China antes del comunismo ateratzen zait bideoren bat ikusi nahi dudan ia bakoitzean, dantza ikuskizun baten iragarkia. Edo Oral B, edo Katy Perry janaria eskatu eta eskatu. Baina jasangarria dela erabaki dugu telebistako publizitate tarteen aldean, ez dugu Premium konturik (horren iragarkia ere agertzen zaigu). Ni egiten ari naizen hau ere, Youtuberen publizitatea izan daiteke, baina horrela, marken bidez hitz egitera ohitu gara. Eta hitzik esan gabe ere, erakusleiho baten parte sentitzen naiz kalean paseatzen.
Negurako arropa gutxi, eta umeari trineoa erosi bitartean jertse hori bat ere jarri nuen erosketen artean. Umea dudanetik berehala identifikatzen ditut Decathlon produktuak, ez dut Nabaiji markaren hizkirik ikusteko beharrik: bainujantziak, patineteak, kamiseta termikoak, trineoak, flotagailuak… eta jertse horia. Ez dugu soinean hizkirik behar kartel publizitario izateko. Kaleko kolore bakarra nire jertsearena balitz bezala sentitzen naiz, eta kolorea horia ez, Decathlon balitz bezala.
Publizitatea, beraz, nahiko sotila izan daiteke. Ez dakit zein publizitate mota den marka jakin bat kontsumitzea derrigorrezko bilakatzea, adibidez, eskolako kontuez enteratu nahi baduzu. Whatsapp taldeak. Ez dago modurik beharrezkotasun horrekin amaitzeko? Badakit kontrako norabidean goazela, baina komunikazioa postaz zenean, zerbitzu publikoa zegoen, eta telekomunikazioekin ere existitu zen. Egia da zerbitzu hori, Whatsapp, doan dela (pentsa dezagun zerbitzu hori erabiltzeko gailuak eta bideak ere hala direla), dirutan, inor ez da kanpo geratzen. Baina gure alde ustiatuko ez diren beste kontu batzuk oparitzen ditugu: beraz, bai, doan da, eskubidetan baino ez dugu ordaintzen.