“Iraultza ateo deklaratu zenean, orduantxe aldaketa gure etxean”

  • Habanan egindako elkarrizketa baten bigarren atala izan liteke hau. 2011ko ekainaren 19an ARGIAren orrialdeetan mintzatu ginen Holguineko (Kuba) gotzainarekin. Francok estatu-kolpea jo zuen garaian Legazpiko alkate Daniel Arangurenen eta Emilia Etxeberriaren semea dugu, gurasoen erbestealdiaren lekuko zuzena.

Emilio Aranguren Etxeberria. Santa Clara, kuba, 1950

Holguineko gotzaina Kuban 2005az gero. Legazpikoa zuen aita, Francoren matxinada aurretik Legazpiko alkatea, Mutiloakoa ama. Bost anai-arrebetan gazteena, kubatar bezainbat euskalduntzat erakusten du bere burua han eta hemen. Etxeko txikiena izanagatik ere, gurasoen historiaren lekuko da, ahozko transmisio aberatsari esker, eta halaxe kontatzen ditu gurasoen garai bateko emigrazioa, Santa Clarako bizimodua, iraultza, arreben emigrazio berria eta gainerako.

Duela hamaika urte Kuban hitz egin genuen. Oraingoan, haatik, Euskal Herrian ari gara. Egun on –esan diogu, euskaraz–, lehenbiziko.
Bai, egun on [euskaraz, berak ere]. Gogoan dauzkat zenbait hitz euskarazkoak, gurasoek euskaraz hitz egiten zioten-eta batak besteari, eta guk ere zerbait ikasi genuen. Euskara ez zitzaigun arrotza, alegia. Egun on… aita… ama… eskerrik asko… ogia… ondo lo egin… ipini zopa… Halakoxeak. Euskal Herrian ibili naizen honetan, bestalde, Legazpin izan naiz –hemen naizen guztietan bezala, Legazpin, hangoxeak baikenituen gurasoak–, eta meza esan dudanean “Eskerrik asko, Jauna” kantatu dut. “Zuk badakizu kantu hori!”, esan zidaten, eta nik: “Buruz ez, baina letrak aurrean ditudala, bai, etxean kantatzen zuten-eta. Gauza txiki horiexek dakizkit euskaraz, askoz gehiago ez.

Aldian aldiko gotzain-konferentzia tarteko izan zaitugu gurean.
Bai, eta Italian eta Alemanian ibili, eta etxera etorri naiz, Legazpira. Huraxe dugu gure lurra hemen, hangoxeak genituen gurasoak, eta hemen naizen aldiro haraxe joan eta meza esan behar izaten dut. Oraingoan ere ez dugu huts egin, lehengusu-lehengusinen arteko bazkaria egin genuen, Antiguan (Zumarraga), eta 30 lagun baino gehiago bildu ginen. Baziren batzuk ezin etorri izan zirenak, adin handikoak, belaunetako minez direnak, baserrian gelditu zirenak. Baina Euskal Herrira etorri eta Legazpira joan gabe ez dugu etsitzen. Gainerakoan, Oñatiko moja beneditarrak bisitatzera ere joan nahi izaten dut, gure aferak haizatzen ditugu, inoiz nola-halako laguntzaren bat ere eman izan digute Holguinen dugun ikastetxeko ikasleei laguntzeko, eta horrela. Zuztarretara itzultzen naiz hona etortzen naizen aldiro.

Legazpira, oroz gain. Gurasoak hilagatik ere, eta urteak joanagatik ere, Legazpiko lotura estua ez duzue galdu…
Gurasoek transmititu zigutena duzu, ahozko transmisio zuzena, ez da besterik. Nik uste gure gurasoek nahita, berariaz, hitz egiten zigutela Legazpiz. Intentzionalitate osoa zegoen haien hitzetan. Esango dizut: 1985ean izan nintzen lehenbizikoz Legazpin, artean bizirik ziren zenbait osaba-izeba, eta, ezer baino lehen, Motxorrora joan nahi nuela esan nien. Gure etxean, Kuban, Motxorroa aipatzen zuten-eta gurasoek behin eta berriz eta askotan. Eta Motxorrora eraman nindutenean, tokia ikusi, eta ezagutzen nuela iruditu zitzaidan. Berdin, Mirandaolako gurutzera joan nintzenean. Izana nintzen, ez nintzen izana, baina izana nintzen. Berdin Mutiloan –Barkaiztegin, hangoxea genuen-eta ama–, eta Arantzazun, jakina! Gainera, osaba Pedro [Aranguren], Arantzazuko fraide guardiana izana zen.

