Lagun talde txiki bat lerrotan jarrita dago. Aretoan ez da musika talderik baina musikak Espora espazioa inbaditu du. Hormetatik biraka dabil, bost bozgorailutatik uluka. Musika erreproduktorean Akauzazte taldearen Dan Danok diskoa jarrita dago. Jendeak adi entzuten du. Isilik eta, askok, begiak itxita. Irudia indartsua da kanpotik ikusita, zirkuluaren barruan ez bazaude. Horrela nabil ni, begiak zabalik eta aretotik bueltaka, musikarekin batera jendearen inguruan bidaian.
Hau bi formatutan entzuteko egina izan zen. Diskoak bi aurpegi ditu. Batean hamaika abesti daude, bestean zazpi baino ez. Akauzaztek ohikoa duen moduan, abesti hauek su txikian egosi ziren Matadeixen, etxean, non bestela. Han, Izarraitz pareko babeslekuan grabatu, nahastu eta atondu zituzten. Nahasketa haiek Angel Katarainek bere gisara birmoldatu zituen 5.1 erara nahastuz. Horrela, disko hau entzutea ispiluan barna abiatzea bezalakoa da: bi begirada, bi esperientzia desberdin. Antzekoak diruditen bi mundu jartzen zaizkigu aurrez-aurre, txanpon beraren bi aurpegi.
Hau Akauzazteren unibertsoa hedatzeko egina izan zen. Taldea ohikoak dituen koordenadetan mugitzen bada ere, propioa duten gose kanibalak bultzatuta, eremu berriak esploratzen jarraitu zuten beraien zazpigarren lan honetan. Hemen Artze, Laboa, Neubauten, Swans, Cave eta abarreko erreferentziekin batera, erraietatik sortua eta inkonszientearen alde ilunetik ekarritako musikarekin batera, lurralde berriak ezagutuko ditugu. Mapan ezkutuan zeuden bailara eta kobak erakutsiko zaizkigu. Katarainek atondutako bertsioak taldeak ezinezkoak zituzkeen lekuak transitatzen ditu. Entzunaldiaren ondoren izandako solasaldian Roge taldekideak esan bezala: “Hau ezin zen galdu”.
Momentu batzuetan negar malkoak ere erori dira entzule batzuen begietatik behera. Hau beste norbaitek abesteko egina izan zen. Horrela dio lana irekitzen duen lehen esaldiak. Horrekin ematen zaio hasiera diskoari exorzismo bat bailitzan. Hau Josetxo Anituak abesteko egina izan zen. Bere heriotzaren ondoren taldekideek bete behar izan zuten hark utzitako hutsunea. Inbokazioak gorabehera, heriotza disko osoan zehar izango da gurekin. Ezinezkoa izango da mamuei izkin egitea. Hobe beraiekin batu eta esan behar digutena entzutea. Beraien presentzia eta esentzia gure artean onartzea. Horrela onartu dute entzuleetako batzuek.
Hau danok gozatzeko egina izan zen. Autoekoiztu eta libre jarri baitzen danon eskura. Horrelakoa baita Akauzazteren izaera. Zoritxarrez 5.1 bertsioa entzuteko gailu berezia behar da, gutxik eskura duten tresna. Horregatik antolatu da emanaldi hau, nahasketa berezi honetaz gozatzeko, ispiluaren bestaldean dagoena ezagutzeko. Akauzazteren unibertsoaren txoko ezezagunenak ere elkarrekin deskubritzeko.