argia.eus
INPRIMATU
Bigarren ataletik
Andrea Bartolo @TxindurriG 2023ko otsailaren 01

Ofentsiba inperialista globalaren garaian bizi gara. Gehienetan, inperialismoa bere aurpegi esplizitu eta basatienarekin lotzen da: gerra inperialista. Inperialismoa, ordea, prozesu askoz konplexuagoa da, erdigune inperialistak "periferien" gainean duen dominazio-harremanean adierazten dena. Inperialismoak gerra esan nahi du, baina beste hainbat aurpegi ditu: dependentzia ekonomikoa, baliabideen eta lan-indarraren esplotazioa, eta kulturaren desjabetzea. Desjabetze kulturala funtsezkoa da inperialismoarentzat. Inperialismo kulturala, batetik, kultura dominantearen inposaketa da, eta bestetik, tokian-tokiko kultura, erritual, ohitura eta bizimoduen suntsipena. Halaber, kontakizun baten inposizioa ere bada, Historia (Bakarra eta Ofiziala) bihurtzen den kontakizuna.

Inperialismoak historian eragiteko duen modua errebisionismoa da. Horren boterea ez da historia asmatzea, baizik eta "denbora historikoaren" erabilera interesatua egitea. Chimanda Ngozi Adichie-k planteatzen duen moduan, "herri bat desjabetzeko modurik sinpleena bere historia bigarren ataletik kontatzen hastea da". Zentzu berean, Mourid Barghouti-k dio: "Hasi historia bigarren ataletik kontatzen, eta Amerikako indiarren geziak kriminal bihurtuko dira, eta zurien armak biktima"; era berean, "beltzek zurien aurka senti dezaketen amorrua benetako ankerkeria bilakatuko da".

Historia bigarren ataletik hastea inperialismo kulturalaren marka da. Bigarren atalak estatu kolpeak, esku-hartze militarrak, atxiloketak, torturak eta genozidioak legitimatzen dituelako

Historia bigarren ataletik hastea inperialismo kulturalaren marka da. Bigarren atalak estatu kolpeak, esku-hartze militarrak, atxiloketak, torturak eta genozidioak legitimatzen dituelako. Ofentsiba inperialistak gauzatutako gatazka guztiak bigarren ataletik hasiz kontatzen dizkigute Mendebaldeko hedabide eta politikari guztiek. Hori horrela, Ukrainako gerra 2022ko otsailean hasi zela esaten digute, Errusiaren inbasioarekin, ez, ordea, 2014an Donbassen aurkako bonbardaketekin. Era berean, Israel eta Palestinaren arteko "gatazka" Gazatik Tel Avivera jaurtitako koheteekin hasi zela diote, eta ez Israelen kolonizazioarekin eta apartheid politikarekin. Libia, Siria, Afganistan eta Iraken "ezegonkortzea", bestetik, botere-hutsune eta gerra zibileko testuingurutik hasi zela xuxurlatzen digute, eta ez inbasio inperialistarekin. Eta Afrikako kontinenteak bizi duen miseria "tribuen gatazkekin" hasi zela oihukatzen digute, eta ez inperialisten kolonizazio, gerra, estatu kolpe eta genozidioekin.

Gaur egun, inperialismoaren aurka borroka egitea gure historiaz birjabetzea ere bada, kontakizun bakarrarekin hautsiz eta bigarren ataletik hasten den historia suntsituz. Historia lehenengo ataletik kontatzeko beharra dago, hartatik abiatzeak emango baitigu historia gudu-zelai eta askatasun-tresna bihurtzeko aukera.