Noizbait Siberiako lurretan ibiltzea zenuen amets, lur haiek zapaldu gabe ustekabean joan zara, ordea, hutsune handia utzita Meatzaldeko jende askoren bihotzetan.
Pyrenaica aldizkariaren ia sorta guztia zenuen etxean, mendi erreportaien bidez urrutira joaten zinelako. Behin esan zenidan munduko gerretan argazkilari izan nahi zenuela gaztetan, baina horren ordez euskal gatazkan murgildu eta urte pila preso izatera eraman zintuela biziak.
Ortuellako La Raleran jaio zinen, oraindik urbanizatu gabe dagoen etxe txiki eta txabolen meatzari auzoan. Mendia eta eskalada maite zenituenez hemendik gertu, Asturiaseko Europako mendietan zenbiltzan beti gustura.
Inguru erdaldunean eta Euskal Herriarekin lotura handirik gabe, nik ez nuen ulertzen zerk eraman zintuen ETAko kide izan eta bi hamarkada baino gehiago kartzelan ematera. Hori galdetu nizun behin ardiekin mendian egiten genituen ibilaldietan. Zuk kontatu zenidan gure etxean bezala zuek ere gerrako galtzaile izan zinetela, eskola nazionalean galtzaileekiko bazterkeria jasan zenutela, frankismo garaiko askatasun falta, euskal ezaugarrien debekuak eta abar. Chéren liburu guztiak irakurriak zenituen eta hura zenuen izar, Txomin aipatzen zenuen batzuetan eta negar malkotan Tturkoz oroitzen zinen baratze osteko zure etxeko bazkarietan.
Inguru erdaldunean eta Euskal Herriarekin lotura handirik gabe, nik ez nuen ulertzen zerk eraman zintuen ETAko kide izan eta bi hamarkada baino gehiago kartzelan ematera
Gure herrian bizitzeak, uneak, zure izaerak eta aldaketarako gogoak eraman zintuzten zure bidea egin eta ondoren etorri zen zigorra jasatera. Lubaki artean, ordea, harremana mantendu zenuen beste alderditan zebiltzan herriko lagunekin eta zubiak apur ez zitezen saiatu zinen bakearen alde zure eskuetan zegoena egiten.
Gertukoentzat, berriz, balio kolektiboak, auzolana, elkartasuna, gazteekiko interesa eta umorea izan dira zure ezaugarri nagusiak.
Oroitzen naiz zein alai zinen zuen etxe zaharreko teilatua lagun artean berritu genuenean. Zein erraz harremantzen zinen kaleko jendearekin, gutxi zeukanarekin eta kartzelako preso sozialekin, eta zein gogoko zenuen gazteei entzun eta dakarten munduaz jabetzea.
Kobazuloetan zenbiltzan gusturen, barrunbetan argia itzali eta hango isiltasunean lehengo meatzariak irudikatzen zenituelako. Hortik Euskal Herriko Bronx deitzen zenion gure eskualdeari, hemen dugun desegituraketa sozialaz jabedun.
Azkenean ez zara Siberiara iritsi, baina ez dago eman duzuna adierazteko oroitarririk, bereziki gure eskualdean aurrera egiteko hainbeste behar den, jende desberdina elkartzeko eta ondo sentiarazteko, ilusio, energia eta indarra.