inork halako presiorik egin gabe. Ezinbestekoa izan zitzaigun dolua hobeki igarotzen hasteko. Gero, poliki-poliki, galderen erantzunak bilatzen hasi nintzen eta horrek ere lagundu zidan. Baina hasierako une hura, dolua, urrezkoa izan zen niretzat.

Testuinguru horretan sortu zenuen Gea proiektua. Nola gertatu zen?


Gure alaba hil eta hilabete inguru geroago, Jorgeri laguntza eskatu nion. Besoan hainbat senide tatuatuta ditut eta Gea ere egin nahi nuen. Jorgek lagundu zidan tatuatzen, baina ikaragarri gaizki atera zitzaidan, negar batean ari nintzelako tatuajea egiten ari nintzen bitartean. Aurki ikusi nuen azalean marraztea sendatzailea zitzaidala; horrela erabaki nuen proiektua sortzea. Doluan zeuden faimliei tatuajeak oparituko nizkien. 

Erran eta egin. Nolako harrera izan du Geak?
Ederra. Dagoeneko 300 familia baino gehiago pasa dira gure estudiotik. Eurek estudioa eta materiala ordaintzen dute eta nik nire lana oparitzen diet. Proiektua orain handitu egin da eta artapena tatuajeaz haratago ere badoa; babes emozionala ematen diegu lehen unetik, bai erditzean, baita ospitaleko lehen egunetan ere.

Nola egiten duzu lan?
Tatuajeak, tatuaje hutsak baino askoz ere gehiago dira niretzat: oroitzapenak ilustrazio bihurtu eta betirako irudikatzen ditut jendearen azaletan. Mimo handiz egiten dugu lan.

Horrez gain, nire lana egiteko 30 minutu behar baditut, bi orduko hitzordua egiten dugu. Familia ezagutu eta eurekin solastatzeko aukera dugu horrela, eta ilustrazioaren azken ukituak eurekin lantzea gustatzen zait, emaitzarekin pozik geratzeko. Oso harro nago egiten dugunaz.

Heriotza tabua da. Sistemak nahikoa prestatzen al gaitu haur bat betirako agurtzeko?
Inork ez gaitu prestatzen, naturalena behintzat gu geure seme-alabak baino lehenago hiltzea baita. Heziketa anitz falta da, eta normalizatuta egon beharko luke. Izan ere, lau haurdunalditik bat heriotza perinatala izaten da OMEk emandako datuen arabera. Beraz, ez da hain arraroa. Eta ez hori bakarrik, haurdunaldian ez da dena arrosa kolorekoa: baliteke, guri gertatu zitzaigun bezala, haurdunaldian zure haurtxoari kardiopatia bat diagnostikatzea, eta horretarako ere prest egon behar dugu, laguntza eskatu ahal izateko.

Dolu perinatala ere tabu handia da. Zer esango zenioke haurtxo bat hil zaion familia bati eta haren inguruko jendeari?  
Askotan, besarkada batek hitzak baino balio gehiago du. Izan ere, haur bat hiltzen zaigunean ez da behar ezer esatea. Are gehiago, mina hain ikaragarria da ez dagoela ezer esateko, ez dago hitzik min hori sendatuko duenik. Egin dezaketen hoberena da familia horrek bizitako esperientziari espazioa ematea, janaria eraman eta txakurrik badute, hori paseatzera ateratzea, baita haurraren izena galdetzea eta jaiotze-data apuntatzea ere. Gizarteak sarri existituko ez balira bezala jarraitzen du, baina euren inguruan solastatzeak laguntzen du.

Amaitzeko, amatasuna idealizatuta dagoela uste duzu? Nola aurreikusten zenuen zuk ama izan aurretik?
Txikitatik argi nuen ama izan nahi nuela. Horregatik bidaiatu dut asko. Harro nago ama izan aurretik egindako guztiaz. Nik amatasuna erraza zen zerbaiten gisa irudikatzen nuen. Uste nuen nomadak izanen ginela, eta han eta hemen lan eginez biziko ginela. Gero ikusi nuen ezetz. Gure hirugarren semeari bihotzeko ebakuntza bat egin zioten jaiotzean, eta, ondorioz, ezin dugu nahi bezain bertze bidaiatu.

Artea bidelagun

"Artea betidanik egon da presente nire bizitzan. Nire ama arte kolekziogilea zen eta gaur egun margolaritza erakusketak egiten ditu; nire aita ezagutzen dudan marrazkilaririk onena da. Ahizpa eta biok, txikiak ginenean, arte erakusketa eta galerietara eramaten gintuen amak. Beti esaten zuen gure inguruan edertasuna zegoela, eta gu ere gai izango ginela edertasuna sortzeko. Gaur egun horrek durundatzen nau behin eta berriz. Gurasoek, baina, ez zuten sekula artea ogibide posible gisa ikusten, eta ez ziren saiatu eta ez zidaten akademikoki sustatu. Zaletasuna zela zioten. Gerora, tatuajeekin kasualitatez egin nuen topo, baina uste dut dena aurrez nonbait idatzita zegoela".