Herri zaintzailea helburu

  • Usurbilgo zaintza sektoreak biltzen dituen langile, aditu eta erabiltzaileek, Udalaren eskutik, bi urte daramatzate zaintza eredua deseraiki eta eraikitzen. Hausnarketa fasean aritu ziren lehenik, eta bide-orriak prestatzen aritu dira ondoren, bost ardatzen gainean: zaintza zerbitzuak, gizarte zerbitzuak, zaintzaile afektiboak, pertsona erabiltzaileak eta ehun komunitarioa.

Bi urtetan ondutako bidea herritarrekin partekatzeko Zaintza Azoka egin dute Usurbilen, 2022ko azaroan. “Herrian denak oso ondo eramaten gara, baina ez dakigu laguntza eskatzen. Etxeetako ateak itxi zirenetik laguntza eskatzea kosta egiten da”, aipatu du batek. “Lotsa eta batez ere errua sentitzen dugu gizarte zerbitzuetara jotzen badugu. Porrot moduan bizi dugu”, beste batek. Eztabaida isilpekoenak ahoratu dituzte usurbildarrek azken bi urteotan, Usurbilgo Zaintza Ekosistema bat eratzea helburu. Galderak izan dituzte bidelagun, herri zaintzailea izateko ikasketa amaigabean: Nola zaindu nahi dugu? Nola zainduak izan nahi dugu? Zer egin dezakete horretarako erakundeek, komunitateak eta zaintza sektoreak?

Usurbilgo Udalak, Matia Institutuarekin elkarlanean, 2021ean prozesu aktiboa martxan jarri zuen galdera horiek eztabaidatzeko, zaintzarekin lotuta dauden hainbat sektoretako ordezkariekin. Hausnarketaren ostean, sektore bakoitza bere eginkizunak zehazteko bide-orriak egiten ari da. Talde operatiboak honakoak dira: gizarte zerbitzuak, zaintza zerbitzuak, zaintzaile afektiboak, ehun komunitarioa, pertsona erabiltzaileak, talde estrategikoa eta talde eragilea.

Pertsona ardatz duen zaintza-arreta eman nahi du Usurbilek. Pertsona erdigunean jartzeak esan nahi du zaintza sistema pertsonen interesetara egokitzea, eta ez alderantziz: “Oro har, pertsona erabiltzailea menpeko bihurtzen da laguntza jasotzen duenean, eta badirudi ez duela bizi proiekturik. Horrek ez luke hala izan behar, pertsona horiek oraindik euren proiektuak dituzte, zaletasunak, gustuak... eta ez lituzkete albo batera utzi behar”. Talde eragileek gogoetatu dute horren inguruan. Pertsonen beharretara egokitzeko bidean, etxea ikusten dute gako nagusi, erabiltzaileen gehiengo zabal batek etxean bizitzen jarraitu nahi duelako. Hortaz, etxez etxeko zerbitzua indartzea da aukera bat, edo horren antzeko proiektuak gauzatzea.

Gehiengo zabal batek etxean bizitzen jarraitu nahi du. Etxez etxeko zerbitzua indartzea da aukera bat, edo horren antzeko proiektuak gauzatzea

Ideia horri tiraka, Matia Fundazioa Zaintzadun Etxebizitzak ari da eraikitzen Usurbilgo Kalezar auzoan. Adinekoen egoitza da, baina etxe baten eredua jarraituz, ezohiko baldintzak izango ditu: gelak indibidualak izango dira, intimitatea eta pribatutasuna mantentze aldera, eta baten batzuek bigarren ohea izango dute bisitentzat; normalean baino espazio handiagoa izango dute; eta “kortesiazko” sukalde batez gozatuko dute. Egoitzak 127 pertsonari emango die etxea, Usurbilgoak zein bailarakoak; hala ere, bizitza komunitarioa egite aldera eta konfiantzatik abiatzeko, zazpi bizikidetza unitatetan banatuko dira gelak. Langileak beti pertsona erabiltzaile berdinekin ariko dira lanean, adinekoek erreferentziazko zaintzaileak izan ditzaten.

