Paris dute amets halabeharrez Frantziako Estatura arribaturiko papergabe anitzek. Ordea, ez dute irudikatzen zutena kausitzen eta gogorra dute hiriburuko zurrunbiloaren erdian iragan beharra. Paris inguruko baserri batzuetan bestelako bide bat gogoetatzen eta asmatzen dabiltza batzuk, etxaldeko aktibitatean juntatuz paperdunen zein papergabeen jakintza, gogo eta gogoetak. Onura aldetik aberatsa dela diote: laborantza herrikoia bermatzeaz gain, sektoreko langile eskasiari erantzun diezaioke, eta gainera, elkarbizitza adibide eder bat ematen dute puztuz doan eskuin muturraren parean.
2030ean laborarien erdia erretretan izanen dugunez segida antolatzeko behar gorria daukagu. Gainera, krisi klimatikoak behartzen gaitu nekazaritza ereduaz gogoetatzera, eta eredu industriala laborantza herrikoiaz ordezkatzera, horrek pertsona gehiago eskatzen dituenean. Nola ez, eskuin muturraren gorakada ezagutzen dugun honetan gurean ixteko joerarekin bukatzeko beharra daukagu” azaldu dio Tarik Belkadik Le Chiffon komunikabideari. A4 elkartea aurkezten dabil –A4 edo Association, Accueil, Agriculture, Artisanat [Elkartea, Harrera, Laborantza, Artisautza]–. Krisi bakoitza banan-banan begiratzen dabiltza, guztiak elkar-harremanean jarriz eta guztiei begira landuriko erantzuna asmatu nahian. Zein dute soluzioa? hustera doazen baserriak etorkinei bideratu, elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren izpirituan.
Reprise de terres par les migrants: la relève paysanne est là? (Lurrak etorkinek berriz hartzea: Laborantzarako erreleboa hor ote?) erreportajea irakurri dezakegu www.communaux.cc gunean, zeinetan Paris inguruko bi ekimenen berri jasotzen dugun: La Ferme de Combreux [Combreux-eko Baserria] eta La Ferme des Monts gardés [Babesturiko menditxoen Baserria] etxaldeak. Hiriburuko baldintza gogorrak utzi eta bertan bide berri bat garatzeko aukera daukate paperik gabeko etorkinek.
Elkarlanean dabiltza A4 elkartearekin: “A4rekin harremanetan jartzen diren baserri gutxiegi daude oraindik, horregatik dira bi horiek balio handikoak guretzat. Harremantze hori egiteke gelditzen da”, Belkadik dioenez. Hala ere, ez dira zerotik abiatzen, badaudelako guneka gisa bereko dinamikak. JRS Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuita egitura dabil bi aldeen arteko lotura egiten, denbora mugatu bateko lanaldiak bideratuz etorkinei. Horrez gain, lanaren truk aterpea eta jakia proposatzen duten baserri ekologikoen sarea da Wwoof izenekoa, eta bertan garatu dute “elkartasunezko wwoofing-a”, papergabeen zein asilo politikoa galdetzen dabiltzanen eta laborarien arteko trukaketak ahalbidetzeko.
Baserriak lortzeko traba anitz bada: dela ondasuna eskuratzeko dirutza; inguruko etxaldeen handitzeko gosea; bertakoa ez denarekiko mesfidantza; traba administratiboak
Berez badaude ekimenak, baina laborantza benetako ogibide –eta beraz paperak lortzeko bide– kokatzen dutenak gutxiegi daude oraindik. A4 elkartearen gomita esku artean, horretaz gogoetatzen aritu ziren irailean hamabost bat papergabe, ikerlari eta laborari, Parisetik hurbil dagoen La Courneuve herrian. Ondokoa irakurri zitekeen hitzorduaren aurkezpenean: “Apustua bikoitza da: alde batetik, jatorrizko herrialdeak utzirik, beren nahien, beharren eta bizi-esperientzien araberako etxebizitza eta lanpostuak aurkitzeko zailtasunak dituzten pertsonen dilema eta zalantzei erantzutea. Bestalde, erakundeek nekazariei ematen dizkieten laguntzen gainbeherari, nekazaritzaren eta artisau-lanbideen desagerpenari eta agroindustriak eta hirigintzak ondorioztatu lurren galerari erantzutea”.
Segidarik gabeko etxaldeen kopurua kezkagarria bezain problematikoa dugu: norabidea ez bazaio aldatzen, Europako baserriak 10 milioi izatetik 3,9 milioi izatera pasako dira 2040rako –aitzinetik ere, 10 milioira gutxitu ziren 2003tik 2016ra–. Batez beste egunero 27 etxalde dira desagertzen Frantziako Estatuan, eta maleruski ez da Mendebaldeko salbuespen bat.
