Bigarren Gerra Handian kokatzen da Ruben Ruizen nobela hau, 1941 eta 1944 bitartean, hain zuzen. Eta hegazkinlari aliatuak nazien lurretatik atera eta berriro Bretainia Handira itzultzen zituen Comète sareaz ari zaigu; baina ez horretaz bakarrik, edo, hobe esanda, hori baino gehiago euskal mugalari eta kontrabandisten istorioez ari zaigu obra.
Ruben Ruizek erritmo biziz, kapitulu laburrez, Comète sarearen gorabeherak kontatzen dizkigu (agian informazio historiko gehiegi emanez batzuetan) eta horren parean Mattin gaztearen istorioa azaltzen zaigu. Umezurtz geratu ondoren Baztanen dagoen osaba kontrabandista baten babesean bizi den Mattinek muga zeharkatzearen arriskuak eta sabeleko kili-kiliak erakutsiko dizkigu, nerabezarotik helduarora nola pasatzen den eta baita bestaldean bizi den Amelierekin duen harremana ere.
Abenturazko nobela bat da Beti mugan hau, nobela historikoa ere bai, iniziatikoa ere badugu eta irakurlearen irribarrea eta malkoa bilatzen duen obra. Irribarrea kontrabando istorio batzuekin, malkoa mugan nahiz nazien jarraipenagatik hiltzen direnekin. Egileak ederki egituratu du nobela irakurlea irakurtzen animatzeko, Mattinen garapenaren lekuko izateko, bai eta Amelierekiko maitasun istorioarena ere; baina, horrez gain, irakurlea Comète sarera hurbiltzea lortzen du, haien lanera eta sufrimendura. Guzti hori, garai hartako Baztango bizimoduan kokaturik, kontrabandisten berri emanez, zer nolako harremanak izaten ziren ipar eta hegoaldekoen artean, Guardia Zibilarekin, edo kontrabandisten eta baserritarren artean.
33 kapitulutan banaturiko nobela dugu; kapitulu bakoitzak gertatuko denarekin zerikusia duen esaera zahar bat duela izenburu. Eta narrazioa bi plano ezberdinetan egoteak, amaieran bat egiten duten bi istorio kontatzeak, gertakariz eta ekintzaz beteriko obra izateak animatu egiten zaitu aurrera jarraitzera, liburua osatzen duten 250 orrialdeak irakurtzera, irakurle gazte nahiz heldu izan, nobela hau bera ere dagoelako mugan.