Aita lanik gabe geratu zenean hasi zen dena”. Esaldi horrek ematen dio hasiera Maribel Aiertzaren azken lanari; Txirolo, gaztetxoentzat idatzitako nobela labur eta irakur arina.
Urko dugu istorio honetako protagonista eta narratzailea, berak kontatuko dizkigu etxe dotorea utzi eta itsasontzi batean jartzen direla bizitzen, eskolan jazotakoak, jasandakoak, bere ihesbidea skater moduan… eta mila istorio gehiago. Baina, hasiera hasieratik iragar daitekeen bezala Urkok iragana kontatzen digu, nolakoa izan zen iraganeko urtea, “hamaika gauza txar eta on bat gertatzen zitzaizkidan” esaten digu, baina baita ere asko hazi zela; alegia, pertsona moduan aurrera egin zuela. Nobela iniziatiko baten aurrean gaude, Urko pertsona moduan garatzen eta zailtasunei aurre egiten den pertsona gisa aurkezten digun nobela.
Aiertzak oso estilo zuzena eta hizkuntza aldetik zailtasun handirik gabea erabili du nobela honetan; narratzailea haur, gaztetxo bat da, eta bere ahotik ateratzen diren espresioak eta adierazpenak agertzen dira liburuan; sinesgarria da narratzailea eta horrek irakurlearen identifikazioa bilatzen eta lortzen du.
Urkok hamaika arazori egin behar die aurre. Sinpleenetatik, edo argien ikusten direnetatik, jaiki eta erdi lo zoazela uretara eror zaitezkeela, eskolara etorri den mutil baten eskutik jasan behar dituenetara.
Aitzol dugu, alde horretatik, nobelako bigarren pertsonaia, Urko erasotzen duena, iraintzen eta “Txirolo” ezizena jartzen diona; behin eta berriro Urkorekin sartzen dena.
Urkok, baina, Aitzolen sekretu bat deskubritzen du eta horri esker lortzen du mutikoaren erasoei muga jartzea.
Amaiera zoriontsua duen liburua da Txirolo hau: Urko eta bere familia Bartzelonara doaz bizitzera, han topatu baitu lana aitak, eta Urko Bartzelonan lagun berriak egin ditu, baina jarraitzen du skypen bidez Euskal Herriko berriak jasotzen bai eta hemengo lagunekin harremanetan.
Hamahiru kapitulu laburretan kontatzen da Urkoren istorioa; arin eta samur irakurtzen den liburu entretenigarria da eta aproposa gaur egungo hainbat eta hainbat konturi buruz aritzeko, gogoeta egiteko: langabeziak nola eragin diezagukeen, eskolako jazarpena, adiskidetasuna, lehiakortasuna eta hamaika kontu gehiago modu arin eta atsegin batean.