argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Magia
Uxue Apaolaza Larrea 2022ko abenduaren 25a

Umeak “jarri ordenagailuko papera” esaten dit testu prozesagailua irekitzeko: hizkien fasean dago. Papera. Eta ni ere hala ari naiz idazten, aurrean papera banu bezala: pantaila bat dut berez, eta ideiarik ez daukat teklatuan agintzen dudana pantailako zuritasunera hain zehatz nola iristen den. Gutxiago dakit idatzitakoa beste herri batean dagoen ordenagailu batera nola iritsiko den, eta nola manipulatu ahal izango duten aldizkari batean txertatzeko. Ziur asko, inprimatzeko ordua iritsi arte ez nuke ezer ulertuko (berriro) azalduko balidate ere.

Medikuarenean eskarlatina dela esan didatenean, proba pare bat egin ondoren, txorizoa erostera bezalaxe joan naiz farmaziara botika bila (tira, txorizoarena ere norbaiti bururatuko zitzaion noizbait). Estreptokoko bat da, A taldekoa, ia desagertuta egondakoa. Nola ikusi dute? Eta azaldu didaten arren, zaila zait imajinatzea gauza txiki horiek nola ikusi zituzten, nola asmatu zen horiei aurre egiteko botika bat, botika horrek nola funtzionatzen duen.

Mitologia indibidual baterako materialez inguratuta nago, nondik eta nola iritsi zaizkidan ez dakidan objektu eta asmakariz. Bizitza errazten, salbatzen, erosotzen didate. Eta kritika daiteke banan-banan nola alienatu nauen horietako bakoitzak, baina Gabonetan pasako dituzun une zailetan, zurekin egon ahalko dut, ondo-ondoan, belarrira maitasuna xuxurlatzen, ehun kilometroko distantziara. Haurrak pantailako botoia sakatu du, eta dena desagertu da: “magia”, esan du. Zientzia esan nahi zuen.