Osaba Pedro, batetik, eta Juan [Aranguren], bestetik. Zuen aitaren anaiak, frantziskotarrak, biak Kuban izanak…
Eta haiexen bitartez joan ziren gurasoak Kubara, haiei eskerrak egin ahal izan zioten aurre, erraz antzean, emigratzailearen bizimoduari. Ez ziren babesgabe ibili. Gerraurrean, gure aita Legazpiko alkate zen, eta kolpea jo zutenean ihes egin behar izan zuen. Lehenik, Frantziara joan zen, eta badakit han [Landetan, inondik ere] baso-mutil jardun zuela zenbait hilabetez. Etxekoekin harremanetan zen, hala ere, eta, behin, jakinarazi zioten arrebari hein bateko itsumena diagnostikatu ziotela. Jakin orduko, aita etxera itzuli zen, baina amaren anaiek laster esan zioten berriz alde egiteko, ez zela giro. Hurrena, aitak Kubara egin zuen, anaia fraideen babesean, eta, badakigu, bestalde, aitaren baso-mutil lagunek Venezuelara ihes egin zutela. Basoko garai hartako argazkiak ere baziren gure etxean. Haiek eskuratzeko, ordea, eta gauza gehiago jakiteko, nire arreba nagusiekin hitz egin beharko zenuke.

Argazkia: Zaldi Ero

AEBetan dira zure arrebak...
Bai. Iraultza gertatu eta gero, haraxe joan ziren noizbait, eta hantxe dira. Nire arreba Toñi duzu etxeko memoriaren gordegia. Hark gure aitarekin basoan lanean jardun zuten lagunen izenak ere emango lizkizuke. Ez nago xehetasun handirik emateko moduan, etxeko txikiena nintzen eta gauza asko zeharka baizik ez ditut neureganatu, arrebek kontatuta, alegia. Esate baterako, etxean adituta dakit aitarekin batera, baso-mutiletan, lauzpabost laguneko taldea izaten zela, eta haien arteko elkartasuna ez zela alferretan. Etxean kontatzen zuten taldeko bat gaixotu egin zela, digestio-gaitzen bat, nonbait, eta taldekoek gogotik lagundu ziotela Venezuelara emigratu ahal izateko. Eta lortu zuela. Eta badakit gure aitak eta gaixotutako hark gutun bidezko harreman luzea izan zutela.

Etxeko txikiena zaitugu, 1950ean jaioa, zenbat aldiz azaldu behar izan dituzu zure jatorriaren zioak?
Behin baino gehiagotan. Batzuetan, atsegin handiz, gogo onez partekatu ditut nire baitako sentimenduak. Beste batzuetan, inoiz, nire jarreraren bat justifikatu beharrez, esan izan dut: “Kuban jaio nintzen, baina nire DNA bestelakoa da, bestelako ezaugarriak daramatzat”. “Eta zer ezaugarri dira horiek, jakin baliteke?”. Eta, orduan, harrokeriarik gabe, baina urguilu zuzen batekin, euskalduna naizela esaten diet, emigratuen semea. Eta galdetu egiten didatenez, nire euskal jatorri hori zertan den kontatzen dut. Horrek, bestalde, oraingo emigrazio-oldearen zenbait alderdi ulertzen laguntzen dit, ezbairik gabe.

"2021ean, urtarrilean hasi eta urtearen bukaera bitarte-edo, 200.000 pertsonak baino gehiagok emigratu dute AEBetara eta ondoko herrialdetara. Garai batean, odolustea zen; orain, hemorragia da"

Zer esan nahi duzu, “oraingo emigrazio-oldearen zenbait alderdi”?
Oraintxe migrazio mugimendu handia dago uhartean [Kuba]. 2021ean, urtarrilean hasi eta urtearen bukaera bitarte-edo, 200.000 pertsonak baino gehiagok emigratu dute AEBetara eta ondoko herrialdetara. Garai batean, odolustea zen; orain, hemorragia da. Emigratzaile horien artean, 20 urtetik 40 urtera bitartekoak dira guztiz gehienak. Esaterako, Nikaraguara joateko ez dago bisatu beharrik, eta Nikaraguaz gero, batera eta bestera joateko konexioak ezarrita daude, herrialdetik herrialdera ibili, eta Mexikoren eta AEBen arteko mugara heltzen da jendea. Emigratu duten 200.000 mila lagun horiek milioi laurdena ere badira. Hori ikusi, eta bat baino gehiago etortzen zait hau eta hori esaka: “Halako hark ere, emaztea eta haurra bertan utzi eta alde egin du!”. Gaitzetsiz, alegia. Eta nik esaten diet: “Ez arinkeriaz hitz egin. Duela urte asko, gure aitak horixe egin behar izan zuen”.
Andrea eta alaba Legazpin utzita joan zela Kubara, alegia.