Hutsik izanik ere, baserria lortzeko traba anitz bada: dela ondasuna eskuratzeko dirutza; inguruko etxaldeen handitzeko gosea; bertakoa ez denarekiko mesfidantza –are gehiago pertsona arrazializatua denean– edota traba administratiboak. Baina gaitz sakonago bat ere bada: eredu industrialak daukan babes egituratu eta antolatua.
Agroindustriak lurrak behar ditu, eta traban ditu baserri ttipi aktiboak. www.greenwashingeconomy.com guneko Eliminer l´agriculture industrielle est une question de survie (“Biziraupen kontu bat da laborantza industriala ezabatzearena”) artikuluan datu esanguratsuak aurkitu ditzakegu: “Munduan kontsumituriko elikagaien %70-75 ekoizten du laborantza herrikoiak, landutako lurren 1/4ean eta laborantza industrialak %25-30 landutako lurren 3/4ean. Gainera, ekoizpen industrialaren %44 animalien elikadurarako da, %23 galdu egiten da (garraioan, biltegietan, edota kontsumitzaileen zakarrontzietan), %9 bioerregai gisa doa; eta %24 bakarrik erabiltzen da zuzenean plateretan, hau da, ekoizten den munduko janariaren %6-7”. Hots, lur anitz behar izan arren, ez du elikadura burujabetza bermatzen.
Lurrak eta baserriak eskuratzeko bideei buruz gogoetatzen dabiltza A4ko kideak: langile kooperatiba bat edota juridikoki papergabeak kontratatzeko eskumena bermatzen dien OACAS Harrera Komunitarioko eta Jarduera Solidarioetako Erakunde izaera osatu nahi lukete. Lurrak espekulazio joeratik ateratzeko asmoz dabilen Terre de Liens fundazioak lortu eremuak erabiltzea litzateke egingarriena –Ipar Euskal Herriko Lurzaindiaren lan bera egiten dabilen egitura–.
2020an agerturiko COVID-19ak eragindako mugen hestearekin konturatu ginen zein heinetaraino ez daukagun laborari nahikorik Europa mendebaldeko herrietan. Alarma piztu zuten agroindustrial handiek, sasoi oro bertaratzen dituzten etorkinek ezin izan zutelako etorri. OFFI immigrazioaz arduratzen den Frantziako egituraren arabera, Frantziako etxaldeetako langileen %80 da atzerritarra. Behar ordurako etorrarazi eta ondotik bere herrira bidaltzen den eskulan merkea izan ohi da, edota paperik gabe Europara sarturik, biziraun nahian dabilena.
Munduan landutako lurren 1/4an elikagaien
%70-75 ekoizten du laborantza herrikoiak,
eta agroindustriak elikagaien %25-30 landutako lurren 3/4ean
Berriki, abenduaren 15ean, bi urteko kartzela zigorra bildu du Bretainiako Prestavic agroindustrialaren nagusi Marc Szambelanek, “giza tratua” egiteagatik, hamazazpi papergabe esklabo gisa tratatzeagatik –ikerketa judiziala abian zela, horietariko batek bere buruaz bertze egin zuen–. Oilaskoen hazkuntzan eta bilketan berezituriko enpresa alimalea da eta bertan lanean hasi ziren, nagusiak hitzemanik lanaren truke egonaldi baimena eskuratuko zutela. Baina gezurra zen, eta lan eta bizi baldintza miserableetan atxiki zituen 2018tik 2020ra: gau eta egun lanean, tartean bizpahiru oren lo eginez; irainak, etengabean; mehatxuak eta zigorrak kexatzen zenari; garratoi eta labezomorroz beteriko bi apartamendu zikinetan preso, berogailurik eta argirik gabe; lan istripu andana pairatuz, baina inolako bajarik edota mediku-bisitarik gabe, eta beste. Horrelako errealitatea ekar dezake papergabe izateak, babesik ez ukanik, horietaz baliatzen dabiltzan nagusiak daudelako lehen sektorean ere.
Ikusirik lehen sektoreak geroz eta gazte gutxiago erakartzen dituela, etorkinen presentzia ezinbestekoa ukanen dugu gaur bezala bihar ere. Bretainiako Prestavic enpresak irudikatzen duen agroindustriarekin bukatu eta La Ferme de Combreux edota La Ferme des Monts gardés ekimenei sostengua bideratu beharko lukete, ordea, laborantzarako egitura, sindikatu eta dirulaguntzek.
