Erakusleiho digitalean eta hari begira haztearen berezitasunak

  • Teknologia digitalaren garapenak aldaketa handiak eragin ditu harremanetarako moduetan eta gure nortasuna osatzeko prozesuan. Interneten zer kontsumitu eta sare sozialetan zein rol jokatzen dugun, horiek ere definitzen dute nor garen. Areago ingurune digital batean jaio diren gazteen kasuan. Identitatea eraikitzeko prozesuan aldaketa handiko garaia da nerabezaroa, eta bidearen erdian gainera lehen mugikorra eskuratzen du askok. WhatsApp, Instagram, Tik Tok, BeReal, bideo-jokoak, pornografia... Leiho erraldoia irekitzen zaie parez pare, iparra topatzeko ahalegin betean.

Telefono deirik ia egiten ez duen gazteria definitzeko
Telefono deirik ia egiten ez duen gazteria definitzeko "Mute belaunaldia" terminoa erabiltzen da. Geroz eta gehiagok uzten du mugikorra isilean, eta normaltzat dute deiak ez erantzutea. Urduri ere jartzen dira, beharturik izanez gero telefonoz hitz egitera. SURPRISING SHOTS / PIXABAY

Arratsaldeko seiak dira. Abisuak jo du zure mugikorrean. Bi minutu dituzu argazkia atera eta lagunekin partekatzeko. Atzo, eguerdiko hamabietan jaso zenuen mezu bera, eta bihar ere helduko zaizu, auskalo zein ordutan. Bi minutu. Ez du axola non eta zertan ari zaren, kalean oinez, tabernan, eskolan, ohean erdi-etzanda edo komunontzian eserita... Zeure buruari argazki bat atera behar diozu, eta bigarren bat parean ikusten duzun paisaia, pertsona edo dena delakoari. Ezin duzu filtrorik erabili, ezta irudiak editatzeko bestelako tresnarik ere. Helburua da unean bertan zertan ari zaren erakustea, argazkirako “prestatzeko” aukerarik eman ez eta “autentikoago” agertzea. Bai baitakigu apur bat aspertzen zaituztela unibertso osoa ortzadar kolorekoa bailitzan erakusten duten sare sozialek.

2022an gazteek gehien deskargatu duten aplikazioa da BeReal. Adituek diote Instagram-ekin lehiatzeko sortua dela, “postureoa” gainditu eta errealitateari fidelagoa zaion irudia erakutsi nahi duen neurrian. Izan ere, zenbait aplikazioren bidez zabaltzen diren “irudi idilikoez” kokoteraino dago hainbat jende, Ane Ortiz Ballesteros sexologo eta psikologoak azaldu digunez. Gasteizko Emaize zentroan egiten du lan, nerabeekin sarri, harreman-sareak osatu eta identitatea eraikitzeko prozesuan teknologiak jokatzen duen paperaren bueltan. “Gazteak nekaturik daude etengabe ikusteaz haientzat eskuragarriak ez diren gauzak”, dio. Ikusteke dago xede “errealista” horrek BeReal-en aurka egingo duen ala, aitzitik, arrakastari eutsiko dion. Bien bitartean, postureoaren kultura agortzen ari ote den, Ortizek zalantza egiten du, nahiz eta aldaketarik sumatzen duen.

Ezkutuan geratzen ziren gai batzuk azaleratzen ari dira, eta horren erakusgarri da geroz eta influencer gehiagok hitz egitea euren arazo eta gaixotasunez. “Lehen guztia zen hain zoragarria, hain perfektua...”, esan digu. “Orain gazteek aukera handiagoa dute gertatzen zaiena identifikatzeko; batzuetan gaizki sentitzen gara eta ez dakigu oso ongi zergatik, non begiratu ez daukagulako. Gainera, nahiz eta oraindik ere profil hegemoniko bat nagusi den, sare sozialak aniztasun espazioak dira, non biltzen diren errealitate desberdinak, orotariko bizipenak, gorputz mota asko... Eta, nerabezaroan, geure identitatea eraikitzeko prozesuan erreferenteak izatea inportantea da”. Horrek ez du esan nahi norberaren arazoak automatikoki desagertuko direnik, baina lagungarri da ulertuko gaituen jendearekin bizipenak partekatzea, arazo edo sentimenduez bezala zaletasunez mintzatzea, munduko arraroenak izanagatik.

