argia.eus
INPRIMATU
Adinkeria
Eva Perez-Pons Andrade @Eva__96 2023ko otsailaren 01

Noizbehinka, ispiluaren aurrean paratzen naiz pentsatzera zelan den posible hogeita sei urterekin jendeak etengabe adin txikikoa den pertsona batekin nahastea. Perspektiba aldatzen zait hemeretzi urteko gazteak ikustean, lasai asko, nik baino hamar urte gehiago izan ditzaketela iruditzen zaidalako gehienetan. Eta, egiaz, ez dit inporta. Edo ez litzaidake inportako adinkeriak agintzen duen biolentzia egunerokoan jasango ez banu: infantilizazioa, ezezagunen errietak, kidearekin leku batera joan eta langileak niri dagokidan zerbait hari galdetzea, ez begiratzea, dendan garagardorik salduko ez didatela esatea, poliziek txiki deitzea (azken horrekin ezin dut) edota gizon heldu ezezagun batek kaletik jarraitzea eskolatik natorren galdetuz (bai, gertatu zait). Hala tratatzen ditugu gazteak: inongo agentziarik ez duten objektu gisa. Gure frustrazioak botatzeko zabortegi gisa. Nik, tamalez, hogeita sei urterekin hau eta gehiago jasaten jarraitzen dut, adin txikikoa den mutiko batekin nahasten nautelako. Iruditegi kolektiboan bolleren gorputzek tokirik ez dutelako. Faborez, ez tratatu gazteak zuen nagusiek tratatzen zaituzteten bezala.