argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Inoiz ez
Uxue Apaolaza Larrea 2022ko azaroaren 30a

Pandemian gure jabetzetan itxi gintuztenean entzun genuen askotan, parentesiena. Parentesi bat gure bizitzan, eta gero jarraituko omen genuen gure bizitzekin. Denbora ezin da gelditu ordea, ez du ortotipografiaz gehiegi ulertzen, eta parentesietan gertatzen denak bizitza osoa baldintza dezake. Eta parentesi moduan hartu izan dugu kartzela ere.

Azken urteetan izan ditugu kartzelako bizitza hurbildu diguten lanak, ea kristalaren beste aldean bizi izan garenok behingoz barrukoaz jabetzen ginen. Baina titular hutsean geratzen ari dira kartzelatik irten-sartu batzuk. Zarata gutxi atera dute, ezintasunaren isla, akaso. Iragan batzuk ez dira hain iragan, epe biografikotan ari baikara, eta gure biografietan, gauza asko banalizatu genituen. Jendea hiltzea banalizatu genuen (jende xumea), tortura eta kartzela. “Zenbat urte pasa ditu kartzelan?”, eta erantzuna hiru urte bazen, “bueno, ez da hainbeste” pentsatzera iritsi ginen. Nolabait lasaitu behar, agian. Pentsa. Nola ez da hainbeste izango? Hiru urte kartzelan betiko da, edo izan daiteke.

Eta nola ez ditut ulertuko hil zizkieten senideekin zer gertatu zen jakin nahi dutenak. Baina ez genituzke zauriak ixteko behar diren errelatoak lasaiago josiko kartzelaren mehatxurik gabe? Zertan laguntzen du bizitza puskak erauzten jarraitzeak? Bata ez banalizatzeko bestera jolastu behar dugula sinestaraztea hain da krudela. Ez dira gure ondoan irekitzen diren parentesitxoak, kartzelaratua eta hurbileko jendea txikitzen dituen makinaria psikopata bat da. Ez ditzagun banalizatu bizitzak txikitzen dituzten praktikak. Ez dezagun egin: inoiz ez.