2019an abiatu zuten Tolosaldean Maitane Iruiñ eta Malentxo eta Mattin Zeberio anaiek Mirua taldea. Itxura batean pop elektroniko jatorra dirudienak, ñabardura eta erreferentziaz beteta dakar euren lehen lana. Nabaritzen da bai, musika txikitatik daramatela zainetan.
Last Tour enpresaren Oso Polita zigiluarekin kaleratu duten EP-an batzen dituzten sei kantek, eta lehendik kaleratu zituzten beste biek, talde sendo bat erakusten dute. Hasiberriak diren arren, egiten dutena dakitela erakusten dutenak. Txin txin-en liquid drum and bassetik, oinarri houseagoa duen Koloreek-era.
Kiliki Frexkorekin duten kolaborazioak sintetizatzen du taldeak ematen duen poz atsegin hori: nerabe desamodio kanta, broma pare batekin, eta pare bat meta-erreferentzia speedari eta bestelako sustantziei. Gaztea izatea gazte izatea da, eta natural dator orain arte kamustuta ikusi duguna.
Goxoloin<3-k badu Ariana Granderen usainik, Thank u, next datorkit, esaterako. Eta aizu, a ze erreferentzia. Kuttuna-k badu bestelako ametsezko dardara bat. Eta Eskurik gabe-k EP-ari ematen dio behar duen itxiera berezia.
Ekoizpenak urrea dira. Normalki ez zaizkit gustatzen sobera ekoiztuak diren lanak. Baina elektronika munduan fin ibili behar da aspergarri eta, batez ere, aurreikusgarri ez izateko. Bestelako proiektu handien alboan (demagun Merina Gris), lan honek badu etxean kozinatutakoaren usainik, baina ez horregatik zapore pobreagoz. Sample eta glitch eta geruzen errege izendatzeko prest etorri da Mattin Zeberio. Ez dezagun ahaztu, bere lehenengo lanean.
Edonola, hiruek osatzen dute bat. Eta hor dago grazia. Nerabetik asko du proiektu honek, erreferentzia eta estetikan. Eta hor irakurtzea gustatzen zait; xalotasun eta txolintasun punttu horretatik abiatzen dira, batzuetan esateko asko ez dutela dirudien arren, arnasa alai hartzeko kantuak eginez. Baina –eta garrantzitsua da–, ez hunkigarrismotik edo gora-bizitzatik. Hiperbolerik ez da gehiago behar hyperpopean. Etorriko zaizkie esatekoak.
Lan honek apur bat ixten du Chill Mafiak irekitako zirkulu bat. Euskal-zera horretan aire freskoa ez dadila izan kanpoan egiten den zerbaiten kopia hutsa. Jarrera eta estetika garaiari lotuak zaizkio, eta naturalki mugitzen dira handik hona. Gazteek badakite identitatea arma bat dela, eta behar denean aldatzen dela.