argia.eus
INPRIMATU
Bokazioa
Ana Mendia 2022ko abenduaren 23a

Gustuko dut literatura merke pixka batekin kontatzea Beasaingo Igartza Jauregian erabaki nuela zer izango nintzen ofizioz. Goxo oroitzen dut Gure erditzearen jabe liburua aurkezteko antolatu zuten topaketa hura: Estitxu Fernandez eta Ixabel Aleman poderioz hizketan taula gainean; beren parean guraso-elkarte txiki bateko kideak adi-adi; eta ia azken ilaran, izkina batean, begirada dezente arraroak jaso genituen bi umemoko, alegia, bakarrik joan ez nedin mesedea egin zidan laguna eta biok. Guraso elkarte hartako burua gerturatu zitzaigun hitzaldiaren aurretik triptiko batekin: “Ez zaituztegu ezagutzen eta, tira, hementxe gure elkartearen informazioa”. Erabat tokiz kanpo geunden. Auskalo zer imajinatu zuten! Lagunak, oraindik ere, erdi lotsatuta akordarazten dit pasa zuen estualdia. Nik, ordea, horrenbeste haluzinatu nuen, gozamena beste ezer ez zitzaidala kabitu gorputzean.

Maite dut nire ogibidea. Eraiki egiten nau. Emagin naiz urteko hirurehun eta hirurogeita bost egunetako hogeita lau orduetan zehar. Edonon eta edonorekin; ezinbestean zeharkatzen nauen zerbait da. Identitarioa. Akaso hastapenetako euforia baino ez da izango, ez dakit. Agian, hemendik hogei urtera edo, burnout-ak erabat jota lanbidea utzi eta mertzeriaren batean arituko naiz botoiak saltzen. Baina egun, munduko ofiziorik ederrena dudala esaten dut harro, eta sekulako bokazioa dudala edo antzeko piroporen bat jaso ohi izaten dut bueltan.

Ez ni gaizki ulertu, ordea. Biblia-saltzaile itxura hartu dut oharkabean, baina ez pentsa lanerako grina promozionatzera natorrenik. Izan ere, bokazioa bi ahoko arma delakoan nago. Izan liteke piropo eta izan liteke irain. Bertute eta gabezia. Sari eta zigor. Enpresarentzat loteria ederra da pasioa, hori bai: “Ez dizuegu eskatu diguzuen formakuntza hori emango. Baina, aizue, ez ezazue ahaztu zergatik zaudeten hemen; ez ezazue ahaztu zuen profesioa maite duzuela; erabil itzazue, beraz, zuen ordu libreak, zuen dirua, zuen opor-egunak eta segi tope ikastera”. Egiaz, automotibazioaren eta nork bere mugak gainditzearen tankerako diskurtso erromantikoekin nazkatuta nago aspaldi honetan. Bokazioaren izenean, badirudi zilegi dela langileari berari exijitzea dituen errekurtsoak ustiatu eta bere balioa garatzeko ardura.

Bokazioaren izenean, badirudi zilegi dela langileari berari exijitzea dituen errekurtsoak ustiatu eta bere balioa garatzeko ardura

Eragin anestesikoa ere badu lanerako zaletasunaren diskurtsoak, lan-baldintza kaskarren kontrako errebolta inpultsuak lokartzen baititu kolpe batez: nolatan izango naiz zoriontsu egiten nauenaz kexu? Horratx langileak zintzo fidelizatzeko gakoa: gogoko bidean aldaparik ez. Ez omen da maite dugun horretan jardutea baino luxu hoberik. Ezegonkortasunik ez, ziurgabetasunik ez, lehiarik ez. Eta deskuiduan baten bat gogoz estresatuko balitz, egon dadila lasai, ze bere eskariei erantzuteko beharbada ez, baina mindfulness ikastarorako bada tokirik aurrekontuan.

Bide batez, Jon Kabat-Zinn maisuaren hitzetan, mindfulness-a epairik gabe, nahita, arreta osoa unean-unekoari jartzean datza. Noski, ondo pentsatuta zentzuzko estrategia da mindfulness-arena enpresentzat. Bestela, izango da epe luzera pentsatzen jarri eta erretxinduko denik, eta atsotitzak dioen moduan: eskuak garbitzea baino, ez zikintzea hobe.


Munduko ofiziorik ederrenean ere dena ez da arrosa kolorekoa; ez begirada profesionaletik, ezta begirada laboraletik ere. Horregatik, inoiz Igartza Jauregian umemoko bat haluzinatzen topatuko banu, gorputzean kabituko ez zaiola jakinda ere, zera esango nioke belarrira, badaezpada: azti ibili bokazioarekin.