Gaur egun, Gazan su-etena dago, eta ez dakigu noiz arte iraungo duen; bitartean, sarraskiak, anexioek, kolonizazioak eta era guztietako giza eskubideen urraketek bere horretan diraute gainerako lurralde okupatuetan. Jarraian irakurriko dituzunak ez dira kasu isolatuak,... [+]
Datorren astean Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeak ospatuko dira Ipar Euskal Herrian. Frantzia mailako FDSEA eta CR sindikatuez gain, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna aurkezten da, "euskal laborarien defentsa" bermatzeko.
Euskal Herriko Laborantza Ganbera elkartearen hogei urteak ospatu zituzten asteburuan Ainhize-Monjolosen. 2005eko urtarrilaren 15 hartan sortu zuten Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako laborantzaren garapena –hori bai, iraunkorra eta herrikoia izan nahi duena–... [+]
Contigo-Zurekinek proposatutako idatzian azaltzen da Europako eta Hego Amerikako merkatari erakunde nagusien arteko hitzarmen berriak muga-zergen deuseztatzea ekarriko lukeela, bertako ekoizleak, txikiak bereziki, kaltetuz. UPNk, EH Bilduk, PPk eta Voxek mozioaren alde bozkatu... [+]
Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeen kanpaina abiatu da. Urtarrilaren 14an bozetara aurkezten diren hiru sindikatuen ordezkariekin bi oreneko eztabaida sakona antolatu zuten Euskal Hedabideek, osoki euskaraz.
Itsason (Gipuzkoa) elkarren ondoan dauden bi baserri dira Urteaga eta Urkulegi, duela zenbait urte elkartu eta proiektu bateratua martxan jarri zutenak. “Bi baserriak elkartu eta ekoizpen proiektua abiatu genuen, eta 2011tik dedikazio osoarekin ari naiz honetan”,... [+]
18 urterako plan estrategikoa garatzeko Europako diru-laguntzak jaso ditu Euskal Sagardoaren Jatorri Deiturako proiektuak. Iparraldea batu da jada, eta Nafarroa zein Trebiñu sartzeko urratsak ematen hasiak dira.
Berriz hasi dira laborarien manifestaldiak frantses estatu guzian. Sindikatu desberdinek aldarrikapenak hedatzen badituzte ere, entzun den lehena eta komunikabide nagusietan gomit izan dena, FNSEA "nagusia" izan da. Zer du saltzeko? Gezur andana bat ahal bezainbat boz... [+]
Urteak daramatza martxan Ipar Euskal Herrian Trebatu elkarteak, laborantzan proiektua abiatu nahi duten pertsonek aurrez trebatzeko aukera izan dezaten. Ipar Euskal Herriko proiektua eredutzat hartuta eta ideia berari tiraka, Gipuzkoan ere izen bereko elkartea sortu dute aurten... [+]
Kanboko Marienia eremuan etxebizitzak eraikitzeko proiektua badu Bouygues Immobilier agentziak. "Elkarlanaren bidez" zein "indar harremana" mantenduta, proiektua ezeztatzeko borroka eramateko determinazioa plazaratu dute adierazpen bateratu... [+]
Via Campesinako ordezkaritza bat Palestinan izan da abenduaren 8tik 18ra, bere kide den Palestinako Lan Komiteen Batasuna-k (UAWC) gonbidatuta. Bidaia horrekin herri palestinarrari elkartasuna adierazi nahi izan diote, "Gazan egiten ari diren genozidioaren erdian eta... [+]
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak erronka ezarria dio bere buruari: Euskal Herri osoko sagar eta sagardogileak biltzea. “Sagardoaren kultura lurralde osoan dago, eta lurralde osoan mantendu dira sagardotarako sagarrak”, esan digu Unai Agirrek, sor-markaren... [+]
“Aterako dut sagar zuku bat?”. Galdera horrekin hasi da Barrundiako Ekonomatoko kide Koldo Lopez Borobia, Susana Lopez de Ullibarri eta Santi Txintxurretarekin izandako elkarrizketa. Sagar zukuaren bueltan eta sagarrondoz inguratutako lorategian elkartu gara. Hau ez... [+]
ELB sindikatuak ardien mihi urdinaren eritasuna pairatu dutenendako elkartasunera deitzen du. Abendu hastapenean,departamenduko 650 ardi etxalde hunkiak izan dira. Kasu zenbaitetan, hamarka ardi galdu dituzte hazleek, bereziki marroak. Etxalde batzuek erraterako marroen %80... [+]