“Dena lortu nahi dugu istant batean eta esfortzu handirik egin gabe, eta horrek gure bizitzako esparru guztietan du eragina, bikote-harremanetan adibidez”. Ane Ortiz, sexologoa

Intimitatea kanporatzeko nahia “exhibizionismo-ariketa izan litekeenaz harago” doala uste du, “kaltetutako autoestimuak konpondu” nahi dituela. “Pertsonek beren bizitzako alderdi intimoak azaltzen dituzte gainerakoen onespena edo enpatia bilatzeko eta, batez ere, gizarte-loturak ezartzeko ahaleginean”.

Erakusleihoa eta dendaostea

Geure identitatearen garapenean faktore mordoak esku hartzen du. Plano analogikoa dago batetik, Internetetik kanpokoa, familia, lagunak... Eta digitala bestetik, sare sozialetan bizi, ikusi edota erakusten ditugunak. “Plano bietan dugu geure erakusleihoa”, azaldu digu Ortizek. Etengabe ari gara zernahi erakusten eta guri buruz informazioa ematen. Esaterako, gaur bertan zer eta norekin egingo dudan, diferente jantziko naiz, diferente jokatuko dut. Eta, aldi beran, denok dugu  dendaostea, non gordetzen ditugun guretzat inportanteak diren gauzak, baina besteek ikusterik nahi ez ditugunak, intimitateari lotuak daudenak. Sare sozialetan, oro har, gainerakoen erakusleihoak ageri zaizkigu, baina atzealdea ez hainbeste. Eta erakusten digutena alderatzen badugu dendaostean gordeta daukagunarekin, etsigarria gerta daiteke.
Sexologoaren hitzetan, “geure identitatea joaten gara eraikitzen auto-behaketa eta konparazioaren bidez eta, gaur egun, barrurantz baino, kanporantz begiratzen dugu geroz eta gehiago. ‘Nor naiz ni?’ galdetu ordez, ‘hori bezalakoa izan nahi dut’ esaten diogu geure buruari, gure identitate propioaren eraikuntza galduz. Uneoro baitaukagu norekin alderatu, bai plano analogikoan, baita digitalean ere, milaka pertsonarekin”.

Hari horri tiraka guztiok harrapatu gaituen sistema kapitalistaren ajeez mintzatu zaigu: “Dena lortu nahi dugu istant batean eta esfortzu handirik egin gabe –gaur bi produktu erosi ditut Amazonen eta bihar bertan ekarriko dizkidate etxera–, eta horrek gure bizitzako esparru guztietan du eragina, bikote- harremanetan besteak beste. Espazio analogikoetako sedukzio- eta gorteatze-prozesuak bigarren maila batera igaro dira, eta gailu elektronikoak funtsezko tresna bihurtu dira bikote berriak lotzeko edo sortzeko”.

Kapitalismoa ez dute sare sozialek asmatu

Iker Madrid politologoak idatzi duen moduan Contracultura webgunean publikatutako El papel de Instagram en la configuración de nuestra identidad (Instagramen papera gure identitatearen konfigurazioan) artikuluan, “Instagramek edo beste edozein sare sozialek sortutakoa, izaera positiboa izan zein eragin negatiboa, lehenagotik ere gizartean zegoen, ez da hutsetik azaleratu. (...) Instagram, Twitter edo Facebook diren bezalakoak dira egitura konkretu batean integratuta daudelako, kapitalismoan alegia, negozio-eredu zehatz baten menpe. Instagramek ez ditu ezerezetik sortzen jokaera, jarraibide existentzial edo prozedura sozial berriak, baizik eta areagotu egiten ditu, ezeztatu, sustatu, leundu edo birformulatu”.

Autoreak eztabaida interesgarria planteatzen du gizarte neoliberalak dauzkan ezaugarri nagusien –lehiakortasuna, esaterako– eta sare sozialek hauspotzen dituzten jokabideen arteko erlazioaz: “Espazio horietan urradurarik gabeko erabateko zoriontasun irudia eman nahi dugu, eta ondorioz emozio batzuk (tristura, amorrua, etsipena, sufrimendua, antsietatea...) sakrifikatu edo ezkutatu egiten dira, geure barruan urradurak sortzeraino. Horrek ez du esan nahi sare sozialak direnik buru-osasunean pitzadurak eragiten dituzten faktore bakarrak; handiagotu egin ditzakete, ordea”.

