argia.eus
INPRIMATU
Amatasun libre eta nahi izana
Tere Maldonado @teremaldon 2023ko otsailaren 01
PAULA ESTÉVEZ

Feministok zer den eta zer izatea nahi dugun arteko tentsioan bizi gara. Munduaren ezaugarri askori buruz uste dugu, zintzo, ondo ez daudela, justuak ez direla, alda daitezkeela eta aldatu behar direla. Horien artean gurasotasunaren eta bereziki amatasunaren baldintza materialak daude.

Ia emakume guztiek egiten diote inoiz galdera hau euren buruei: ama izan ala ez izan? (Gizonen artean ez da hain ohikoa aitatasunaren aukeraz galdezka ibiltzea, baina oraingoan ez gara hor sartuko). Batzuoi ordu laurden batean pasatzen zaigu duda, erantzuna zentzu batean zein bestean izan, baina beste asko zalantzan gora eta behera ibiltzen dira luzaroan. Emakume askok muinak urtzen dituzte argitu nahian ea erditu (edo adoptatu) ala ez; bakarrik, bikotean, hirukotean, tribuan, orain ala geroago. Ama bihurtzearen alde onak eta txarrak aztertzen eta neurtzen saiatzen dira: mereziko al du? Pozik egongo naiz? Damutuko ote naiz? Une egokia izango ote da? (Oker ez banago, galdera gehienak norbere buruari eta ama moduan izango duen bizitzari buruzkoak dira, ez hainbeste etorriko den umeari buruzkoak).

Gaur, hemen, amatasuna ez da patu ekidinezina emakume gehienentzat: erabaki dezaket ama ez izatea. Baina ama izatea erabakitzen badut (orain, hemen), eta oso bereziki neuk bakarrik izatea erabakitzen badut, bikotekiderik gabe edo hazkuntzan parte hartzeko prest dagoen sare handirik gabe, ziur aski, nire egunerokotasunean uko egin beharko diet plan batzuei. Adibidez, zinemara nahi dudanean joateari, bermuta luzatu eta desorduetan jateari, gradu bat denbora laburrean ateratzeari, edota asko interesatzen zaidan hitzaldiari. Hori biderkatuko da pobre banaiz, edo lanbide xurgatzailea edo ordutegi kaskarrak baditut.

Komunitatea atera dugu xisteratik, bertan dena Yuppiren mundua modukoa balitz bezala, besteak zaintzea eta artatzea soilik maitasunez edo soldata duin baten truke egin behar den zerbait balitz bezala

Pobrezia bidegabekeria da berez, eta baita ere lanen ordutegiak bizitzarekin bateraezinak izatea, edo beharrak dituzten pertsonen zaintza eta arreta prekarizatuta eta bermatu gabe egotea. Horregatik, zaintza-sistema publiko bat erreibindika dezakegu eta aldarrikatu behar dugu, eta horretan ari gara, bizitza duina emateko zaindu behar denari eta modu profesionalean edo ingurune pertsonaletan zaintzen duenari. Baina irudikatu ahal dugun zainketa unibertsal eta bermatuen zerbitzu publikorik onenak, hemen eta orain, eta, ziur aski, imajina daitekeen mundurik onenean ere, ez du inoiz lortuko (eta ez du lortu behar) hartzen ditugun erabaki jakin batzuei lotutako sakrifizio-dosi gutxienekoak erabat ezabatzea.

Zehazki: negar, oihu eta enbarazu egiten duen nire umearekin museo batera edo antzerkira joatea, denetarako eta etengabe eskubidea omen dugulakoan. Eskubide aldarrikapen forman mozorratuta badator ere, neoliberalismoak eragindako infantilizazioaren ondorioa da, I want it all and I want it now (dena nahi dut eta orain nahi dut) leloaren ildotik. Guztion kalterako da: antzezleentzat, gainerako publikoarentzat, ama edo aitarentzat eta haurrarentzat. Gezurra da beti dena ahal izatea, gauza bateraezinak eta uko egitea dakarten erabakiak daude.

Sakrifizioa judu-kristautasunaren programari dagokiola aldarrikatu dugu eztabaidarik gabe. Eta gu hedonistak gara, ez dugu moral judu-kristaua onartzen; beraz, ez-ez-ez, sakrifiziorik-ez. Baina… benetan? Ez genuke berriro pentsatu beharko? Zer lor daiteke bizitzan sakrifiziorik gabe? Komunitatea atera dugu xisteratik, bertan dena Yuppiren mundua modukoa balitz bezala, besteak zaintzea eta artatzea soilik maitasunez edo soldata duin baten truke egin behar den zerbait balitz bezala, inoiz ez obligazioz edo sakrifizio pertsonalez. Sakrifizioaren apologia kristauen esku utzi dugu (beste gauza asko bezala). Eta hor gabiltza, kapitalismoak ezarritako mundu ustez hedonistan galduta.