Bai. Ez zen arinkeriaz hartutako erabakia izan, justifikatua baizik. Etxean tematu zitzaizkion, alde egiteko esan zioten, han onik ez zela-eta. Gure aitak Kubara alde egitea familian kontsentsuatutako gauza izan zen, halaxe erabaki zuen familiak, eta, horrek, gerora, familiarekiko loturari sendo eustea ekarri zuen. Lehenen, gure aitak ihes egin zuen; gero, gure amak, Liberekin [alaba nagusia]. Gurasoek bizimodua egin zuten Kuban, eta, hemengo familiak behar izan zuenean, laguntzeko moduan ziren, eta lagundu egin zuten. Truke moduko bat izan zen, urteen joan-etorrian, eta ondoko belaunaldien kasuan ere, bizirik iraun duena. Emigrazioaren historia beti-betikoa da, eta, are, baita gure arreba bigarrenaren historia ere.

Dakidanez, Libe hemen jaio zen, Legazpin, baina gainerako laurok Kuban…
Esan nahi dut, Begoñak [arrebetan bigarrena] gurasoen historia berregin zuela… Begoña 1962an ezkondu zen. Laster zen haurdun, eta, berandu gabe, senarrak Kubatik alde egin zuen [Miamira]. Begoñak 1963ko martxoan ekarri zuen haurra, baina gure arrebaren senarrak ez zuen haurra 1965eko urrira arte ezagutu, Begoñak ez baitzuen ordu arte AEBetara joaterik izan, Mexikotik barrena. Hargatik esaten dut Begoñak gure gurasoen historia errepikatu zuela.

Argazkia: Zaldi Ero
"Iraultzak bere burua sozialistatzat jo zuenean, ez zen ezer gertatu –gurean, behintzat–, baina ateo deklaratu zenean, orduantxe aldaketa gure etxean, eta, seguruena, aitaren eraginez"

Zuen gurasoak, Legazpitik Kubara. Zure senideek, Kubatik AEBetara… Zure anaia Daniel ere saiatu zen alde egiten…
Itsasoz, Cayobarinetik barrena, beste zenbait lagunekin batera. Baina harrapatu egin zituzten, eta kartzelara sartu zituzten. Danielek dioenez, hiru urte eta egun bat egin zituen barruan: 1965eko azaroaren 17tik, 1968ko azaroaren 18ra.

Zuen gurasoek bizitza berregin behar izan zuten Kuban. Santa Claran, zehazki. Nola asmatu zuten bide horretan? Zer gorabehera ekarri zizkien 1959ko iraultzak?
Zera bat kontatuko dizut, iraultzarekin loturik dagoena. Mutikoaren ikuspegia da, hala ere. 1962ko urtarrilaren 6an jakin nuen zein ziren errege magoak, hamaika urte nituela. Aurreko irailaren 2an, nire urtebetetzean, erregalo txiki bat jaso nuen: gerriko bat. Gerrikoa handi nik, ordea, eta amak gorde egin zuen. Eta gabonetan, eta errege egunean, goizean esnatu, zapatak ikustera joan, eta hantxe gerrikoa! Eta amari joan nintzaion: “Ama, erregeek urtebetetzeko erregalo bera ekarri didate!”. Eta, orduan, amak goxo besarkatu, eta erregeak gurasoak zirela esan zidan. Aurreko urtean gauzatu zuten interbentzioa, nazionalizazioa, eta gure gurasoek ez zuten ezertarako modurik.

Kito banketxeko aurrezkiak, besteak beste, zuen anaia Danielen bidetik dakidanez.
Kito aurrezkiak eta beste, bai. Orain esango dudana ez da nik ikusia, etxekoen ahozko narrazioaren bidez jaso dut. Ni ez naiz gertatu honetaz oroitzen. Errege egunaren aitzakian, etxean, patioko izkina batean, sagardo-kutxa bat zegoen, egurrezkoa, arto-landare batzuekin; landare haziak, hala ere. Aitak hura errege eguna baino hilabete lehenago-edo prestatu zuen, eta arrebek kontatzen dutenez, sagardo-kutxa haren barruan kartulina bat zegoen, zera idatzita: “Dena galdu dezakegu, familiaren batasuna ez beste guztia”.