“Sinplifikatu” eta “erraztu” ez dira gauza bera

Tinder, Meetic, eDarling... bikotekidea topatzeko aplikazio ugari dago eta, gainera, propio horretarako sortu ez ziren beste batzuen bidez –Instagram eta Tik Tok adibidez– ere ligatu daiteke, kode edo estrategia bereziak erabilita: pertsona batek igotako argazki, bideo edota eta profilari “atsegin dut” eman eta hortik abiatuta, agian, bide luzeagoa hastea; ohiko erabiltzaileak ez direnek nekez harrapatuko dituzten klabeetan egin eta jasotako iruzkinak... Ane Ortizen hitzetan, sedukzio eta gorteatze prozesuetan kodeak erabat aldatu dira, ez soilik digitalizazioak bultzatuta, baita orain arte erabili diren estrategiak geroz eta gehiago kuestionatzen direlako ere. “Feminismoak gauza ugari jarri du zalantzan, lanketa handia egin da bikote harremanen inguruan”, azaldu digu. Hala ere, nahiz eta gazteek barneraturik duten indarkeria egoera edota kontrol mekanismoen gaineko diskurtsoa, zailtasunak dituzte plano digitalean jarrera desegokiak identifikatzeko. “Esaterako, ikasleei galdetzen diegunean zer iruditzen zaien bikotekideari esatea nola jantzi behar duen, badakite txarto dagoela; baina duda egiten dute, demagun, bikotekideak eskatzen dizunean Instagrameko pasahitza emateko, edo lokalizazioa uneoro aktibatuta izan eta norekin zauden esateko, “atsegin dut” nori eman diozun begiratzen uzteko... Maitasun froga bezala ikusten dute sarri. Ulertu behar dugu sare sozialak ez direla soilik norberaren espazio intimoak, baizik eta gure eduki pribatuetara sarbidea duenak gure lagunek plazaratutakoak ere ikusi ahal izango dituela”.

Ane Ortiz Ballesteros sexologo eta psikologoaren hitzetan sare sozialak aniztasun espazioak dira, non biltzen diren errealitate desberdinak, orotariko bizipenak, gorputz mota asko... "Geure identitatea eraikitzeko prozesuan erreferenteak izatea inportantea da”, dio. / ARITZ LOIOLA, FOKU

Hein batean, bat-batekotasun horren eraginez besteak beste, gorteatze prozesuak “sinplifikatu” eta batez ere “bizkortu” egin direla uste du Emaizeko sexologoak, baina horrek ez du esan nahi bikotekidea topatzea samurra denik: “Gazteek askotan esaten dute plano digitalean erraza dela flirteoan aritzea edo elkar gustuko dutela adieraztea, zailagoa aldiz harremanari estuago heltzea, birtualki emandako lehen urrats horietan osagai asko falta dira-eta”. Gauza bera kontatu digute Urretxu-Zumarraga ikastolako hamabost urteko ikasle batzuek (ikusi koadroa). “Sare sozialek agian erraztuko zuten bikotekidea aurkitzea, elkar ezagutzea, baina aurrez aurre bestelakoak dira kontuak. Aurpegira esatera ausartzen ez zarena mugikorretik esaten diozu, eta gero...”.

Pantailaren gibeletik aritzeak ematen duen ausardiaz jarraitu dugu gazteokin hizketan: “Lagun batekin haserretu, eta aurpegira hitz egin ordez, mugikorretik mierda piloa botatzen duzu haren gainean. Jendea puztu egiten da mugikorraren atzean. Pertsona batzuk profil faltsuen atzean ezkutatzen dira, edo ezagun zein lagun baten izenean sortzen dituzte –gutxiagotan gertatzen da– eta handik bazterrak kakaztu. Babestuago sentitzen dira, edozer esateko boterearekin”. “Bai, jendea Whatsappetik ausartagoa da”, esan digu 12-13 urteko beste ikasle talde batek.

Ortizen ustez positiboa da sareak izatea espazio bat non jendea seguru sentitzen den, aske, plano analogikoan egingo ez lituzketenak egiteko. “Lotsatiak direnentzat, lagun berriak egiteko zailtasunak dituztenentzat, plano digitala ihesbidea da. Noski, horrek arriskua ere badu, plano analogikoan egingo ez lituzketen gauzak zeintzuk diren...”.

