argia.eus
INPRIMATU
Errealitate zaplazteko bat
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2023ko urtarrilaren 15
'Flash' | Flash | La vida es un mus, 2022
'Flash' | Flash | La vida es un mus, 2022

Bereziki gazteen artean doinu urbanoak deritzoten horiek nagusitzen dabiltzala dirudien garai hauetan, beste gazte ugarik, askotan kontrakoa esan ohi bada ere, punkaren aldeko hautua egiten dihardute modu ez hain agerian eta ikusgarritasun gutxiagorekin jakina, baina gogoz eta indartsu. Izan ere, azken urteotan gazte belaunaldiak egarriz daude eta haien tamainako moldeak garatzen dabiltza, betikoak ez dituelako asetzen –bizitza legea da!–.

Oi!-aren baitan gertatzen ari den iraultza bezala, ezagutu izan ditugun betiko klixeetatik harago, musika, agertokia eta bizitza bera ulertzeko modu berriak sortzen dabiltza etengabe. Eta punk zein hardcorean –non daude mugak?– ere bada lurrikararik: rock gutxiago, bat-batekotasuna, mezuen garrantzia, poseak alboratzea eta muinera edo oinarrira jotzeko nahia, besteak beste.
Orriotan jasotako taldea ez dute hain justu belaunaldi gazteenek sortu, baina gure herrietako gaztetxe eta lokal askotan punkaren bueltan sortzen dabilen ilusioaren adibide aproposetako bat da.

Argazkia: Carmen Carrasco

Flash taldea Gipuzkoako kostaldean sortu zen orain dela gutxi, eta gure underground eszenan zaildutako bost lagunek osatzen dute (Hell Division, Arrotzak, Dictadura, Brigada Criminal, Oki Moki…). Zailtasunak zailtasun, honako disko luzea kaleratu dute, hamaika kanta euskara eta gaztelania tartekatuta, sofistikazioari muzin egin eta freskotasunaren bila zuzen-zuzenean joz; baita lortu ere.

Diskoan batutako hitzen ezaugarri nagusiena punkaren, punkien eta gizartearen bilakaeraren (auto)kritika da; eta horrela, hitzez zein musikaz esentzia berreskuratu nahi dute kantu zuzen, zikin, kaletar eta sinesgarriekin. Punk eskizoa tarteka –a ze gitarra eta a ze melodiak!–, amorratua, azkarra –jakina!–, melodikoa zein iluna eta baita jostaria ere. Eta ez dituzte mugak jarri nahi izan, AEBetako lehen punk talde haien legatua zein 1980ko hamarkadako hemengo punk eta Oi! doinuak bere eginez, beti ere emaitza kaletar eta sinesgarria izatea bermatuz. A ze irakaspen xume bezain ederra eman digutena!