argia.eus
INPRIMATU
Mari D.
Itxaro Borda 2023ko urtarrilaren 25a

Olentzerori emazte bat gehitu diotela ikusten dudan aldi oroz, irri sarkastikoz lehertzeko gogoa pizten zait. Gure ikazkina, azken urteotan, Mari Domingirekin agertzen da karriketara, haurrek bikote horretan beren gurasoena zehatz ikusten dutela: aita, ama, umeak. Besterik ez. Gauza ezaguna da, txikienak hetero-araua ez dakarren edozein eredurekin txokatuak izan daitezkeela, ez direla traumatizatu behar, bereziki Eguberri egunetan.

Badirudi ezkon edo bikotekide gabea izatea ahalkegarria dela: ezkontzak zentzatzen zaitu alabaina eta gizartean leku on bat segurtatzen dizu. Familietako osaba edo izeba sumituaren jokotik kanpo zaude, ezkerreko hatzean eraztun bat duzun ber. Mutil edo neska zahar, mutxurdin, karlos, ezkongabe, hainbat hitz baditugu euskaraz egoera lotsagarri horren errateko, nahiz eta baserri guneetan, Pierre Bourdieuk ederki aztertu zuen bezala Bearnoarentzat, laborari-etxeetako gizonen edo emazteen segidarik eza egiazko tragedia bilakatzen den.

Lau andre, hiru mutxurdin, bat alarguna ari ziren trukean harri xabal baten gainean... Elizanbururen algara gordina gaur ere jasanezina al zaigu?