Non dago komentatu didazun tokia?", "Google Maps-en". Geolokalizazioa eta kartografiatzen duen mapa, gailu boteretsuak bilakatu dira gure gizartean. Eraginkorrak dira: ligatzeko, erosteko, jateko eta leku batetik bestera mugitzeko. Mapan ez dagoena, existitzen ez dela sinistu arte. Baina ez dezagun ahantzi mapa ez dela errealitatea bera; zer agertu eta zer desagertu ideia batek domeinutzat duela eta beraz errealitateari forma eta deforma emateko gai dela.
Donostiako Tabakaleran urtarrilean egin den “ikusezina ikusten” programan ikusgaitasunik gabeko, isilarazitako edo zailak diren egoerak eta fenomenoak mapa batera eramaten dituzten lanak aurkeztu dira. Datuen geolokalizazio ariketan, oharkabean dagoena ikusgai edo agerikoago egin daiteke; geografia eta datuak gurutzatzean eta mapa batean islatzean, badago kontakizun bat osatzeko osagairik. Lokalizazio batek duen uholde edo sute arriskua konta daiteke, adibidez. Migrazio mugimenduen edo hilketa baten kartografiatzea berriz, gertakizun baten froga izan daiteke.
Missing Maps lan humanitarioa egiten duten eragileen proiektua da. Estatuek kanpo utzi dituzten tokiak/jendea mapetara eramateko ekintza burutzen dute, zenbat eta non diren jakiteko eta laguntza ematea ahalbidetzeko. Existitzen diren mapetan ikusezin bihurtu dutena agerian jartzeko bokazioa duten mapak dira. Leku eta jende horrek, une batez, mapan ikusgarritasuna izan dezaten. Mexikoko desagertuen kasuan, mapetan emozioak brodatzen dituztenak daude, ez-daudenen presentzia deituz eta bilaketa-ekintzaren bestelako narrazioak sortuz.
Beti egongo da gure mapatik kanpo geldituko dena, ezkutuan mantenduko dena, behin-behineko ikusgarritasuna izango duena, pertzibitzeko gai izango ez duguna; eskapatzen zaigulako, ezin direlako mapetan jaso, ahaleginak ahalegin. Gainera, agian, batzuek desagerturik jarraitu nahi dute, maparen ikusgarritasunetik urruti, biziraupen edo ezezagunaren-existentzia mota baten gisara.