argia.eus
INPRIMATU
Arteaz gozatzera derrigortuak
Amancay Gaztañaga @lagatadepandora 2022ko abenduaren 23a
PAULA ESTÉVEZ

Leonidas berak zuzendu izan bagintu bezala, goizeko hamaiketan beroketak amaitzen gabiltza eszenatokiko teloi beltzaren atzean. Gure Xerxes: 300 nerabe, antzerkia ikustera derrigortuak izan direnak. Derrigortu, zer hitz zatarra. Antzerkia eta derrigorra hitzek ez lukete inoiz esaldi berean idatzita egon behar, baina hemen daude, hiru ikastetxetako DBHko ikasleak eta irakasle gutxi batzuk, antzerkia ikustera derrigortuak.

Gazteak oihuka sartu dira, une labur batez askatuak izan diren animalia basatien antzera. Gu bero-bero gaude. Badakigu gutxi garela guzti horien aurrean, ez da erraza izango, baina dugun materiala ona da eta konpainia ezin hobean gaude.

Eskutik heltzen diogu elkarri. Argiak itzaltzen diren momentuan oihuek gain hartzen dute aretoan. Zenbat aldiz etorri ote dira gazte hauek antzerkia ikustera? Zenbat aldiz derrigortuak? Zenbat aldiz plazeretik? Badakite plazera eta antzerkia bateragarriak direla? Eszenatoki barrura goaz hiru aktoreak.

Isilik, iluntasunean, taula gainean tarte bat hartu dugu, telepatikoki elkarri “itxaron pixka bat, isilduko dira” esan diogun bitartean. Pertsonaien lehen barreekin eszenako argiak piztu dira. Hemendik aurrera geraezinak gara obraren amaieraraino, etengabe aurrera doan baporezko Titana.

300 horietatik hamar goian eseri dira, azken besaulkietan. Ez dira isiltzen, ez dira isilduko, eta ez dira isildu. Patriarkatuaren seme diren horien zurrumurruek amaieraraino lagundu gaituzte.

Betikoa, nerabeak kastigatu eta listo. Nola nahi dugu nerabe horiek antzerkiaz disfrutatzea, disfrutatzen irakasten ez badiegu?

Gaurkoa neketsua izan da, bultzaka ibili garen sentsazioarekin geratu zait gorputza. Ikasleak aretotik irteten diren bitartean irakasle bat gerturatu zait. Zer moduz joan den galdetu dit, beraiek ez dutela ikusi, nonbait kafea hartzera irten dira.

Etxera iritsi baino lehen ama dut deika: “Zer gertatu da gaur antzerkian?”, “Betiko hamarrek beraien buruak boikoteatu dituztela, ama” erantzun diot. Nola enteratu den kontatu dit: gure amonaren zaintza partekatzen duen erizainari gutun bat bidali diote eskolatik. Gaur ikasleak gaizki portatu direla antzerkian eta ez dela horrela geratuko esanez, kastiguak eta errepresaliak egongo direla.

Betikoa, nerabeak kastigatu eta listo. Nola nahi dugu nerabe horiek antzerkiaz disfrutatzea, disfrutatzen irakasten ez badiegu? Nola nahi dugu kulturarekiko errespetu hori erakustea, batzuetan irakasleek beraiek ere erakusten ez badute? Nola nahi dugu antzezlan batez gozatzea, kulturak piper bat ere balio ez duen hezkuntza sistema batean sartuta badaude?

Ez, barkatu, baina ez; gaur gertatu dena gizartearen isla izan da. Hamar horiek egin dutena, berriz, ikusten duten horren errepikapen soil bat. Kastigua merezi dute? Orduan guztiok merezi dugu. Institutuek beren buruak kastigatuko dituzte, antzezlanari berari edo antzerkiari sistema horren barruan tarterik ez uzteagatik? Agian hamar horiek ere kafea hartzera irten balira…

Ez zait sumindura kabitzen iritzi honetan. Bai esperantzarako tartea, ordea. Herriko Gaztetxokoak hamar ikasle horiekin biltzeko tartea emango digu, bai beraiek eta bai guk sentitu dugunari buruz hitz egiteko.

P.D.: Badakit ez dela erraza irakasle izatea, etxean bizi izan dut hori. Lan delikatu eta garratzitsu horri duintasuna eman behar badiogu, ordea, hezkuntza sistemak goitik behera aldatu beharko du.