Zaintza Azokaren egunean herritarrek Zaintzadun Etxebizitzak eta Txirikorda bisitatzeko aukera izan zuten. / Argazkia: Dani Blanco

Herri txikian, autonomoago

Nonbaitetik hasi behar zen zaintza zer den definitzen: iraupen luzeko arreta berezia behar dutenei begira hasi da Usurbil zaintza ekosistema eraikitzen. Haien autonomian jarri nahi dute arreta, eta horretarako herri txikiek abantailak dituzte: “Nire anaia bakarrik joan ohi da kiroldegira, eta badakit inoiz arazorik izanez gero bertan daudenek lagunduko diotela. Agian noizbait etorriko da eskuineko zapata ezkerrean jarrita, baina moldatzen da”. Izaskun Maiz da mintzo dena, aniztasun funtzionala duen anaia Josetxo zaintzeaz arduratzen da eta bere testigantza eman du Zaintza Azokan. Ordura arteko hausnarketak herritarrekin partekatzeko eguna izan da Azoka, eta nabari da jakin-mina zegoela: 140 lagun hurbildu dira, Usurbilgoak zein beste herri
batzuetakoak.

Mexikotik etorritako bi espezialista ere izan dira bertan: “Jakin, bi urte hauetako lana eta Zaintza Azoka bera sekulako urratsa direla herri zaintzaile bat izateko bidean”. Irribarreak zabaldu dira une horretan, egindako lan guztiaren eskertza
izan direlako mexikarren hitzak.

Nork osatzen du komunitatea?

“Hausnarketa prozesua hasi zenean, lehen ideia izan zen erantzunak erakunde publikoetatik etorri behar zirela, baina
segituan eman genion buelta: ezinbestekoak dira baliabide publikoak, baina gure herrian zaintza hori baino gehiago izatea nahi dugu: norbanakoek eta komunitateak elkar zainduko duten herri bat”, azaldu dute prozesuan parte hartu duten Maider Makazaga eta Elena Rikondok.

Ezinbestekoak dira baliabide publikoak, baina Usurbilen zaintza hori baino gehiago izatea nahi dute: norbanakoek eta komunitateak elkar zainduko duten herri bat

Nork osatzen du Usurbilgo ehun komunitarioa? “Denek”, izan zen lehen erantzuna. Gehiago xehatzen, ordea, ikusi zuten herriko elkarte eta eragileek bazutela estaldura handia, eta eginkizuna izan zezaketela zaintza ekosisteman. Halaber, arreta jarri nahi dute merkataritza, ostalaritza eta farmaziak ekosistemaren parte izan daitezen, egunerokoan mugitzen duten jende andanagatik. “Josetxok ez du inork laguntzea behar harategira edo tabernara badoa. Gustatzen zaio harremanak mantentzea herriko jendearekin, eta ni hori indartzen saiatzen naiz”, azaldu du Izaskun Maizek.

Bestalde, nola egin lotura komunitatearekin? Zaintza ekosistema bat eratzeko bi urtez egindako bilera eta ekimenetan, emakumeen parte-hartzea eta lidergoa nagusitu dira. Gizonek eta gazte jendeak ez dute kezka agertu, parte-hartzaileen iritziz “pribilegio posiziotik” jokatzen dutelako: gaur gaurkoz, zaintza arduren %80,64 emakumeek betetzen dituzte. Ahaztu gabe lanposturik prekarioenetan emakume migratzaileek egiten dutela lan.

