argia.eus
INPRIMATU
Jauzi egitea dagokigu
Ainhoa Etxaide Amorrortu 2023ko urtarrilaren 23a

Bizi dugun krisiaren atzean dauden politikak kudeatzen dituen batek zera adierazi zuen, orain ez gehiegi: “Euskal Herrian azpiegitura proiektu guztiek dute bere herri plataforma”. Garaiz kanpoko erritual sozial antzu bezala irudikatu zuen gure ingurua txikitzearen, baliabide publikoak xahutzearen eta instituzioak gutxi batzuen zerbitzura jartzearen kontrako borroka.

Instituzioek hartzen dituzten erabakietan parte hartzeko dugun eskubideak beraien eredu politikoan zein leku duen argitu zuen, bide batez. Horrela izan behar du, bai EAEn parke eolikoak han eta hemen eraikitzeko inolako plangintza orokor eta adosturik gabe, bai Nafarroan ekologikoa zer den eta zer ez den esatea interes pribatuen esku dekretu bidez uzteko, eragile sozial eta sindikal gehienen iritziaren kontra.

Krisi klimatiko eta sozialak erabakiak hartzera behartzen gaitu, urratsak egitera, arduraz jokatzera; herriari bizkar emanez egiten ari diren kudeaketan, gure interesek eta eskubideek ez dutelako inolako lekurik. Arduragabekeria hutsa litzateke gure etorkizuna euren eskuetan uztea, eta hori da, hain zuzen ere, herri ekimenen funtsa: instituzioek ukatzen diguten parte hartze politikorako aukera herritarren eta eragile sozialen ekimenez posible egitea eta bideratzea. Beharrezkoa izan da beti, eta funtsezkoa zaigu orain.
Politikoa, soziala, sindikala izan, ekimenaren indarra biderkatu egiten da ekintzak bere horretan ulertzen direnean, ez dutenean azalpenik behar. Eta hala gertatu da, zalantzarik gabe, Jauzi Ekosoziala herri ekimenaren aurkezpenarekin. Guztiok ulertu dugu, guztioi dagokigu jauzia egitea.