argia.eus
INPRIMATU
Lanbrorik ez eztabaida honetan
Maialen Arteaga @MaialenArteaga 2022ko abenduaren 01a

Dikotomietan oinarritzen diren eztabaidek paisaia lanbrotzen dute. Epe luzeko begirada kamustu, eta arnas luzeko perspektibarekin aritzea oztopatzen dute. Zaila da parean duzun lanbroaz jabetu, eztabaidaren zutabe ezberdinak aintzat hartu eta ondorio edo kontsentsu batera heldu asmoz iritzi bat garatzea, are gehiago, egiaostean oinarritzen den komunikazio garai honetan. Sare sozialetan geroz eta arau eta baldintza gutxiago daude eztabaida giro sano batean emateko, eta hedabideek nekez laguntzen dute baldintzak eskaintzen. Zaila da, bai. Lana eskatzen du, ahalegin berezia, baina egin beharra dago. Are gehiago, herri batentzat estrategikoak eta garrantzizkoak diren eztabaidak baldin badira jokoan daudenak, hezkuntzarena kasu.

Penaz eta kezkaz bizi dut egoera. Hezkuntza komunitatean urte luzez lanean aritu diren eragile eta kideak elkarri mokoka, emozioek gidatutako argudioekin, eta parekoak lanbroz hezetutako betaurrekoekin irakurtzen. Eztabaida hezkuntza publikoa vs ikastola dikotomian zokoratuta dago, eta etsaia bitartean, su epeletan eskuak berotzen, gainean begiradarik eta interpelaziorik jasotzen ez duela. Ez naiz hezkuntza esparruan aktiboki militatzen ibili, azken urteetan hezkuntzan eman diren urrats guztiak ez ditut jarraitu, eta horrek, seguru asko eztabaidaren gako asko ez ulertzera narama, baina gauza garrantzitsu bat bai daukadala argi: etsaia zein den, eta ez diot marko dikotomiko horri bazkarik emango.

Herri bezala erronka izugarria da hezkuntza esparruan adostasun soziala lortu eta lege berri bat egitea. Batetik, hezkuntzak duen balio estrategikoa ukaezina delako, baina batez ere, hezkuntzaren eremutik harago herri eraikuntza aro berri baterako oinarriak jartzeko balio dezakeelako. Duela hiru hamarkada ezarritako legea da egun martxan dagoena, eta hutsune asko ditu: auzi demografikoa, segregazioa, pribatizatzeko joera, belaunaldi berriak euskalduntzeko zailtasuna, kultur transmisioan hutsunea, hezkuntza feministaren gabezia, laikotasunaren auzia... Legea agortuta dago, eta ezin da orain arte bezala jarraitu. Euskal Eskola publiko eta komunitarioaren norabidean jauzi bat suposatuko duen lege berri bat behar dugu.

Hezkuntza tradizio bakoitzaren onena jasoz Euskal Herriko hezkuntza-sisteman fase berri baterako indarrak bildu behar ditugu. Parean daukagun lanbroak ezin digu urruneko begirada oztopatu, herri estrategiaren perspektibaz jardutea ekidin. Ezin dugu aukera pasatzen utzi. Ezin da jauzirik eman arriskurik hartu gabe, konfort egoerak albo batera utzi eta geure onena eman gabe.