Era berean, jakitun dira zaintza sistema ezin izango dela eraldatu boluntario talde baten lanarekin eta asmo onekin soilik. Baliabideak eta dirulaguntzak ezinbestekoak dira, eta horiek erakunde publikoetatik bideratu behar dira. “Aldaketarako gogoak daudenean aurrekontuak bilatzen dira”, diote. Agurtzane Solaberrieta alkateak instituzioen egituraren gaineko gogoeta egin du: “Udalak 70eko hamarkadan sortu ziren, eta ordutik ez dute aldaketarik izan. Gaur egun gizarteak behar berriak ditu: gero eta zaharragoa da, kulturalki aurrerapausoak eman ditu, eta abar luze bat. Nola emango du erantzun egoki bat duela berrogeita hamar urte diseinatutako erakunde batek?”.

Usurbilgo alkate Agurtzane Solabarrietak parte hartu zuen, Udalaren ordezkari gisa. / Argazkia: Dani Blanco

Gazte eta zaharrentzat, Txirikorda

Udalak proiektu “berritzaile” bat aurkeztu dio herriari: Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitzak. Etxetik kanpo bizitzera joan nahi duten gazteei eta komunitatean bizitzera animatzen diren adinekoei zuzenduta dago etxebizitza. Oraindik bukatuta ez dagoen arren, prozesurik luzeena eginda dago eta aurten bertan martxan izango da, printzipioz. Datorren irailean lehenengo hamasei lagunek izango dute bizitoki Txirikorda. Udalaren asmoa bizilagunen erdia gazteak izatea da eta beste erdia adinekoak.  baldintza da 65 urtetik gora izatea, eta gizarte zerbitzuen balorazioak hartuko dituzte kontutan Txirikordan bizi ahal izateko.

Eraikinak funtzio komunitarioa du, eta beraz, norbere gela den espazio pribatuaz gain, bizilagunen artean partekatzeko espazioak izango ditu, hala nola sukaldea, jangela eta egongela. Balkoi eta terraza guztiak ere komunitarioak izango dira. Gainera, antolatzaileek azaldu dute Txirikorda herri proiektu bat izatea nahi dutela, eta bermatuko duela herritarren elkargune bat. Zenbait txoko publikoak izango dira, usurbildarrentzako irekiak.

Herritar gazteengan interesa piztu du Txirikordak, eta oraindik lau horma zuri diren tokian hasi dira etxe proiektuak baten batzuen iruditerian: “Badakit nola apainduko dudan”, esan du gazte batek, eraikinera antolatu den bisitan. “Adinekoekin bizitzea interesgarria izan daiteke, pentsatzen baitut hona etorriko direnak elkarbizitzarako prest egongo direla”, dio beste batek. Ikuspegi ekonomikoari ere heldu diote: batzuentzat sekulako pagotxa da –90 euro dira hilabetean–, beste batzuentzat gehiegi, lanik egin ezean behintzat. Hala ere, hasi dira jada buruari bueltaka. Txirikordako egonaldiak bost urteko epea du, eta orduan berriztatuko dira plazak, nahi duenak lehenago utzi badezake ere.

Datorren irailean lehenengo hamasei lagunek izango dute bizitoki Txirikorda, belaunaldi arteko etxebizitzak. / Argazkia: Dani Blanco

Tabuak eta lotsak

Usurbil erdibidean dago irudikatutako zaintza eredu idealetik. Gizarte zerbitzuetako langileek aitortu dute herritar gehienak ezagutzen dituztela, eta gertuko tratua dutela haiekin. Baina oraindik mugak aurkitzen dituzte. “Tabuak daude, lotsak, erruaren sentimendua. Gizarte zerbitzuetara jotzen dugu beste erremediorik ez dagoenean, ahultasunaren keinutzat hartzen dugu”. Erruak beste behin ere bidea astun egiten du, emakumeengan gehienbat, senideak zaintzeko kanpora jotzen dugunean gure porrot moduan hartzen dugulako. Usurbilek Zaintza Ekosistema osatzeko hasi duen bideak “aldaketa kulturala” ere badu helmuga.