“Familiaren batasuna ez beste guztia”.
Batasun horixe, bai. Gotzain izendatu nindutenean, esaterako, nuntzioa gotzain-armarriaz mintzatu zitzaidan. Nik ez nekien zer zen delako armarri hori, baina azaldu zidan, eta neure gotzain-armarria asmatu behar izan nuen. Eta adiskide batekin hitz egin, eta armarriaren zuztarrean lauburua jarri nuen, adieraziz familia dela defenditu eta babestu behar dugun gauza. Eta, besteak beste, horrexetan saiatzen gara, lehengusu-lehengusinekiko harremana defenditzen eta babesten, bai hona etortzen naizenean, bai sare sozialen bitartez, Kuban nagoenean. Holguinen naiz gotzain, baina gurasoek erakutsi zigutenari eusten diot.

Zertan lan egin zuen aitak Santa Claran?
Bazen alargun bat, Vicentica Artime, bi seme-alaba zituena. Semea Arantzazun egon zen, frantziskotar bidean, nahiz azkenean ez zen fraide egin. Alargun hark senarraren zenbait lursail jaso zituen oinordetzan, baina ez zen haietaz arduratzeko gauza. Eta uste dut gure osaba Pedrok, frantziskotarrak, aipatu ziola alargun hari gure aitaren izena. Legazpiko garaian, gure aitak kontadore lan egin zuen Patrizio Etxeberriaren fundizioan. Beraz, gure aita Vicentica Artimeren ondasunez arduratu zen, administratu zituen, eta, inondik ere, ongi bete zuen bere lana, nik esatea ongi ez badago ere: Vicenticaren ondasunak zuzen administratu, eta, are, oparotasuna ere ekarri zion alargunari.

Eta nola eragin zizuen iraultza ondoko nekazaritza erreformak?
Bi erreforma ere izan ziren. Lehenengoan, jabetzak ez ziren guztiz ukitu: kooperatibizatuta zeuden, eta nekazariek parte zeukaten etekinetan. Bigarren erreforma gauzatu zenean, aldiz, besterik izan zen: orduan bai, nekazariak ezer gabe gelditu ziren, dena kendu zieten. Dakidanez, kalte-ordainen bat jaso zuten, baina barregarrikeria hutsa. Gauza asko ez dauzkat gogoan, arreba nagusiek kontatuta dakizkit, baina zera hau bai, gogoan daukat, ez da inork kontatua: aitak administratu zituen lursailetako nekazariak kasik gure familia ziren, eta lurretik zetorren ezer ez genuen inoiz eskas izan: ez esnea, ez txerria, ez oilaskoa, ez jaki…

Gaur egun Aranguren Etxeberriarik ez dago Santa Claran…
Gure deiturakorik ez duzu, ez. Baina familia, bai, badugu. Emigrantearen familiaren kasuan, aitaita-amamarik ez duzunean, osaba-izebarik ez, lehengusu-lehengusinarik ere ez… auzoak zeure familia bihurtzen dira. Eta noiznahi hots egiten didate Santa Claratik, halako erori, eta mokorra hautsi duela esateko. Eta hots egiten didate, badakitelako dena delako pertsona horren adiskide minak garela. Eta arrebak ere, eta erbestetik ere, ez diote uzten galdetzeari: “Emi, noiz zara Santa Clarara joatekoa?”. “Halako egunean”. “Bada, joan zakizkio halakori, eta emaiozu bidali dizudan halako”. Batzuetan, dirutxoren bat da; beste batzuetan, sendagairen bat-edo. Eta halaxe joaten naiz gure herrira, Santa Clarara, mezularia banintz bezala, eta horrek gure arteko harremanak are estutzenago ditu.