Intimitaterako espaziorik ez

“Maitemintzen garenean behar handia sentitzen dugu pertsona horrekin gure intimitatea eta gorputza partekatzeko”, azaldu digu Emaize zentroko sexologoak. “Gazteek, ordea, ez dute kalitatezko espaziorik euren intimitaterako. Elkarrekin lasai egon nahi dute, baina demagun euria ari duela eta gurasoak etxean daudela; ez dute garaje edo atari batean egotea besterik”. Lehen ere horrela ez ote zen galdetu diogu. “Baita ere, baina orain osagai berriak daude”, erantzun digu. “Espazio horien faltan gora egiten ari dira sexting eta zibersexu praktikak; logikoa den moduan, plano digitalak bete du hutsune hori”. Gauza orok bezala, alde on eta txarrak ditu honek guztiak. Plano analogikoan dauden arrisku batzuk desagertzen dira (planifikatu gabeko haurdunaldia, gaixotasunen bat kutsatzea...), ‘panikoaren botoia’ saka dezakezu gustura ez zauden espazio horretatik di-da batean ospa egiteko, eredu koitozentrikoarekin apurtzen da... Baina digitalizazioak dakartzan arazoak agertzen dira, intimitatea urratzearekin lotutakoak bereziki.

Porno izarrak hamabi urteko gazteen ahotan

Eredu koitozentrikoaren aipuak bide eman digu pornografiaz solasteko. Ortizek azaldu digu hamabost urte bete baino askoz ere lehenago hasten direla gazteak “erotikaren zientzia fikzioa” kontsumitzen. Emaizek gaiaren bueltako kontzientziazio kanpainak egin ditu hainbat ikastetxetan, Zornotzako Andramari ikastolan adibidez, eta gurasoak ere interpelatu dituzte. “Jakitun izan behar dugu seme-alabei mugikorra erostean eduki horietara sarbidea ematen ari garela”. Pornografiaren kontzeptua oso zabala dela dio, baina nagusi den korronteak, mainstream edo hegemonikoa dei genezakeenak, eredu konkretuak erreproduzitzen dituela.

“Interneten garapenaren ondorioetako bat pornografiaren hedapen masiboa da, gizateriaren historian aurrekaririk ez duena”, irakurri dugu Gasteizko zentroaren webgunean. “Jendeak ez zuen inoiz hainbeste material pornografiko kontsumitu, eta batez ere hain gaztetandik. (...) Eredu porno-erotikoa kalitatezko sexu-hezkuntza jasotzen ez duten pertsona, haur, nerabe eta gazte guztien jarraibideen liburu bihurtu da. Pertsona guztiok dugun dimentsio erotikoa, desiratzea eta desiraren objektu sentitzea ahalbidetzen diguna, pornoak irakasten digunaren imitazioarekin ari da garatzen. Gure gustuak eta desioak barrurantz begiratuz deskubritu beharrean, pantailari egiten diogu so, zer desiratu behar dugun edo zer gustatu behar zaigun esan diezagun”.

Ortizek azaldu digu hamabost urte bete baino askoz ere lehenago hasten direla gazteak “erotikaren zientzia fikzioa” kontsumitzen.

Adibide baten bidez azaldu digu Ortizek: “PornHub webguneak urtero plazaratzen ditu estatistikak, besteak beste estatu bakoitzean gehien bilatutako hitzak zeintzuk diren jasotzen du, eta bitxia da, LHko 5. eta 6. mailetan gaiaz lanketa egiten dugunean, estatistika horietan gehien agertzen diren aktoreak aipatzen dituzte ikasleek, duela urte batzuk Mia Khalifa eta azkenaldian Lana Rhoades. Hamabi urteko umeek jada ezagutzen dituzte izen horiek. Edo galderak egiten dizkizute praktika analen inguruan, zeina den, hain justu, PornHub-en jendeak gehien bilatzen duena”.