Nola jokatu? “Lehenengo, galdetu beti. Besteen izenean erabakiak hartzeak arriskua baitakar. Adinkeria egon ohi da atzean, zaharrei hitza kentzen diegu, erabakitzeko gai ez direlakoan”

Zaintza beharraren alarma larrialdi egoeretan soilik pizteak eragiten du, aldi berean, gizarte zerbitzuek lantzen dituzten kasuak gogorrak izatea eta arreta asko eskatzea. Prebentziotik hasi beharrean, menpekotasun egoerekin egiten dute topo langileek, eta horrek ez du lekurik uzten herritar guztiengana iristeko.

Pertsona ardatz jarri behar da, baina pertsona ezinbestean inguruari lotuta dago; zaintza behar duenaren nahiak daude, familiarenak, profesionalen irizpideak… Nola jokatu? “Lehenengo, galdetu beti. Besteen izenean erabakiak hartzeak arriskua baitakar: zein posiziotik hartzen ari gara erabakiak? Adinkeria egon ohi da atzean, zaharrei hitza kentzen diegu, erabakitzeko gai ez direlakoan”. Ez baita dena menpekotasun funtzionala. Autoestimua ahazten da askotan, adinekoek ere bizi proiektu bat badutela, eta sarri barrena asetzea falta zaiela. “Kexu zen emakume bat, laguntza eskaini ziotelako eta bera oraindik besteei laguntzeko gai ikusten zelako”, jarri dute adibide. Bakardadea da adineko pertsona askok sentitzen dutena, espezialistek azaldu dutenez, eta hori ere bada zaintza ekosistemaren egitekoa.

Zaintza zerbitzuen erabiltzaileek uste dute “bazela garaia haiek entzuteko”. Erakusteko asko dute, eta oraindik ikasteko gogoz dabiltza. Bakoitza bere erara. Batzuk gustura biltzen dira egoitzan bizilagunekin batera, beste batzuk erosoago sentitzen dira haietatik kanpo. Ez dago inoiz soberan galdetzea.

Usurbil hartzen ari den bideaz oso eskertuta agertu dira erabiltzaileak, eta zaintza ekosistema osatzen laguntzeko gogoz: “Zaintzen dakien eta zaindu nahi duen norbait nahi dut alboan”, adierazi du batek. Sistemaren gabeziak euren gorputzetan pairatu arren, hitz baikorrekin inguratu dute zaintzaren ideia: maitasuna, laguntza, konpainia, arreta, hartu-emana, barreak, mimoak… Nonbaitetik hasi behar da zaintza deseraikitzen.


ASTEKARIA
2023ko urtarrilaren 15
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adinekoen zaintza
Herri bat bere zaintza eredua sortzen

Zestoa Gipuzkoako Urola bailaran dagoen herria da. 3.800 biztanle ditu. 2019tik zaintza sarea garatzen ari dira: herriko baliabide profesional guztiak koordinatu eta zestoarrek elkar zainduko duten eredu komunitario bateranzko bidea egiten hasi dira. Udalak du egitasmoaren... [+]


Asier Uriarte
“Zaintzan lan egiten duten emakumeek beraiena den espazioa izan dezaten, lo egiteko eta komunitatea sortzeko”

Etxeko langile diren eta zaintza lanetan aritzen diren emakumeentzako etxea abian jarri dute Berriozarren. Zortzi pertsonendako lekua duen pisua gaitu dute zaintzan diharduten langileak 6-12 hilabetez espazio duin eta seguru batean bizi daitezen. SOS Arrazakeria Nafarroak eta... [+]


Zaintza eta euskara: “Korapilo handia” askatzeko tresnak bilatzen

Euskalgintzaren Kontseiluak Zaintza eta euskara. Sareak eraikitzen jardunaldiak egin ditu irailaren 26an, Donostian. Idurre Eskisabelek, Kontseiluaren idazkari nagusiak, lehen hitzaldian adierazi du “urgentziazkoa” dela gaiari heltzea. Jardunaldien helburua ez da... [+]


Irati Mogollon
“Aurreikuspen onenetan, gazteen kopurua bikoiztuko dute nagusiek eta kasurik okerrenean boskoiztu. Zaintzari buruz hausnartu behar dugu”

Irati Mogollon soziologoak (Lezo, 1991) hausnarketa saioa bideratu du asteazkenean Laudioko Lezeaga Aretoan. Zaintzaren antolakuntzari buruz hausnartu eta etorkizunera begira jartzea proposatu du, bai jendarte moduan zein banaka.