1959an, iraultza. Interbentzio eta nazionalizazioa. Aitaren anaia bi, frantziskotarrak uhartean. Iraultzaren alde nabarmendu ziren frantziskotar ez gutxi…
Santa Clarako gure etxea frantziskotarrek irlaren erdialdean zeukaten prokuradoretza modukoa zen. Anaia Felipe izenekoak, adibidez, La Quincena aldizkaria banatzen zuen, eta gure etxea baliatzen zuen batera eta bestera ibiltzeko. Placetaseko fraideak, Remediosekoak, Capajuanikoak… etxera etortzen zitzaizkigun. Hantxe ziren aita Pertika, anaia Pedro, anaia Bixente, anaia Ximon eta besteren batzuk. Iraultza ondoko garaia, 1962tik 68ra bitartekoa, ez zitzaidan arrotza izan. Ez nuen gogoeta eta analisi sakonik egiteko gaitasunik, baina informazioa jaso nuen, eta hein batean prozesatu ere bai. Gure anaiak [Daniel] hobeto kontatuko lizuke, baina badakit gure aitak iraultza egin zuela, lagundu egin zien altxatu zirenei. Iraultzak bere burua sozialistatzat jo zuenean, ez zen ezer gertatu –gurean, behintzat–, baina ateo deklaratu zenean, orduantxe aldaketa gure etxean, eta, seguruena, aitaren eraginez.

                                                                                                *          *         *

IRAULTZA
“Daniel [anaia zaharragoa] eta biok ikastetxe erlijiosoetan ikasten ari ginen, eta ikastetxea interbenitu zutenean, guretzat ez zen krisirik izan: maiatzean ikasturtea bukatu, eta irailean eskola publikoan hasi ginen. Ez zen etenik izan. Bagenuen apaiz bat, parroko, salestarra, José Vandor Wech, hungariar jatorrikoa, eta berak kontatzen zizkigun epaiketa sumarisimoen berriak, heriotza zigorrak, eta fusilamenduak; besteak beste, Santa Clara inguruan, Manicaraguatik hurre, La Mozakoak”.

FUSILAMENDUAK
“Nerabe nintzen arren, jakin nuen aita Manicaraguara joan zela, heriotzara zigortutako bik, azken borondateko, apaizarekin hitz egitea eskatu zutelako, eta gure aita eskari hura bideratzera joan zen. Halako gauzak ez dira ahazten, jakina. Handik urteetara, Javier Arzuagak liburua idatzi zuen [La galera de la muerte (Gau minean)], eta orduan barru-barrutik jakin genuen zer izan ziren Habanako La Cabañako fusilamenduak. Arzuagaren liburuan, esaterako, gure arreba nagusien lagunak ageri ziren, hasieran harrapatutakoak. Hilak dira haietako batzuk; guztiz gehienek, berriz, emigratu egin zuten askatu zituzten orduko”.

AZKEN HITZA

NEURRIZ
“Nik uste gure aitari neurri handian umoreak lagundu ziola aurrera egiten. Haserretu ere egiten zen inork esaten bazion gauzei ez ziela inportantziarik ematen: 'Nire ustez eman behar diedan inportantzia ematen diet gauzei, baina neurriz gain ibili gabe’. Eta halaxe”.

 


ASTEKARIA
2022ko abenduaren 31
Azoka
Azkenak
2024-12-19 | Leire Ibar
Ia urtebete daramate soldatarik gabe Bilboko ikastetxe bateko langileek, funts putre batek eraikina erosi ondoren

Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langileek soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.


2024-12-19 | Gedar
Europan, pentsiodunen %13k jarraitu behar dute lanean

Erretiroa hartu berri dutenen %4,9k uztartu behar dituzte pentsioa eta lanen bat Espainiako Estatuan. Estonian %55 dira.


2024-12-19 | Axier Lopez
Palestinaren askatasunaren aldeko 10 orduko elkarretaratzea egingo dute Lekeition

Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.


Ernairen kontrako 290.500 euroko isunak indargabetu ala nabarmen apaltzea onartu dute epaileek

Isunak baliogabetzeko helegitea jarri zuten Ernaiko gazteek eta arrazoi eman die epaileak. Naiz-ek eman du epaiaren berri eta ostegun honetan 10:30ean eginen du prentsaurrekoa Ernaik, zehaztapen guztiak plazaratzeko.


2024-12-19 | Julene Flamarique
TikToken karbono-aztarna Greziako urteko emisioa baino handiagoa da, ikerketa baten arabera

Sare sozialik opakoena da TikTok: ez du bere isurketei buruzko daturik argitaratzen. Gainontzeko sare sozialek baino gehiago kutsatzen du. 2030erako "karbono neutral" bilakatzeko konpromisoa hartu duela esana du.


Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


Alerta laranjak

Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]


Eguneraketa berriak daude