Ekosisteman, kliman eta beraz bizian atzerabueltarik gabeko eraginak izanen lituzkeen erabaki bat eztabaidagai ukanen du martxoaren 16tik 31ra Itsas Hondoen Nazioarteko Autoritateak: itsaspean dauden metal eta mineralen erauzketari bidea ireki ala ez. Enpresa estraktibistak itsaspeari begira jarriak dira, 200 metrotik 10.000 metrora arteko hondo horiei, eta lobbygintzan dabiltza. Parean, ekologistak eta zientifiko andana daude, laster posizionatu beharko duten estatuak informatzeko lanari lotuak. Hil ala biziko sokatira dugu. Estraktibistek irabaziz gero guztiak izanen gara galtzaile.
Kapitalismoak ez dauka mugarik, aseezina da bere gosea, eta itsas hondo sakonei begira daukagu orain: itsasoaren behealdean 200 metrotik 10.000 metrora arte doan zolari. Sakontasun horietako mineralak eta metalak eskuratzea du amets –besteak beste, zink, urre, zilar, kobre, manganeso, kobalto, nikel ala litio–.
Alta, kasik heldu ezina den eremua dugu, mendi-katez, sumendiz, arroilaz eta eremu zabal abisez osaturikoa. Argia ere ez da heltzen sakonera horietara eta iluntasuna da nagusi –zer-nolakoa den ekosistema, bertako bost animalietatik batek du argia jaulkitzen hunki orduko, biolumineszentziari esker. Eta Parapandalus sp. ganba bat ere dago, argia goiti botaz bere ingurua argitzen duena! Kideak atzemateko, elikadurak errazkiago aurkitzeko eta behar orduan lasterrago ihes egiteko balio die biolumineszente izaerak–. Anne-Sophie Roux ekologistak ondokoa dio Radio Nova irratiari eskainitako elkarrizketan: "Itsas hondoa baino hobeki ezagutzen dugu ilargiaren azala". Ez ditugu ezagutzen bertan bakean diren espezieak –zientifikoek diote gure ekosistemako espezien %80 deskubritu gabea daukagula–. Baina berdin dio, hainbat enpresa eta estatu itsas hondoko metal eta mineralak eskuratu nahian dabiltza, eta bertako guzia xehatzeko prest dira.
Itsas hondoari buruzko ikerketa zientifiko guti ditugu eta ezjakintasunak gehiegi. Horregatik dabiltza erausketei buruzko moratoria bat lortu nahian
"Nodulu polimetalikoa" nozio zientifikoz izendatzen dira eremu horretako aberastasun geologikoak. Zehazki, bost eta hogei zentimetro arteko diametrodun bolak dira, hazteko milioika urte behar izan dituztenak. "Itsas hondoan guzia, guzi-guzia, oso poliki doa. 1980ko hamarkadan itsas hondora egindako lehen espedizioetako talde batek utzitako arrastoak atzo egin izan balira bezala ikusten dira. Milioi bat urte behar dute manganeso-noduluek, ozeanoen hondoko metal preziatuzko pipita horiek, 5-20 milimetroz hazteko. Ekologistek abisua emana dute suntsituta dagoen guzia ez dela denbora luzean birsortuko, eta agian inoiz ez dela berriz agertuko", irakurri daiteke Heinrich-Böll-Stiftung Fundazioaren 2018ko Ozeanoen Atlasean. "Sulfuro polimetalikoei" ere begira dira, horiek kobrez, burdinez, urrez, zilarrez eta zinkez aberatsak, itsaspeko gune bolkanikoetan direnak; baita "kobaltodun azaldurei" ere, mendi tontorretan dagoena –100.000 lirateke 1.000 metroz gorako itsaspeko mendiak–. Irensgailu eta hondeagailu erraldoi batzuk bertaratu eta zolak karrakatu eta irentsiko lituzkete, ondotik hodi bidez bideratzeko enpresen itsasontzi eta plataformetara.
Erauzketa horrek kliman eragin atzeraezina luke: zientzialariek diote berotegi efektua dakarten gasen %38 xurgatzen duela itsas hondoak baita isurketa horiek eragindako berotasunaren %93 ere. Zer gertatuko da karbono dioxido horren askatzearekin? "Karbono-bonbatzat" daukate erauzketa hori, eta nola ez, klima larrialdia pairaezina bihurtzeraino gaiztotu besterik ez luke eginen. Nahiz eta eragina argi ukan, eremu horri buruzko ikerketa zientifiko guti ditugu eta ezjakintasunak gehiegi. Horregatik dabiltza moratoria bat lortu nahian hainbat eragile, eta hori zuhurtasunaren printzipioaren izenean.