Aukeratu gabeko bakardadea prebenitzeko proiektu bat martxan jarri du Nafarroako Gobernuak Sakanan

Sakanako pertsona zaharrei babesa emateko proiektu pilotua da Teknoadineko Landab. Bizilagunen parte hartzea “funtsezkoa” dela nabarmendu du Nafarroako Gobernuak.


Proposamen bat zaintza eredua aldatzen hasteko

Bizitza Zaintzeko izenpean, ekonomia soziala ardatz duen irabazi asmorik gabeko elkarte bat sortu dute etxez etxeko sei langilek, Urola Kostan (Gipuzkoan). Ideia sinplea da: enpresen irabaziak langileen esku uztea. Merkatuaren prezioak mantenduko dituzte; hau da, erabiltzaileek... [+]


2023-10-11 | ARGIA
Elizondoko adinekoen egoitza publifikatu du Baztango Udalak

Orain arte kudeaketa zeraman enpresa pribatuarekin kontratua eten eta Patronatuko Batzordeak erabaki du Zaintza Lanak SL udal enpresa publikoren esku uztea egoitza. Eraikinean obrak egingo dituzte eta egoiliarrentzako lekua murriztuko dute eraberritze lan horien ondorioz.


2023-09-04 | Mati Iturralde
Zaintzaren iraultza

Iraultza txikien akanpadan parte hartu nuen uztailean, zaintzari buruzko hausnarketa egiteko. Mahaiaren inguruan bost emakume eseri ginen: Arabako etxe- eta zainketa-langileen elkarteko Laura eta Shirley; Denon bizitzak erdigunean taldeko Paula eta Ainhoa; eta Kukuso taldeko... [+]


2023-07-07 | Ilargi Manzanares
Donostiako La Paz erresidentzian adinekoak goizeko 6:15ean esnatzen dituztela salatu du ELAk

Donostiako La Paz egoitza Mondragon taldeko GSR kooperatibak kudeatzen du, Egiako auzoan. Hain goiz esnatzeak adinekoentzat lan karga handiagoa eta arreta okerragoa ekartzen du.


Analisia
Publiko-pribatu elkarlana

Urkulluk askotan aldarrikatu du sistema kapitalistaren muinean dagoen publiko-pribatu elkarlana, baina lotura hori gaur zertan den azaltzeko inolako asmorik gabe. Publikoa osagarria eta menpekoa denean, ezin dituenean merkatuaren interesak zanpatu, eta lege bidez inposatutako... [+]


Zaintzailearen zaintzaz

Maria Josefari alzheimerra diagnostikatu ziotenetik ahizparen eta alabaren artean zaintzen dute; gaixotasunak eragindako beldurrez, zailtasunez eta zamaz mintzatu da Maite, Maria Josefaren alaba.


2023-03-08 | Estitxu Eizagirre
Soraya Agirre, migratu feminista zaintzailea
“Zure zaharra zaintzeko kontratatu behar bagaituzu ez gaitzazu begiratu gainetik, parez-pare baizik”

Euskal Herriko Emakume Migratu Feminista Zaintzaile Soziosanitarioen Elkarteko kidea da Soraya Agirre. Berak orduka egiten du lan zaharrak zaintzen, baina elkarteko %90 egoiliarrak dira, zaintzen duten zaharraren etxean bizi direnak. Alokairua lortzeko eta lan baldintzak... [+]


Eguneraketa berriak daude