Bideoetan, bestalde, ez da agertzen antisorgailurik, txorta-kideen artean komunikazioa apenas dago, desiren esplizitazioa ere ez –“tira, gizonena agian gehiago”–, emozioak ez dira islatzen... “Gazteekin komentatzen dugunean bikotekideari ‘zer moduz zaude?’ zenbatek galdetzen ote dion, erantzuna da: ‘Nola galdetuko diot hori, ze lotsa!’. Ez baitute bestelako eredurik. Helduok eman behar dizkiegu, sexu hezkuntza ardatz, munstro erraldoi baten aurka ari baikara borrokan”.

Bide horretan helburuak izan behar du gazteen ongizateak, teknologiarekin hartu-eman sanoa izateak. “Helduok begirada diferentea dugu, harremanak egiteko modu desberdinak bizi izan ditugu, eta geure esperientziatik ekarpen positiboa egin behar dugu”, diosku Ortizek. Beti ari bagara digitala denari garrantzia kentzen edo txarrena azpimarratzen, teknologia etsaia bailitzan, gazteengandik are gehiago urrunduko gara. “Ulertu behar dugu mugikorra gauza asko direla: kamera, iratzargailua, harremanetarako espazioa, albisteak irakurtzeko, errebindikaziorako, iraultzarako... Ulertze-ardatz batetik jardun behar da, bai plano analogikoan, bai digitalean”.

 

----------------------------------------------------------------------------

 

Instagram, Tik Tok... eta deirik apenas

 

Lagun batek, 12 eta 15 urte arteko hiru neska-mutikoren aitak, mugikorrean instalatu dituen bi aplikazio erakutsi dizkigu, Family Link eta Qustodio. Seme-alabek mugikorrarekin zenbat denbora eta zertan igarotzen duten kontrolatzeko jarri ditu. “Seme zaharrenak Family Link hackeatzen ikasi zuen, konturatu ginen eta sesioa izan genuen... Horregatik instalatu nuen Qustodio ere bai, Gmail kontu bati ez baizik eta nire zenbakiari lotuta dagoelako”. Instagramen ere egin du azpikeriarik semeak, ezkutuko profil bat sortuta. Ez da bakarra, aitari kontsolagarri bazaio... Gazteak urrats bat edo bi aurrerago doaz (ia) beti. Semeak Instagramen pasatzen du denbora gehien, jokoan, TikTok, Whatsapp, Snapchat eta azkenaldian BeReal-en ere bai. Mugikorra apenas erabiltzen du deiak egiteko.

Instagram, Tik Tok... horietan dabiltza jo eta su gure lankide baten seme-alabak ere bai. “12-13 urte zituztenean kontrolatzen genituen apur bat, baina 14-15 urterekin ihes egiten dizute, konturatzen zara zuk ezagutzen duzun kontuan geroz eta mugimendu gutxiago dagoela... Etsi genuen, orain mugatzen gara errezatzera ez dadila saltsatan sartu. Lehen, tarteka begiratzen genituen haien kontuak, eta ikusten genituenak... Euren intimitatean kuxkuxean ari ginela-eta haserretu egiten ziren, ordea, eta atzera egin genuen”. Gazteok ere oso dei gutxi egiten dute mugikorrez.

Uste genuena baino zabalduago dagoen fenomenoa da, eta bada ingurune digitalean jaio diren nerabeak definitzeko “Mute belaunaldia” terminoa baliatzen duenik ere. Geroz eta gazte gehiagok uzten du mugikorra isilean, eta normaltzat dute deiak ez erantzutea. Urduri ere jartzen dira, beharturik izanez gero telefonoz hitz egitera. Pizza bat eskatzeko, adibidez, aplikazioaren bidez egin badaiteke, askoz ere hobeto. Ez gara eztabaidan hasiko, zein den kausa eta zein efektua, baina inguruan dauzkagun McDonald’s batzuetan pantailak jarri dituzte, bezeroak eskaera bertatik egin dezan, inorekin hitz erdirik trukatu gabe. Makinak pertsonen lekuan. Luze joko luke sistema kapitalistaren tentakuluez idazteak.

