argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Afektuen ekologia
Ula Iruretagoiena 2022ko abenduaren 14a

Eraikin bat gorputz bat bezala irudikatzea datsegit. Instalakuntza-hoditeriak zainak bailiran, zutabeak eta habeak hezurdura gisa, fatxada, azal-zuntza bat. Eta eraikinaren arima eta bizi-taupadak pertsonek eragiten dute, espazioa erabiltzen eta zaintzen duten bitartean.

Abandonaturiko eraikin bat. Kanpotik zein barnetik, espazioek rigor mortis bat helarazten dute, paretetako pintura altxatzea, ate-banden herdoilak eta beira hautsiak iraganaren izozketa leku dira, hunkitzea sorrarazten dute. Edo hoteleko logelak. Gehienak hilik daude, berdin du zenbat izar dituen. Gorputz-espazio hauetan ez da afektu-atxikimendurik gertatu denboran edo bizitza galdu da, eta zoru, sapai eta objektuak apatiko ageri dira. Maila sentsiblean, hutsik dauden materiak eta lekuak dira, hezurdura soila.

Espazioa afektu askoren euskarri dela zinez dakigun arren, atsegin dut gaiak arrazoiketari eskapatzea eta misteriotsua izatea inguruaren izaera materialak nola eta zein modutan eragiten gaituen. Sentsazioen definizio-saiakeran, ematen du espazioaren diseinuarekin harremanean diren gauzak gailentzen direla, eta egoera eta aspektu desberdinek elkar-eragina dutela –ekologia bat dela–, ikusten eta eraiki denaz harago. Horra hor honen guztiaren edertasuna.

Subjektibotasunaren eremu honetan, filosofiara jo behar dugu esateko gauza material guztiak, maila batean edo bestean, “bizirik” daudela eta horregatik gugan efektuak sortzen dituztela, material-efektuen eraginez (Spinoza, Thoreau, Bennett…). Harreman mota bat da material eta gizakien artean eta afektu hauek espazioan “geruza ikusezin” baten antzera presentzia hartzen dute.

Kontsumo handiko egunak datoz. Objektuak erosi eta akumulatzearen gula sumatzen dut, ez datsegit. Hain epe motzean baztertzen ditugu eskuraturiko gauzok, ezen beraiekin erlazionatzeko tartea asko murrizten den, materialek duten afektu potentziala baztertuz.