argia.eus
INPRIMATU
Azalerak
Maddi Galdos Areta 2022ko abenduaren 20a
'Keinura itzuli' | Elena Olave | Susa, 2022
'Keinura itzuli' | Elena Olave | Susa, 2022

Gorputza, gertaera, kontaktua, ekintza, unea eta aieruari hitzak jartzera dator Keinura itzuli (Susa, 2022) poema-liburua. Nagusiki laburrak diren poemak bildu ditu Elena Olavek (Durango, 1997) bere ibilbideko bigarrena den lan honetan: orotara, munduaren bihotza astintzeko edo babesgabe denari babes eskaintzeko xedez ondutako 57 olerkik osatzen dute bilduma, erreka, euri-oste eta loreek edertua dena.

Izan ere, urtaro, landare eta naturako urak darabiltza poetak izendatzeko zail dena izendatu eta bere begietatik ikusarazten dizkigun eszena eta kontakizun handien aldean txikitzat jo ohi diren mitoak idazteko. Hitzok gordetzen dutenari erreparatu beharko dio, bada, irakurleak: agertzen dutena ez baita beti ageriko. Iragankortasunaren eta betikotasunaren arteko mugara garamatzate maiz durangarraren poemek: are, baita iragana eta orainaren artekora ere. Gauzak horrela, galera eta aldaketak ardazten dute, bestetzuen artean, liburua, eta herabe suerta daitekeen ni-ari gotorleku zaion gu bat ere kausi daiteke bertan: “Eskuekin intentsitate eta grinak / partekatzen ditugulako / loratzen dira gaztainondoak gure gainean, / mahatsondoak bildu gorputzean. / Gerizpe honetara heldu bitartean, / nork bere belar gaiztoak erauzita, / elkarri arantzak kentzeko gai gara orain”.

Gaien artean idazketa bera dugu azpimarragarrien: idaztea eta idatzi ezina, idaztearen eduki, arrazoi eta xedeak eta idazteko prozesu edo ariketa arakatzen ditu Olavek, hala, poemotan. Artea, Ez da erraza esatea eta Egin eta desegin ditugu, besteak beste, horren adibide. Halaber, idazketa keinu bezala ulertu eta gorputzari hertsiki loturikotzat jo dezagun ere galdegiten digute lerrook: idaztean testuan galtzen ei da gorputza, hitzarekin adierazten nekeza den eta memoria gordetzen duen gorputza.

Aztarna, arrasto, keinu eta aieruak biltzen dituzte orriok, azaleko marka eta tolesturei  segika ondutako kontakizunak. Horretarako erreferentzia asko bildu ditu Olavek, modu ezberdinetan adierazi dituenak, kontaktuak moldatzen gaituenaren seinale eta transformazioak eta balizko poetika berriak izan beharreko abiapuntua adierazita: “egarria ezin delako ilusioz soilik ase / jarraitzen dugu elkarrekin / iturri eder eta baliagarriak sortzeko eginahalean”.