Asperduraren kontrako antidotoa

“Geuk ere oso gutxitan deitzen dugu”, kontatu digute 12-15 urte arteko zortzi gaztek. Urretxu-Zumarraga ikastolako ikasleak dira; bi taldetan banatuta elkarrizketatu ditugu, gehien erabiltzen dituzten aplikazioen inguruan. 12-13 urteko neska mutikoek, oro har, gurasoekin besterik ez dute telefonoz hitz egiten, presazko zerbait denean, “WhatsApp mezua bidalita auskalo noiz erantzungo dute-eta”. Hamabost urtekoek geroz eta gutxiago erabiltzen dute WhatsAppa; funtsean, lagunekin geratu eta gurasoekin komunikatzeko. Eta audio-grabazioak, soilik konfiantzazko jendearekin. Noiz edo noiz pasa izan da norbait WatsApp taldetik botatzea, baina “ikastola garaian” –orain lizeoan daude–. “Kaos handiagoa zegoen orduan; egun kontzienteago gara”, diote.

Neurri batean, gazteek lotzen dute mugikorraren erabilera bestelako estimulu faltarekin. “Entretenitzeko beste zerbait baldin baduzu ez duzu behar, baina asperturik baldin bazaude...”

Askoz ere sarriago erabiltzen dituzte Instagram eta Tik Tok, lehena besteak beste argazkiak ikusi edota mezuak trukatzeko, eta bigarrena batez ere kuxkuxean ibiltzeko. Erabiltzailea engantzatxeko ahalmen izugarria omen du Tik Tok-ek, norberaren gustuetara egokitzen den bideo-eskaintza medio. Snaptchat, BeReal, Netflix, Spotify... bakoitza helburu desberdinarekin erabiltzen dute. Kontziente dira, helduenak bereziki, eurei buruzko informazio ugari ematen ari direla aplikazioen bitartez, eta saiatzen dira argitalpenak ahalik eta pribatuenak izaten, edota lokalizazioaren berri uneoro ez ematen.

Hein batean deigarria egin zaigu hamahiru urteko neskak esandakoa: “Mutilak gehiago entretenitzen dira mugikorrik gabe, kirola egiten-edo”. Urtebete gazteagoa den mutikoak hartu du hitza: “Tira, batzuk asteburuetan ere etxean geratzen dira. Galdetzen diozu ea zergatik ez den aterako eta etxeko-lanak egin behar dituela erantzuten dizu. ‘Zer esaten ari zara, etxeko-lanik ez daukagu-eta!’. Mugikorrarekin pasa nahi ditu zortzi ordu”.

Gazteok, neurri batean, lotzen dute mugikorraren erabilera bestelako estimulu ezarekin. “Udalekuetan hamabost egun eman genituen mugikorrik gabe, eta ez genuen haren falta sumatu”, kontatu digute hamabost urteko neskek. “Noski, gutako inork ere ez zeukan, eta gainera egun denak desberdinak ziren. Hemen guztiak igualak dira, aspertu egiten gara, eta ongi dator deskonektatzea. Parrandan ateratzen garenean, adibidez, ia kasurik ez diogu egiten mugikorrari; entretenitzeko beste zerbait baldin baduzu ez duzu behar, baina asperturik baldin bazaude...”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sare sozialak
Teknologia
Hartzea ematea delako

Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]


X-tik irten nahi? Nor dago Mastodonen eta Blueskyren atzean? Nola finantzatzen da bakoitza?

Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]


Mastodon.eus-en “Gure aukera, sare libreak” kanpainarekin bat egin du ARGIAk

ARGIAko lantaldeak bat egin du Mastodon.eus-ek bere seigarren urtemugan abiatutako Gure aukera, sare libreak  atxikimendu kanpainarekin.


2024-11-21 | Sustatu
Sei urte bete ditu gaur Mastodon.eus-ek

Mastodon.eus euskal fedibertsoko instantzia agian nagusiak sei urte bete ditu gaur. Urteurrena ospatzeko "Gure aukera, sare libreak" kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Efemeridea une interesgarri batean dator: Elon Musk-ek, X/Twitterren jabeak,... [+]


2024-11-15 | Sustatu
The Guardian eta La Vanguardia egunkariek X/Twitter utzi dute

The Guardian egunkari britainiarrak lehenbizi eta La Vanguardia katalanak (espainolez argitaratzen du edizio zabalduago bat, baina katalanezko bertsioa ere badu) erabakia jakinarazi zuten atzo X/Twitter sare soziala uzten dutela, desinformazioaren ukuilua bihurtu delakoan.