Oraingoz Itsas Hondoen Nazioarteko Autoritateak ez du erauzketa baimentzen, baina iazko uztailaz gero mahai gainean du auzia. Industria horri ateak irekitzeko sekulako presioak jasaten dabil lobbyen eta estatu batzuen partetik. Azken horiek, 2023ko uztailerako nahi lituzkete aldeko legedi eta prozedurak, ustiaketarako lizentziak jaso ahal izateko. Ekologisten kexua hauspotzeko balio dute beraien argudioek, tartean beraien greenwashing joera ausartak: trantsizio ekologikoa bideratzeko ezinbesteko urratsa litzateke. Beraien hitzetan "berdeak" diren teknologia berrientzako (auto elektroniko, plaka fotovoltaiko eta beste) ezinbestekoak dira mineral eta metal horiek, eta lur gainekoak ez lirateke nahikoak aldaketa hori bideratzeko. Trantsizioaren izenean "karbono bonba" bat zapartarazteari buruzko eztabaidan sartu gabe, baieztapen hori gezurtatzen du Anne-Sophie Roux ekologistak: "Ekonomia zirkularra eta jadanik ateratako mineral zein metalen birziklapena osoki bideratuko bagenitu, orduan erantzuten ahalko genuke eskaerari".
Ekologistak dabiltza informazioa zabaltzen eta estatuen ordezkariei begira pedagogia eta presio lanak egiten. Horri esker zuen Frantziako Parlamentuak moratoriaren alde bozkatu urtarrilaren 17an, gehiengo osoan –215 bozka alde eta eskuineko eta eskuin-muturreko 56 aurka–. Industria horrek eragindako kalteen lehen lerroan egonen liratekeen Ozeano Pazifikoko ugarteetakoek abiatu zuten aurkako mugimendua, eta beste estatu batzuk ere dira moratoriaren alde: Zeelanda Berria, Alemania, Panama, Txile ala beste.
Zientzialariek diote berotegi efektua dakarten gasen %38 xurgatzen duela itsas hondoak, baita isurketa horiek eeragindako berotasunaren %93
Greenpeace zein WWF bezalako Gobernuz Kanpoko Erakundeak ere dabiltza kanpainak bideratzen. Baina ez dira bakarrak: Deep Sea Conservation Coalition izeneko koalizioaren parte dira ehun bat kolektibo. Buru-belarri dabiltza, hain zuzen, denbora mugatua zaigulako: martxoaren 16tik 31ra iraunen dute negoziaketek, Jamaikako Kingstonen iraganen direnak, eta orduan ariko dira 168 kideak itsas hondoen esplorazio eta esplotazioaz eztabaidan.
Oraingoz esploraziorako baimenak ditu banaturik sektore hori hobeki kudeatzeko 1994an sorturiko Itsas Hondoen Nazioarteko Autoritateak. Orotara berrogei bat banatu izan ditu eta eremuari dagokionez, 1,3 milioi kilometro koadro dituzte ikergai. Baimen bakoitzak eremu alimalea gordetzen du bere baitan, eta hori horrela, ustiapenaren pausoa emanez gero ondorioak irudikatzea ez zaigu neke... Adituek argi dute: ekosistema nahaspilatuko luke industria horrek, itsaspeko fauna eta flora ezezagunak suntsituz. Besteak beste, lurzoruaren sedimentuak mugitzeak kalte egin diezaioke uraren uhertasunari, argitasunari eta osaketa kimikoari, dakigulako gainera, ondotik hondakinak isurtzen dituztela ur horietara, milioika urtez zegoen oreka apurtuz –demagun, ekosistemari egokitzeko garatzeko gai izan diren biolumineszente izaera liluragarria ez litzateke nahikoa ur nahasi horietan–. Zerrerranik ez tresneriak eragindako kutsadura akustikoaz.
