argia.eus
INPRIMATU
Futbolaz
Leire Narbaiza Arizmendi @txargain 2022ko abenduaren 01a

Oso futbolzalea izan nintzen gaztetan, eta orain jasanezina zait. Ez naiz gai izan zehatz identifikatzeko zergatik gertatu zitzaidan, kontu konkreturik ez zen egon eta. Bakarrik dakit gogaituta amaitu nuela. Jarrera eta portaera desegoki eta nazkagarri askoren metaketak, eta negozioa lehenesteak sortuko zuten nire egonezina, seguruenera.

Kirol polita da futbola, taldekoa eta kolaboratiboa, baina botereak eta nagusikeriak gizonezkoen futbola bihurtu dute, nire ustez, gizartearen malura guztien ispilu. Esaterako, Qatar aukeratu izanak mundiala jokazeko argi erakutsi digu diruak eta interes ekomomikoak agintzen dutela.

Egunotakoak beste kontu batzuk ere ekarri dizkit akordura: zelaietako kantu arrazista eta homofoboak, agresibitatea; jokalari aberatsek ogasunari egindako iruzurrak; dirutza obszenoak mugitzea; agintariek egoera okerrak estaltzeko erabiltzea, eta federazioek ezikusiarena egitea; espektatiba faltsuak eragitea ume eta gurasoen artean; konpetibitate basatia sustatzea haurtzaroan…

Orain badakit zerk eragin zidan arbuioa. Eta oraingo mundialak berretsi dit sentimendua.