Haurrek irakatsi ahal baligute...

Paula Estévez

1. Gure bizitzak plazerak gobernatuago izan beharko lukeela esango ligukete. Eta baietz, ongi dagoela errealitateaz jabetzea, eta egin beharrekoa zer den ohartzea, baina zaporea bizitzari dibertimenduak, irriak, denborapasak eta gozamenak ematen diola; eta kendu, betebeharrak. Eta ahanzturik gaudela dirudiela, hain gris eta zurrun bilakatuta.

2. Jolas dezagula gehiago. Bizitzeko manera bat dela, politika bat ia-ia, jolasez bizitzea, ikastea eta haztearena. Hautu bat dela, denak dauka-eta bere alde ludikoa, sormenaren bitartez eraldatu daitekeena, eta errealitatearen alde hori bilatuz edo eraikiz baino ez dugula lortuko geure neurrirako bizitza.

3. Egoteko gehiago gorputzean, eta izateko maizago gorputz huts. Komeniko litzaigukeela burutxo horretatik maizago irtetea, eta sentitzera jarrita egotea, arrazoiaren eta hitzaren erabateko agintepetik urrun. Badagoela beste manera batez eta beste lengoaia batzuetan komunikatzea ere, ez hain zehatz beharbada, baina emozioaren intentsitatearekin.

4. Orainean bizi gaitezela. Ez daukagulako oraingo unea besterik, eta une horretan, uneak eskaintzen digunarekin, egin dezakeguna. Eta baietz,  badakitela, etorriko denaz ere arduratu behar dela, eta gerta daitekeenaz, baina hainbeste? bizitza orain gertatzen dela, eta hemen, eta gogoratzeko, unean unekoa, eta gero gerokoak.

5. Oso kanporantz bizi garela, eta etena dugula geure baitarako kontaktua, zer nahi, desio eta behar dugun askotan ez jakitera iristeraino. Garrantzitsua dela besteak aintzat hartzea, elkarri egokitzea, eta bestearen gustua egiten jakitea, baina norbera izatea, nork bere burua erakustea, eta hori lehenestea ez dela berekoikeria, autoestimua baizik, eta  hortik behar duela bakoitzak munduan egoteko kokaleku propioa eraiki, beretik.

6. Bizitzaren erritmo naturala zein den ohartu behar garela. Gauza garrantzitsuek erritmo geldoa dutela, denbora behar izaten dutelako gertatzeko, eta loratzeko. Gu ez garela ohartzen, bizitzatik asko urrundu garelako, bere moduetatik, eta bere zentzutik, baina hala dela, eta erritmo lasaiean baino ezin dela ongi bizi, ongi ikasi, ongi hazi, ongi egon.

7. Harritu bizitzaz. Berreskuratu gertakari berriekiko poza, enigmekiko jakinmina, bizitzarenganako entusiasmoa, gauzak lehen aldiz ikusten dituenaren ilusioa, eta harridura. Dena dakigula uste dugula, eta oso aspergarria dela modu horretan bizitza, ustekaberik batere gabe, dena aurreikusita, dena iragarrita, dena jakinda. Nola bizi daiteke bat, dena ikusita dagoela uste izanik?

8. Izan zaitezte autentikoagoak, eta erakuts ezazue lotsarik gabe zuek bakarrik zareten hori, berezi egiten zaituztena, barruan daramazuena, emateko duzuena. Eta izan gardenak, eta hainbeste galbahetatik pasa beharrik gabe adierazi nahi duzuen hori, argi eta garbi, zeharbiderik gabe.

9. Maitatu beldurrik gabe, erreparorik gabe, izate osoarekin, gogo eta bihotz. Eta ahal duzuen denbora gehiena pasatu maite dituzuenez inguratuta, bizitza partekatuz, gauzarik ederrena da-eta laguntasuna.

10. Hartu atseden! Oso nekatuta egoten zarete, eta indarberritu beharra dago, bizitzari berriz sutsuki ekiteko.

11. Baina tira, ez duzue egingo, badakigu. Handiuste zarete, eta ez diguzue jaramonik egiten, ezta kontuan hartzen, ohituta gaude. Egin nahi duzuena, baina otoi, utz gaitzazue gu pixka bat bakean, utziguzue gure printzipio hauen arabera bizitzen eta ikasten, eta ez zaiteztela hainbete tematu gu zuen bizitza horretarako prestatzen, hori da-eta nahi ez duguna, zuen modukoak bilakatu, edota zuen bizimodu ero horri lotu. Ez zarete eredugarriak.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Lanaldia astean 37,5 ordu baino are gehiago laburtzearen erronka

Lan aste laburragoak ezartzeko politika orokorra ekarriko du 2025 urteak, enpresentzako kontratazio berrietarako kostu txikiak eta lan harremanetarako aldaketa norabide eraginkorra ekarriz.

Espainiako gobernu akordioa betetzeko helburuarekin, lanaldia astean 37,5 ordutara... [+]


Hezkuntza sailari

Greba ataritan jaso nuen zuen e-maila, posta pertsonalean. Hasieran, beste askok bezala, grebaren aurrean ze aukera ditugun jakinarazteko zela pentsatu nuen. Baina ez, grebaren aurkako mugimendu politiko eta komunikatiboa zen jasotako e-maila.