The Metals Company enpresa kanadarraren esplorazio eta testen berri eman ziguten urte hastapeneko bideo batzuek; baimenik gabe, itsasontzian ziren zientifikoek zabaldu zituzten, gertatzen ari denaz herritarrak informatzeko: axola gabe, metal eta mineralen ustiaketak eragindako zaborrak itsas azalera botatzen ageri dira –ilegalki gainera, baimenaren baldintzetariko bat delako erabiliko ez dutena berriz itsas hondoan hustea–. Nauru, Kiribati eta Tonga estatuekin eskuz-esku lortu zuen enpresa kanadar horrek lehen esplorazioa "testatzeko" baimena. Baimen bakarra Pazifikoko Clarion Clipperton eremurako... hango 3.600 tona pipita ñimiño bereganatzeko.
Valentziako tanta hotzaren ondoren hondamendiaren itzala beste leku batzuetara ere hedatu da: zer gertatuko litzateke horrelako denborale erraldoi batek Esako urtegi handitua kolpatuko balu? Eutsiko ote lioke presak? Urak gainezka egingo ote luke? Galderak hor daude eta... [+]
Brasilen suteek 30,86 milioi hektarea baso eta eremu natural suntsitu zituzten iaz, Italia osoaren azalera baino gehiago. Suteek %79ko igoera izan zuten 2023arekin alderatuta, Fire Monitorren ikerketa batek agerian utzi duenez.
Lapurdiko hezegunea funtsezkoa da biodibertsitatearen biziraupenerako. Proposamena eremuan zabaldu dute eta Errobi inguruko sistema hidrauliko osoa barnean izango luke; Baionako, Angeluko, Basusarriko, Milafrangako eta Uztaritzeko Aturri ibaiaren ibaiadarrak, esaterako. Bost... [+]
Zirkulazioan lehentasunek garrantzi handia dute. Gidatzeko ikasten dugun lehen gauzatakoak dira: biribilguneak eta STOPak menperatu ezean nekez lortuko dugu gidabaimena.
Hala ere, lehentasunak ez dira kontu neutroak, eta historiak eta interes kontrajarriek aldatu izan... [+]
2024ko urriaren 29an epaiketa izan zuen Arabako Mendiak Aske taldeko kide batek, 2022ko otsailean jaso zuen isunaren harira. Isuna ordaintzera zigortu du epaileak Mozal Legea aplikatuta. Iturrietako mendietan oinez zihoazen, lehen mendi martxa antolatzeko prestaketa lanetan,... [+]
Stargate izeneko proiektuarentzat 500.000 milioi dolarreko inbertsioa iragarri du AEBetako presidente izendatu berriak. OpenAI, SoftBank eta Oracle konpainiek hartuko dute parte.
Urte berriaren hasieran asmo berritu egiten gara dirudienez, eta egin beharreko zereginen zerrendak egiten ditugu gutako batzuk. Egiteko horien artean irakurtzeko ditudan liburuen zerrenda izaten da bat, gero eta zerrenda gizenagoa. Zuetako ez gutxik zer irakurtzen dudan galdetu... [+]
Sekula bananarik jan ez duten bi lagun ezagutzen ditut; nerau bat. Bananazalea da, ordea, jendea. Afrika eta Asia aldean sortutako landare generoa da banana (Musa x paradisiaca), baina gaur egun Ameriketan ere asko egiten da. Ekoizlerik handiena India da, eta esportatzaile... [+]
Nekazaritzan trebatzeko eta proiektu propioak abiatu aurretik ekoizpenean eta merkaturatzean norbere burua probatzeko, abian dira gurean nekazaritzako hainbat test gune. Araban, 2023an abiatu zuten Aleko nekazaritzako test gunea, baina, antzeko egitasmo gehienekin alderatuta,... [+]
Arboletako hostoak eroriak dira eta basoko lurra estalia dute. Lurraren eta hosto gorrituen artean, alabaina, sortzen da geruza fin bat, arreta gutxi jasotzen duena, baina espezie askoren biziraupenerako garrantzi handia izan dezakeena. Hezetasuna mantentzen du, zomorroak... [+]
Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.
Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.
Duela hiru urte onartutako Klima Aldaketaren aurkako legean jasota zegoen neurria
Laborantza industrialak, urtegiek eta kutsadurak ondorioztaturiko "gaitzeko presioengatik" desagertzekotan dira ehundaka espezie. Bilakaera hori saihesteko asmoz, "berehala hartu beharreko aldaketak" galdetu dituzte Nature aldizkariak urtarrilaren 8an... [+]