Australian 16 urtez azpikoei sare sozialak debekatu izanaz hainbat gogoeta

16 urtez azpikoek laster ezingo dute sare sozialik erabili Australian, eta antzeko neurriak ezarri nahi dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuek ere. Neurriaren eraginkortasunaz, sare sozialetako eduki eta dinamikez, pribatutasunaz eta plataforma handiek honetan guztian duten... [+]


Kontzientzia kritikoa existitzen al da egungo gizartean?

 Wikipedia.org-en arabera, Gish gallop (Gish-en lauhazka) edo falazien metrailadorea "eztabaida teknika bat da, aurkariari ahalik eta argudio gehienekin eraso egiten diona, argumentu horien zehaztasuna edo sendotasuna kontuan hartu gabe", eta albo-ondorio gisa... [+]


2024-10-30 | Axier Lopez
Marta G. Franco
“Sare sozial komertzialetan inertziaz jarraitzen dugu, baina ez gara emaitza onak lortzen ari”

Gorrotoa sustatzen duten algoritmoak, mendekotasuna sortzeko diseinatutako aplikazioak, pertsonak beharrean publizitate-hartzaileak ikusten dituzten plataformak, merkantzia gisa tratatzen gaituzten sare sozialak... Badirudi azken aldian Internetetik toxikotasuna baino ez dugula... [+]


Eskuin muturra eta sare sozialak
Elena Francis itzuli da?

[Azpi-testu hau LARRUN honetako gai nagusitik dator, Eskuin muturraren neurrira egindako sareak, gorrotoa elikatzeko bazka, eta badago beste azpi-testu bat ere: Kirolari lotuta ere bai...]


Eskuin muturra eta sare sozialak
Eskuin muturraren neurrira egindako sareak, gorrotoa elikatzeko bazka

Sare sozialek permititzen dituzte horrelako edukiak, eta haiek ere izan beharko lukete ardurarik auzi honetan. Baina ez dirudi inork neurririk hartzeko asmoa duenik. Zigortu izan dituzte sare sozialak, baina sekula ez ildo horretan, ez baita interesatzen. Izan ere, emozioak... [+]


Eskuin muturra eta sare sozialak
Kirolari lotuta ere bai...

[Azpi-testu hau LARRUN honetako gai nagusitik dator, Eskuin muturraren neurrira egindako sareak, gorrotoa elikatzeko bazka, eta badago beste azpi-testu bat ere: tradwives-i buruzkoa, Elena Francis itzuli da?...]


X-ren (lehen Twitter) akatsak errepikatu ala, behingoz, burujabetza teknologikorantz urratsak eman?

X bezalako espazioetan, gaur-gaurkoz, eztabaida publikoa eta borroka kulturala ematea ezinezkoa dela onartu beharko dugu noiz edo noiz. Zentzu horretan, akats bat da ezkerreko aldaketa bat gidatu nahi duten proiektu politikoek X bezalako plataformak uztea, soilik modu erabat... [+]


2024-10-22 | Sustatu
TikTok toxikoa da; apropos gainera, hala nahi dutelako

AEBetako 14 estatuko fiskaltzek TikTok auziperatu berri dute. Albiste horren haritik, NPR irrati publiko estatubatuarrak ikusi du ikerketak azaleratu dituen TikTok barruko dokumentazioa, eta handik ondorioztatzen diten kontu larri batzuk eman ditu argitara. Funtsean, TikTok... [+]


2024-10-17 | Leire Ibar
Antsietateagatik bajan dago Espainiako Estatuan Facebooken edukiak moderatzen dituzten langileen %20

Apirilean egin zituzten hogei langilek Facebooken azpikontrata den CCC Barcelona Digital Services enpresaren aurkako salaketak, oinarrizko eskubideak urratzen dituztela adierazi zuten langileek, gaur egun mila inguruk salatu dute. "Gestapo" gisa definitzen dute lan... [+]


2024-10-16 | Leire Ibar
TikTokek bazekien neska nerabeak gizonezkoen aurrean diru truke biluzten zirela

TikTok enpresaren barne-dokumentuen filtrazio batek adierazi duenez, enpresa jakitun zen 15 urteko hainbat neska zuzenekoetan biluzten zirela gizonezko helduek bidalitako txanpon birtualen truke. Sare sozialeko hainbat dokumentutarako sarbidea ahalbidetu zuen akats bati esker... [+]


Eguneraketa berriak daude