argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Merkatua ez da bide bakarra
Ainhoa Etxaide Amorrortu 2023ko urtarrilaren 10a

Gure eskubideak irensten dituen zulo beltza den heinean, gure etorkizuna nolakoa –eta zenbatekoa, bizi-itxaropenean duen eragina kontuan hartuz– izango den zehazten du merkatuak. Urtero handitzen den menpekotasuna da gainera, beti dagoelako merkatuari gehiago ematerik, izan zaintza beharrak handitzen direlako, izan eskoletan digitalizazio prozesua negozio izatea erabaki delako. Berdin da bizitzaren zein ziklotik edo alorretik begiratu, merkatua da bide bakarra.

Berri gutxi urte berriarekin. Amerikako Estatu Batuetako Botiken Agentziak alzheimerraren ondorioak txikitzen dituen botika berriari bide eman dio; merkatuan dago jada, merkatuaren esku. Adituari galdetuz gero urte berriarekin familietan zorraren pisua zenbat handituko den, erantzungo du goiz dela merkatuak izango duen jokabidea iragartzeko; merkatuak esango du zenbaterainokoak izango diren etxeetan funtsezko premiak asetzeko estualdiak. Oinarrizko elikagaien garestitzeari aurre egiteko, BEZa kendu dio Espainiako Gobernuak hainbat produkturi, neurriak ze balio izango duen esaterik ez dago ordea, eta ikusteke dago banatzaileek merkatuko prezioak errespetatzen ote dituzten. Enpleguari dagokionez, inoizko daturik hoberenak eskutan bukatu omen dugu urtea. Hortaz, langileen baldintzek atzera egitea ez da erabakigarria, merkatuak ezartzen baitu zenbat balio duen gure lanak.

Gutxi aldatzen da kontua egoera aztertzen badugu merkatuaren logikatik aldentzen diren teorietatik; argazkia kezkagarria da edonondik begiratuta ere. Baina badago alde handi bat: teoria apurtzaileetan badaude alternatibak, konponbideak. Izan dadila 2023a oparoa arrakalak eta apurketak ikusi nahi ditugun guztiontzat.