Aitortuko dizuet ahozabalik utzi... [+]


2025-01-29 | Aramaixo Bizirik
“Itsaraz” zentral eolikoaren kontrako ingurumen txostenaren balorazioa

Urtarrilaren 16an, Madrilgo administrazioko Trantsizio Energetikorako Ministerioak irrikaz eta kezkaz itxaroten genuen “Itsaraz” proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktu adierazpena argitaratu zuen. Ebazpenak makroproiektu honen aurkako erabaki irmoa bezain argia... [+]


Teknologia
Estetikoa

Asteburu honetan 'estetikoa' hitzaren inguruan pentsatzen aritu naiz, lagun batek esandako esaldi baten harira: “Lan hau estetikoa da”. Estetikoa hitzaren etimologia aztertu dut, badirudi jatorrian zentzumenen bidez hautematea zela bere esanahia, eta gerora... [+]


Nortasuna

Aurreko egunean, Bilbon, lagun batekin elkartu nintzen Bira tabernan. Tar-tarrean ari ginen oso gustura eta esan nion: “Noski, Giputxia zarenez, kar-kar-kar”. Eta berak nabarmendu zuen ez zela gipuzkoarra. Nik ongi ulertu gabe, jarraitu nuen esaten, “A! ez?... [+]


Gurasotasun baimena

Zalantza asko izan ditut, meloia ireki ala ez. Ausartuko naiz, zer demontre! Aspaldian buruan dudan gogoeta jarri nahi dut mahai gainean: ez da justua erditu den emakumearen eta beste gurasoaren baimen-iraupena bera izatea. Hobeto esanda, baimen-denbora bera izanda ere, ez... [+]


2025-01-29 | Andrea Bartolo
Gerra inperialistari gerra

Mundu mailako erasoaldi inperialista betean gaude, mendebaldeko burgesiak gidatuta. Ofentsiba inperialistak hartu duen forma gerrarena da, aldaera guztiekin: gerra ekonomikoa, gerra kognitibo eta kulturala, lawfarea; eta, noski, gerra militarra. Mendebaldeko inperialismoak... [+]


2025-01-29 | Cira Crespo
Ez esan kolonizazioa

Beste detektibe triste baten telesail bat ikusi berri dut. Eskoziako irla urrun batean gertatzen dira trama guztiak. Badakizue nola funtzionatzen duten fikzio horiek: hildako asko, jende arrunta baina ez hainbeste, eta paisaia berde iluna. Oraingo honetan duela urte pila bat... [+]


Industria politikak: noren erreminta?

Azken urteotan, industria politikaren kontzeptua hainbat mailatan indarrez berragertu da. Neoliberalismoaren mailua izandako erakundeak, Nazioarteko Diru Funtsak, gaur egun zera azpimarratzen du: merkatuek baliabideak modu eraginkorrean esleitzeko eta arazo horiek konpontzeko... [+]


2025-01-27 | Aritz Arrieta
Euskaldun harrera herria?

Egiari zor, ez dakit zergatik ari naizen hau idazten. Gaur egungo giro liskartsuan ez dira modu honetako iritziak ondo hartzen. Beharbada, ARGIAk ez du hau argitaratuko, ez baitator bat orain arte argitaratu dituzten iritziekin (baina, azkenean argitaratzea erabaki badute,... [+]


Ez ditzala diruaren hotsak bonben burrunbak isildu

Urtarrilaren 15ean Zedarriak izeneko lobby tekno-enpresarialak bere 6. txostena aurkeztu zuen, Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua izenekoa. Finantzen mundutik ateratako aditu gorbatadunez osatutako Think Tank neoliberal horrek... [+]


Euskararen herria harrera herria

Tipi-tapa mugitzen ditugu euskaltzaleok gure oinak Korrikaren lekukoaren atzetik, gure hizkuntzaren alde, desio dugun Euskal Herri euskalduna helburu, herri euskaldun gisa biziraun nahi dugula aldarrikatzeko.

Tipi-tapa ematen ditu lehen urratsak Afrikako, Hego Amerikako edo... [+]


Glutamatozko grebak

Eta beste urte batez, sindikatuek prefabrikatutako grebak antolatu dizkigute. Eta guk, indibidualki, erabakia hartuko dugu grebarekin bat egin ala ez, ikastetxean inongo asanbladaren beharrik gabe.

Niri irakatsi zidaten greba eredua jada ez dago modan, antza. Nire... [+]


Teknologia
Bizitza sistemak

Bizitzak dena inguratzen du, mugatua eta hauskorra da. Bizitza onak bizitzeko, gorputzak zer egin badakiela iruditzen zait, buruak ordea, nahiz eta jakin (ondo informatuta dagoenean), askotan gorputza nahita isiltzen duela ikusten dut. Isiltze horretan burua beste buru... [+]


Eguneraketa berriak daude