Eskola amaitzean gurasoak haurrari ogitartekoa ekartzeak, zenbat balio du? Ogia eta urdaiazpikoaren prezioak batuta, gerturatuko al ginateke balio justura? Produktuen prezioen baturak ekintza horren balorea islatzen duela esateak badu akatsik; izan ere, badago kalkulaezina den balorerik zaintza jarduera horretan.
Balore kontzeptuak askotariko ezaguerak izan ditzake, besteak beste: norbanakook baloreak ditugu, eta ez dute zerikusirik kontu korrontean dugunarekin; gauzek eta zerbitzuek balio edo balore bat dute, hainbatetan, prezioaren bitartez zehazten saiatzen garena; edota balore-merkatuaz ari garenean, aktibo finantzarioez ari gara, zenbaitetan baliorik ez duten elementu ukiezinez, alegia. Zerbaiten balorea adierazteko saiakeran, balioztapenaren eragiketa egin ohi da, eta alderantzizko norabidean, balioztapenak zerbaiti balioa esleitu nahi izan dio hainbatetan (baliorik duen ala ez inporta gabe). Aho-korapiloa dirudien honek, badu bere mamia.
Txikia nintzela, kuriositatez begiratzen nion etxetik gertu genuen harrobiari. Kamioikadak atera ohi ziren autobia bazterretik hondarrez eta harriz beterik. Urteen poderioz, mendixka higatuz zihoan, noski. Gerora ohartu nintzen, higadura hura ez zela berez osatzen, azaleko zauria osatzen den moduan. Hainbat ekonomialarik azaltzen duen moduan, stock naturala fluxu ekonomiko bilakatzen da halakoetan, eta Barne Produktu Gordinean (BPG) jarduera ekonomiko positibo moduan balioztatzen dira. Baina zein da jarduera horrek sortzen duen benetako balioa? Hamaika adibide aurki ditzakegu ekonomia estraktibistan edota energetikoan, kanpokotasun edo externalitate negatiboen gisan adierazi izan direnak; halabeharrez, jendarteak onartu beharreko kalteak. Nola balioztatu mineralen erauzketak utzitako kalte naturalak? Nola bistaratu energia nuklearrak sorturiko eta ehunka urtetan deusezta ezinak izango diren hondakinak? Energia mota horren prezioak islatzen al ditu?
Zenbat balio du osasun-langileek artatzeko denbora gehiago izateak? Nola neurtu ikasgeletan ikasle talde txikiagoak izango lukeen eragina? Balore horiek estatistiketatik at geratu ohi dira
Kanpokotasun negatibo horiek leuntzeko alor publikoaren rolaren inguruko askotariko teoriak aurki ditzakegu: esku-hartze gehiago eskatzen dutenetatik hasi eta presentzia minimoa izan beharko lukeela uste dutenetara. Mazzucato ekonomialariak gobernuen jarduna hainbatetan produktiboa ez denarekin lotu ohi dela aipatzen du El valor de las cosas liburuan. Hainbatetan, alor pribatuan sortutako desorekak leuntzeko ardura hartu izan du: zerga sistemaren bitartez, sektore jakin batzuen jarduna ziurtatuz, baita publikoak diren zerbitzu eta azpiegiturak bermatuz ere. Jardun horiek isla izan ohi dute herrialdeen ongizatearen neurgailua den BPGan, baina gehienetan, gastu izaerarekin. Esaterako, irakasle edota osasun-langile gehiago kontratatuko balira, adierazle hau gehitu egingo litzateke, soldata gehiago ordainduko liratekeelako. Baina, fluxu ekonomiko horrek sor ditzakeen baloreak soldatatik haratago doazela esatea ez da astakeria. Zenbat balio du jendarte osasuntsuago baten aldeko apustua egiteak? Zenbat balio du osasun-langileek artatzeko denbora gehiago izateak? Nola neurtu ikasgeletan ikasle talde txikiagoak izango lukeen eragina? Balore horiek estatistiketatik at geratu ohi dira. Eta ziurrenik, hauek guztiak balioztatzeak, litro erdiko botila batean litro bat ur sartzeko ariketa egitearen modukoa litzateke, hots, ezinezkoa.
Produktiboa ez den hori balioztatzeak zailtasunak dituenez, ekuaziotik kanpo utzi ohi du zientzia deituriko ekonomia inperfektuak. Baina kontuan hartzen ez dugun horrek preziorik ez izateak ez du esan nahi balorerik ez duenik. Ondo daki hori ekonomia feministak; ondo daki hori ogitartekoa besarkada batekin jaso duen haurrak.